Uholdea
Gizakien gaiztakeria
Gizakiak munduan ugaltzen hasi ziren eta alabak izan zituzten.
Jainkoaren semeek, gizakien alabak ederrak zirela ikusirik, haien
artetik hautatu eta emaztetzat hartu zituzten.
Orduan, Jaunak esan zuen: Ez diot neure bizi-arnasa betiko
utziko gizakiari, haragi hutsekoa denez gero. Horregatik, ehun eta
hogei urteko muga jarriko diot haren bizitzari
Jainkoaren semeek gizakien alabekin batu eta haurrak izan
zituztenean, baita geroago ere, baziren erraldoiak munduan:
antzinako heroiak dira hauek, izen handikoak.
Ikusi zuen Jaunak handituz zihoala munduan gizakiaren
gaiztakeria eta honen burubide guztiek txarrera jotzen zutela
beti. Damutu zen Jauna gizakia egin izanaz eta,
bihozmindurik, esan zuen: Desagerrarazi egingo dut mundutik egin
dudan gizakia, eta gizakia ez ezik, baita abereak, narrastiak eta
zeruko hegaztiak ere, damu bainaiz hauek egin izanaz
Baina Noe begiko izan zuen Jaunak.
Noek ontzia egin
Hona hemen Noeren historia.
Gizon zuzena zen Noe eta akatsik gabea bere garaikoen artean.
Jainkoak nahi bezala jokatzen zuen. Hiru seme izan zituen: Sem,
Kam eta Jafet.
Mundua gaiztakeriaz eta indarkeriaz betea zegoen, den-
denek jokaera makurra baitzeramaten. Jainkoak, mundua hain
gaiztotua ikustean, esan zion Noeri: Izaki oro suntsitzea erabaki
dut, gizakien erruz indarkeriaz betea baitago mundua; gizakia eta
mundua, biak suntsituko ditut. Egizu zeuretzat ontzi bat erretxina-egurrez. Antolatu gelak
barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik. Hona zein
neurritakoa egingo duzun: ehun eta berrogeita hamar metro luze,
hogeita bost metro eta erdi zabal, eta hamabost metro eta erdi gora.
Sabaiez estaliko duzu, gailurretik hegalera metro eta erdiko
jaitsiera emanez. Alboan atea jarriko diozu. Hiru solairu izango ditu.
Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun guztiak
suntsitzeko. Munduko izaki guztiak hilko dira. Baina zurekin ituna
eginen dut.
Sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere
emazteekin. Animali mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko
duzu, zurekin batera bizirik iraun dezaten. Hegazti-, abere- eta
narrasti-mota bakoitzetik bina sartuko dira zurekin, bizirik iraun
dezaten. Elikagai guztietatik bildu, zer jan izan dezazuen
Jainkoak agindu guztia egin zuen Noek zehatz-mehatz.
Noe ontzian sartu
Jaunak esan zion Noeri: Sar zaitez ontzian zeure etxeko
guztiekin, zu beste gizon zuzenik ez baitut ikusi zure garaikideen
artean. Har itzazu zeurekin zazpina bikote, ar-emeak, legez kutsatu
gabeko diren abereen artetik, eta bikote bana, ar-emeak, kutsatuak
direnen artetik. Zeruko hegaztietatik ere zazpina bikote, ar-emeak,
hauen arrazak munduan iraun dezan. Zazpi egunen buruan euria
bidaliko dut lurrera berrogei egun eta berrogei gauez, egin dudan
izaki oro suntsitzeko
Noek Jaunak agindu guztia egin zuen. Seiehun urte zituen
uholdea gertatu zenean.
Uholdea hasi baino lehen, ontzian sartu zen bere emazte, seme
eta errainekin batera. Abere kutsatu gabe eta kutsatu, hegazti eta
lurrean narraska dabiltzan guztietatik, bikote bana sartu zen
ontzian Noerekin batera, Jainkoak agindu bezala.
Zazpi egunen buruan uholdea hasi zen.
Uholdea
Noeren bizitzako seiehungarren urtean, bigarren hilaren
hamazazpian, lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta
zeruko atexkak ireki. Euri-jasa izan zen berrogei egun eta berrogei
gauez.
Egun hartan bertan sartu zen Noe ontzian bere seme Sem, Kam
eta Jafetekin, bere emazte eta errainekin. Sartu ziren, baita ere,
mota guztietako abere eta piztiak, lurreko narrasti eta hegaztiak.
Bizidun guztiak binaka sartu ziren ontzian Noerekin batera,
mota bakoitzetik arra eta emea, Jainkoak Noeri agindu bezala.
Gero, Jaunak ontziko atea itxi zuen.
Berrogei egunez iraun zuen uholdeak. Gora egin zuten urek eta
ontzia lurretik jaso zuten. Urak gero eta handiago eta indartsuago
ziren, eta ontzia ur gainean zebilen.
Hain uholde handia izan zen, ezen zerupeko mendi-gailurrik
garaienak ere estali baitzituen. Eta oraindik ere zazpi metro
gorago igo ziren urak.
Bizidun guztiak hil ziren: narrastiak, hegaztiak, abereak eta
piztiak, eta lurrazalean mugitzen den oro, eta gizaki guztiak.
Lehorrean bizi-arnasa zuen oro hil zen. Munduko izaki guztiak,
bada, suntsitu ziren: gizakietatik hasi eta abere, narrasti eta zeruko
hegazti guztietaraino. Ez zen gelditu Noe eta beronekin ontzian
zirenak besterik.
Ehun eta berrogeita hamar egunez iraun zuen uholdeak.
Uholdearen amaiera
Gogoratu zen Jainkoa Noe eta beronekin ontzian ziren piztia eta
abere guztiez: haizea bidali zuen, eta urak jaisten hasi ziren. Lur
azpiko itsasoaren iturriak eta zeruko atexkak itxi ziren eta euria
atertu. Poliki-poliki atzera egin zuten urek lurrazaletik. Ehun eta
berrogeita hamar egunen buruan jaitsiak ziren urak, eta,
zazpigarren hilaren hamazazpian, ontzia Ararat mendi gainean kokatu
zen. Urak gutxituz joan ziren hamargarren hila arte; hilaren lehen
egunean mendi-gailurrak agertu ziren.
Berrogei egunen buruan, Noek, berak egindako ontziko leihoa
irekiz, belea bidali zuen. Hau atera eta joan eta etorri ibili zen,
lurreko urak lehortu arte.
Ondoren, usoa bidali zuen, urak lurrean gutxitu ote ziren
jakiteko. Baina usoa, bere hankak non pausaturik ez eta, ontzira
itzuli zen, oraindik ura baitzegoen lurrazalean. Noek, eskua luzatuz,
usoa hartu eta ontzi barrura sartu zuen.
Beste zazpi egun itxaron eta berriro bidali zuen usoa ontzitik.
Arratsean etorri zitzaion, olibondo-adartxo moztu berria mokoan
zekarrela. Hortik jakin zuen Noek urak gutxitu zirela lur gainean.
Beste zazpi egun itxaron eta usoa bidali zuen; oraingoan ez zen
itzuli.
Beraz, Noeren bizitzaldiko seiehun eta batgarren urtean, lehen
hilaren lehen egunean, lehortu ziren urak. Noek ontziko estalkia
zabaldu eta lurrazala lehor ikusi zuen. Bigarren hilaren zazpian
zen hori.
Orduan, Jainkoa mintzatu zitzaion Noeri: Irten zaitez
ontzitik emazte, seme eta errainekin. Atera zeurekin dituzun
bizidun guztiak ere: hegazti, abere eta narrasti guztiak. Zabal bitez
munduan, sortu umeak eta ugaldu
Atera zen Noe bere emazte, seme eta errainekin. Atera ziren
ontzitik bizidun guztiak ere: abere, hegazti eta narrastiak.
Noek erre-opariak eskaini Jainkoari
Noek aldarea eraiki zion Jaunari, eta, kutsatu gabeko abere eta
hegazti batzuk harturik, erre-oparitzat eskaini zituen aldarean.
Jaunak, oparien lurrina atseginez usnatuz, bere baitarako esan
zuen: Ez dut berriro mundua madarikatuko gizakia dela eta; egia da
okerrera jarria dagoela gizakia gaztetandik, baina ez ditut bizidunak
berriro suntsituko, orain egin dudan bezala.
Lurrak diraueino,
ereiteak eta uzta-biltzeak,
hotzak eta beroak,
udak eta neguak,
egunak eta gauak
ez dute behin ere huts egingo
Jainkoak ituna egin Noerekin
Jainkoak Noe eta beronen semeak bedeinkatu zituen, esanez:
Sortu umeak, ugaldu eta bete lurra. Zuen beldur-ikara izango dute
abereek eta zeruko hegaztiek; lurreko narrastiak eta itsasoko arrainak
zuen esku uzten ditut. Bizi eta mugitzen den guztitik jan
dezakezue; lehenago landareak bezala, den-dena ematen dizuet.
Baina ez duzue haragia odolarekin jango, odolean baitago bizia.
Horregatik, zuen odolaren, hau da, zuen biziaren, kontu eskatuko
diet abereei, eta bere lagun hurkoaren biziaren kontu gizakiari.
Giza odola isuriko duenari
giza eskuak isuriko dio berea,
Jainkoak bere irudiko
egin baitu gizakia.
Zuek sortu umeak, ugaldu,
zabaldu munduan
eta bete ezazue jendez
Jainkoak Noeri eta beronen semeei esan zien, gainera: Ituna
egiten dut zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zuekin dituzuen
bizidun guztiekin ere: hegazti, abere eta piztiekin, ontzitik atera diren
guztiekin. Hona ematen dizuedan itun-hitza: ez duela uholdeak
berriro bizidunik hondatuko, ez dela aurrerantzean mundua
suntsituko duen uholderik izango
Ostadarra
Hau ere esan zien Jainkoak: Hau da zuei eta zuen artean bizi
diren bizidun guztiei belaunez belaun eta betiko ematen dizuedan
itun-hitzaren ezaugarria: neure ostadarra ezartzen dut hodeien
artean, eta nire eta munduaren arteko itunaren seinale izango da.
Nik zerua lainotzean, ostadarra azalduko da hodeietan;
orduan, zuei eta bizidun guztiei emandako itun-hitz honetaz
oroituko naiz: ez direla aurrerantzean urak uholde bihurtuko, bizidun
oro suntsitzeko. Ostadarra hodeietan ikustean, bizidun guztiei
betiko ematen diedan itun-hitz honetaz oroituko naiz
Jainkoak esan zion Noeri: Hau da, bada, lurreko bizidun
guztiekin egiten dudan itunaren ezaugarria
Noerengandik Abrahamenganaino
Noe eta beronen semeak
Noerekin beronen semeok atera ziren ontzitik: Sem, Kam,
Kanaanen aita, eta Jafet. Noeren hiru seme hauetatik sorturiko
ondorengoak munduan barrena hedatu ziren.
Noe nekazaria zen eta mahastia landatu zuen. Ardoa edan
zuen batean, mozkortu egin zen eta bere oihal-etxolaren erdian
biluzik zegoen etzana. Kanaanen aita Kamek, bere aita biluzik
ikusirik, kanpoan ziren beste bi anaiei jakinarazi zien. Sem eta
Jafetek, soingaineko bat hartu, sorbaldan bien artean ipini eta,
atzeraka joanez, aita biluzia estali egin zuten. Beste aldera
begiratzen zutenez, ez zuten aita biluzik ikusi. Ardoaren lozorrotik
esnatu zenean, jakin zuen Noek bere seme gazteenak egin ziona.
Orduan, esan zuen:
Madarikatua Kanaan: izan bedi
bere senideen esklaboen esklabo
Esan zuen, gainera:
Bedeinkatua Jauna,
Semen Jainkoa!
Izan bedi Kanaan Semen esklabo!
Jainkoak zabal egin beza Jafet!
Bizi bedi Semen oihal-etxoletan!
Izan bedi Kanaan Jafeten esklabo
Uholdearen ondoren, ehun eta berrogeita hamar urtez bizi izan
zen Noe. Guztira bederatziehun eta berrogeita hamar urtez bizi
ondoren, hil egin zen.
Munduko herriak
Kro
Hauek dira Sem, Kam eta Jafeten, Noeren semeen, ondorengoak,
uholde ostean izan zituztenak.
Jafeten semeak Gomer, Magog, Madai, Jaban, Tubal, Mexek eta
Tiras izan ziren.
Gomerren semeak, Axkenaz, Rifat eta Togarma.
Jabanen semeak, Elixa, Tarsis, kitiarrak eta rodatarrak. Hauek
uharte eta itsas hegira hedatu ziren.
Horiek izan ziren Jafeten ondorengoak; leinu eta herri bakoitzak
bere lurraldea eta hizkuntza ditu.
Kamen semeak Kux, Mitzraim, Put eta Kanaan izan ziren.
Kuxen semeak, Seba, Habila, Sabta, Raema eta Sabteka.
Raemaren semeak, Saba eta Dedan.
Kuxek Nimrod izan zuen. Hau izan zen lehenengo gizon
boteretsua munduan; ehiztari aparta izan zen, eta hortik dator
esaera: Nimrod adinako ehiztari aparta. Beronen erresumako
hiriburuak Babel, Erek eta Akad izan ziren, guztiak Xinear lurraldean.
Hemen du Axurrek bere jatorria. Axurrek hiri hauek eraiki zituen:
Ninive, Rehobot-Ir, Kala hiri handia eta Resen, Ninive eta Kala
artean.
Mitzraimen semeak, ludtarrak, anamdarrak, lehabtarrak,
naftuharrak, patrostarrak, kasluharrak eta kaftortarrak; azken
hauengandik datoz filistearrak.
Kanaanek Sidon, lehen-semea, eta Het izan zituen.
Kanaanengandik datoz besteok ere: jebustarrak, amortarrak,
girgaxtarrak, hibiarrak, arkitarrak, sindarrak, arbadtarrak,
tzemartarrak eta hamatarrak; gerora, barreiatu egin ziren kanaandar jatorrikoak. Kanaandarren lurraldea Sidondik Gazaraino hedatzen
zen Gerar aldetik; eta Sodoma, Gomorra, Adma eta Tzeboim aldetik
Laxaraino.
Horiek izan ziren Kamen ondorengoak; leinu eta herri bakoitzak
bere lurraldea eta hizkuntza ditu.
Semek ere, hebrear guztien aita eta Jafeten anaia nagusienak,
izan zituen semeak: Elam, Axur, Arpakxad, Lud eta Aram.
Aramen semeak Utz, Hul, Geter eta Max izan ziren.
Arpakxadek Xelah sortu zuen, eta Xelahek Eber. Eberrek bi
seme izan zituen: batak Peleg, hau da, Zatiketa zuen izena, bere
garaian zatitu baitzen mundua; anaiak, berriz, Joktan.
Joktanen semeak Almodad, Xelef, Hatzarmabet, Jerah,
Hadoram, Uzal, Dikla, Obal, Abimael, Xeba, Ofir, Habila eta
Jobab izan ziren. Mexatik Zefar aldera dagoen lurraldean kokatu
ziren, ekialdeko mendietan.
Horiek izan ziren Semen ondorengoak; leinu eta herri bakoitzak
bere lurraldea eta hizkuntza ditu.
Horiek izan ziren Noeren semeen leinuak, nor bere ondorengo
eta herrien arabera. Horiengandik sortu ziren herriak uholdearen
ondoren eta hedatu munduan zehar.