Isaaken jaiotza
Agindu bezala, Jauna aldeko agertu zitzaion Sarari eta esana
bete zion. Abraham zaharra izan arren, Sara haurdun gertatu zen,
eta semea eman zion, Jainkoak iragarritako garaian. Abrahamek,
Isaak ezarri zion izena Sararengandik izandako semeari. Zortzi
egun iragan ondoren, erdaindu egin zuen, Jainkoak agindu bezala.
Abrahamek ehun urte zituen Isaak jaio zitzaionean. Sarak esan
zuen: Irri egiteko bide eman dit Jainkoak, eta honen berri jakingo
duten guztiek irri egingo dute nirekin batera. Eta esan zuen
gainera: Nork esango ziokeen Abrahami, Sarak haurrak izango
zituela? Hala ere, bere zahartzaroan, semea eman diot
Agar eta Ismael
Isaak handitzen ari zen. Bularra kendu zioten egunean,
Abrahamek otordu bikaina antolatu zuen.
Ohartu zen Sara, Agar egiptoarragandik Abrahamek izandako
semea bere seme Isaakekin ari zela jostatzen. Eta honela esan
zion Abrahami: Bidal itzazu etxetik mirabea eta beronen semea.
Honek ez baitu oinordeko izan behar nire seme Isaakekin batera!
Biziki atsekabetu zen Abraham, Ismael ere bere seme baitzuen.
Baina Jainkoak esan zion: Ez zaitez atsekabe zeure mirabe eta
mutikoagatik. Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari, Isaaken
bidez izango baitituzu ondorengoak. Baina zeure mirabearen
seme horren bidez ere herri handi bat sorraraziko dut, hori ere zeure
seme duzulako
Abrahamek, goizean goiz jaiki, ogia eta zahato bat ur hartu eta
Agarri ezarri zizkion bizkarrean. Hala, haurrarekin batera igorri egin
zuen etxetik. Abiatu zen, bada, Agar, eta Beer-Xeba eremuan
noragabe ibili zen. Zahatoko ura ahitu zitzaionean, zuhaitz baten
azpian utzi zuen haurra eta, urrutiraturik, aurrez aurre eseri
zitzaion ehunen bat metrora. Honela zioen berekiko: Ez dinat neure
semea hiltzen ikusi nahi. Ama eseria zegoelarik, negarrez hasi zen
haurra ozenki.
Aditu zuen Jainkoak mutikoaren ahotsa, eta Jainkoaren
aingeruak dei egin zion zerutik Agarri, esanez: Zer duzu, Agar? Ez
izan beldur, aditu baitu Jainkoak hor duzun mutikoaren ahotsa.
Ea, hartzazu berriro mutikoa eta ez utzi eskutik, herri handi baten
aita bihurtuko baitut
Orduan, Jainkoak ur-putzu bat ikusarazi zion Agarri. Honek
zahatoa urez bete eta edaten eman zion mutikoari.
Jainkoa lagun izan zuen mutikoak; hau handituz joan zen
eta Parango eremuan bizi izan zen. Arkulari trebe bihurtu zen. Amak
emakume egiptoar bat eman zion emaztetzat.
Abrahamen eta Abimeleken arteko hitzarmena
Aldi hartan, Abimelek erregeak, Pikol gudalburua berekin zuela,
Abrahamengana joan eta esan zion:
Jainkoa duzu lagun egiten duzun orotan. Jainkoarengatik,
beraz, egizu zin, ez duzula maltzurki jokatuko nirekin, ez neure
seme-alabekin, ez hauen ondorengoekin. Ni leial izan nauzunez,
emadazu hitza zeu ere hala izango zarela nirekin eta orain atzerritar
gisa bizi zareneko herri honekin.
Abrahamek erantzun:
Zin dagit!
Baina Abrahamek errieta egin zion Abimeleki, honen morroiek
bortxaz hartu zuten ur-putzua zela eta. Abimelekek erantzun
zuen:
Ez dakit nork egin duen horrelakorik. Zuk ez didazu ezer aipatu,
eta nik ez dut gaurdaino deus ere entzun.
Orduan, Abrahamek ardiak eta behiak eman zizkion Abimeleki.
Honela burutu zuten bien arteko hitzarmena. Bestalde, Abrahamek
artaldeko zazpi arkume bereiz jarri zituen. Abimelekek galdetu
zion:
Zer esan nahi du zazpi arkume horiek bereiz jartzeak?
Abrahamek erantzun:
Nire eskutik hartu behar dituzu zazpi arkume hauek. Ezaugarri
hau dela bide, denek jakingo dute ur-putzu hau nik zulatu dudala.
Horregatik, toki hari Beer-Xeba deritzo hau da, Zin-Putzu bertan biek zin egin zutelako.
Beer-Xeban hitzarmena burutu ondoren, Abimelek eta Pikol
gudalburua filistearren lurraldera itzuli ziren. Abrahamek, bere
aldetik, tamarindo bat aldatu zuen Beer-Xeban, eta Jauna, betiereko
Jainkoa, gurtu zuen.
Luzaro bizi izan zen Abraham, atzerritar gisa, filistearren
lurraldean.
Isaak opari eskainia
Handik aldi batera, Jainkoak probatu egin nahi izan zuen
Abraham eta dei egin zion:
Abraham!
Honek erantzun:
Hemen nauzu!
Eta Jainkoak:
Hartzazu Isaak zeure semea, hain maite duzun seme bakarra, eta
zoaz Moria lurraldera. Igo zaitez nik erakutsiko dizudan mendira eta
eskain iezadazu semea han erre-oparitzat.
Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Abraham, txalmatu zuen
astoa eta, oparitarako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura
joan zen, bere seme Isaak eta bi morroirekin. Hirugarren egunean,
urrutira, aipatutako lekua ikusi ahal izan zuen Abrahamek. Orduan,
esan zien morroiei: Gelditu hemen astoarekin. Mutikoa eta biok hara
goaz, Jainkoa gurtzeko. Gero, itzuliko gara
Hartu zuen Abrahamek oparitarako egurra, eta bizkarrean jarri
zion bere seme Isaaki; berak aiztoa eta sua zeramatzan. Biak batera
zihoazela, Isaakek bere aita Abrahami esan zion:
Aita!
Zer duzu, seme? erantzun zion Abrahamek.
Eta Isaakek:
Sua eta egurra badaramatzagu; baina non dugu oparitarako
arkumea?
Abrahamek erantzun:
Utzi hori Jainkoaren esku, seme!
Eta elkarrekin zihoazen bidean.
Jainkoak aipatutako lekura iritsi zirenean, aldarea eraiki zuen
Abrahamek eta egurra prestatu. Ondoren, lotu zuen Isaak eta
aldareko egur gainean ezarri. Eskua luzatuz, hartu zuen aiztoa
bere semea hiltzeko. Baina Jaunaren aingeruak dei egin zion
zerutik:
Abraham! Abraham!
Hemen nauzu! erantzun zuen Abrahamek.
Aingeruak, orduan:
Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari! Orain badakit Jainkoari
begirune diozula, ez baitiozu zeure seme bakarra ere ukatu.
Jaso zituen begiak Abrahamek, ingurura begiratu eta ahari bat
ikusi zuen sasi artean adarretatik kateatua. Hartu eta erre-oparitzat
eskaini zuen bere semearen ordez.
Abrahamek leku hari Jaunak du hornitzen ezarri zion izena,
eta gaur egun ere hala dio jendeak: Mendian Jaunak du hornitzen.
Bigarren aldiz deitu zion Jaunaren aingeruak zerutik, esanez:
Honela dio Jaunak: Hala jokatu duzulako, zeure seme bakarra ere
ukatu ez didazulako, nik neurez zin dagit: Oparo bedeinkatuko
zaitut eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasertzeko hondarra
bezain ugari egingo ditut eta etsaien hiriez jabetuko dira. Zure
ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire
esana bete duzulako.
Orduan, Abraham bere morroiengana itzuli eta elkarrekin Beer-
Xebara joan ziren. Hantxe jarri zen Abraham bizitzen.
Abrahamen ahaideak. Rebeka
Aldi baten ondoren, jakinarazi zioten Abrahami bere anaia
Nahorri zortzi seme sortu zizkiola Milkak: Utz izeneko lehen-
semea, Buz, Aramen aita Kemuel, Kesed, Hazo, Pildax, Idlaf eta
Betuel; hau Rebekaren aita izan zen. Zortzi seme hauek eman
zizkion Milkak Abrahamen anaia Nahorri. Reuma izeneko ohaideak,
aldiz, lau seme hauek eman zizkion: Tebah, Gaham, Tahax eta
Maaka.
Sararen heriotza eta ehorzketa
Sara ehun eta hogeita zazpi urtez bizi izan zen. Kiriat-Arban hil
zen, Hebronen alegia, Kanaan lurraldean. Abrahamek dolu egin zuen
haren heriotzagatik.
Gero, Sararen gorpua zetzan lekua utzirik, hititengana joan eta
esan zien:
Atzerritarra nauzue ni zeuen artean. Sal iezadazue lursail bat
nire emaztea ehorzteko.
Hititek erantzun zioten:
Entzun, jauna. Jainkoak buruzagi egin zaitu gure artean.
Ehortzi, beraz, zeure emaztea gure hilobirik bikainenean. Gutariko
inork ez dizu galaraziko bere hilobian ehorztea.
Jaiki zen Abraham eta, lurraldeko jendearen aurrean
ahuspezturik, esan zuen:
Baldin eta nire emaztea hemen ehorzteko baimena ematen
badidazue, egidazue mesede hau: eskaiozue nire izenean Efroni,
Tzoharren semeari, saltzeko niri bere soroaren ondoan dagoen
Makpelako harpea. Eman diezadala balio duen diruaren truke, zuen
lurraldean hilobiaren jabetza ukan dezadan.
Efron bera eseria zegoen beste hitita guztien artean, hiri-
sarrerako plazan. Denen aurrean erantzun zion:
Ez, arren, ene jauna. Hara, doan ematen dizut harpea eta soro
guztia ene hirikideen aurrean. Ehortzi bertan zeure emaztea.
Abrahamek, ordea, hititen aurrean ahuspeztu eta hauek
lekuko harturik, esan zion Efroni:
Entzun iezadazu, arren. Ordaindu egin nahi dizut soroa. Hartzazu
dirua eta orduan ehortziko dut neure emaztea.
Efronek erantzun:
Hara, jauna: lursailak zilarrezko laurehun txanpon balio ditu.
Diru horregatik ez gara eztabaidan hasiko. Ehortzi bertan zeure
emaztea.
Bat etorri zen Abraham Efronekin, eta zilarrezko laurehun
txanpon ordaindu zizkion, merkatariek erabili ohi duten dirutan.
Honela, Makpelan dagoen Efronen lursaila, Mambretik ekialdera,
bere harpe, zuhaitz eta guzti, Abrahamenak izan ziren
aurrerantzean. Honen lekuko gertatu ziren hititak eta hiri-sarrerako
plazatik igarotzen ari ziren guztiak.
Kanaan lurraldean, Mambre eta Hebronen aurrez aurre dagoen
Makpelako soro ondoko harpean ehortzi zuen Abrahamek bere
emazte Sara. Honela, soroaren eta harpearen jabetza hititen
eskuetatik Abrahamengana aldatu zen, hilobi izateko.
Isaak
Isaakentzat emaztea hautatu
Abraham zaharra zen, adinean aurreratua. Jaunak gauza
guztietan bedeinkatua zuen. Etxeko bere morroi zaharrenari, zuen
guztiaren arduradunari, esan zion Abrahamek:
Ezarri eskua nire izterpean. Zin egidazu Jaunarengatik, zeru-
lurren Jainkoarengatik, ez duzula nire semearentzat emazterik
hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik,
baizik eta nire sorterrira eta ahaideengana joango zarela, nire seme
Isaakentzat emaztea hautatzera.
Morroiak galdegin zion:
Beharbada, neskak ez du lurralde honetara nirekin etorri nahi
izango. Orduan, zure semea zure sorterrira eraman beharko ote dut?
Abrahamek erantzun:
Ez eraman hara nire semea. Zeruko Jainko Jaunak nire aitaren
etxetik eta nire ahaideetatik hartu ninduen eta zin eginez agindu
zidan: Lurralde hau zure ondorengoei emango diet. Hain zuzen,
berak bidaliko dizu aingerua aurretik, handik nire semearentzat
emaztea hartu ahal izan dezazun. Eta emakumeak zurekin etorri
nahi ez badu, egin didazun zin-hitzetik aske geldituko zara. Dena
den, ez eraman hara nire semea.
Morroiak, orduan, bere nagusi Abrahamen izterpean eskua ezarri
eta zin egin zion.
Rebeka, Betuelen alaba
Bere nagusiaren hamar gamelu eta gauzarik hoberenak harturik,
Mesopotamia aldera abiatu zen morroia, Nahor bizi zen hirira.
Bertara iristeko zegoela, gameluak ur-putzu baten ondoan
etzanarazi zituen. Arratsaldea zen, emakumeak ur bila joan ohi ziren
sasoia. Bere baitan otoitzari eman zion, honela: Jauna, nire
nagusi Abrahamen Jainkoa, arren, aurki dezadala gaur bila nabilena;
ager ezazu nire nagusi Abrahami diozun onginahia. Ni ur-putzu
honen ondoan geldituko naiz. Hiriko neskatxak ura ateratzera
datozenean, esango diot haietariko bati: Eraitsi zeure pegarra
edan dezadan Berak erantzungo balu: Edazu, eta zure gameluei
ere emango diet edaten, izan bedi huraxe zeure zerbitzari
Isaakentzat hautatu duzuna. Honela jakingo dut zeure onginahia
agertu diozula nire nagusiari
Bere arteko otoitza amaitu baino lehen, horra non hurbiltzen
den Rebeka, pegarra sorbaldan. Betuelen alaba zen; Betuel, berriz,
Abrahamen anaia Nahorren eta Milkaren semea. Neskatxa oso
ederra zen, birjina eta ezkongabea. Ur-putzura jaitsi, pegarra bete
eta igo egin zen. Abrahamen morroia lasterka bidera atera
zitzaion eta honela mintzatu:
Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik.
Hark erantzun:
Edazu, jauna.
Eta, berehala pegarra besoetara eraitsirik, edaten eman zion.
Edan zuenean, esan zion neskatxak:
Zure gameluentzat ere ura ateratzera noa, ase arte edan dezaten.
Hustu zuen pegarra askan, eta lasterka joan zen putzura ur
gehiago hartzera, gamelu guztiei eman zien arte. Bien bitartean,
morroia hari begira zegoen, isilean bere buruari galdezka bere
bidaiaren helburua lorrarazi ote zion Jaunak.
Gamelu guztiak ase zirenean, hartu zituen morroiak sei
gramoko urrezko eraztuna eta ehun gramo baino gehiago zuten
urrezko bi eskumuturreko, eta galdegin zion:
Adizu! Noren alaba zara? Ba ote da zure aitaren etxean tokirik
guretzat, gaua igarotzeko?
Rebekak erantzun zion:
Betuelen alaba naiz, Milkak Nahorri eman zion semearena.
Gainera, esan zion:
Bada gure etxean lasto eta belar ugari, eta baita gaua igarotzeko
tokia ere.
Orduan, morroiak, ahuspezturik, Jauna gurtu zuen, esanez:
Bedeinkatua Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, onbera eta
leiala izan baita ene nagusiarekin. Jaunak neure nagusiaren ahaideen
etxerako bidean jarri nau.
Ezkontza-tratua
Neskatxa lasterka joan zen etxera gertatu zitzaionaren berri
amari ematera.
Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak
zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat
mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera
joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil
zegoen, gameluen ondoan. Labanek esan zion: Zertan zaude hor
kanpoan? Zatoz etxera, Jaunak bedeinkatu hori! Atondua dut etxea,
baita gameluentzako tokia ere
Labanek, etxean sartu, gameluei zamak kendu eta lastoa eta
belarra eman zizkien. Ondoren, ura ekarri zien morroiari eta honen
bidelagunei, oinak garbitzeko. Janaria aurrean jarri zien, baina
morroiak esan zuen:
Ez dut jango, esateko dudana esan aurretik.
Labanek erantzun zion:
Esan, bada.
Morroiak jarraitu zuen:
Abrahamen morroia nauzu. Jaunak oparo bedeinkatu du nire
nagusia eta aberats egin: ardi eta behiak, zilar eta urrea, morroi eta
mirabeak, gamelu eta astoak eman dizkio. Sarak, nire nagusiaren
emazteak, nire nagusiari seme bat sortu dio bere zahartzaroan, eta
honek semeari utzi dizkio bere ondasun guztiak. Neure nagusiak
zin eragin zidan, esanez: Ez duzu nire semearentzat emazterik
hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik.
Aitzitik, nire aitaren etxera, nire ahaideengana joango zara nire
semearentzat emaztea hartzera. Orduan, nagusiari esan nion:
Beharbada, neskak ez du nirekin etorri nahi izango. Hark
erantzun zidan: Ni Jaunaren zerbitzuan bizi izan naiz beti eta hark
bere aingerua bidaliko du zurekin; zure bidaiaren helburua lorraraziko
dizu, eta nire semearentzat emaztea hartuko duzu nire ahaideen
artetik, nire aitaren etxetik. Nire ahaideengana joan ondoren, zin-
hitzetik aske geldituko zara. Emaztea eman nahi ez badizute ere, zin-
hitzetik aske geldituko zara Beraz, gaur ur-putzura iristean,
neurekiko esan dut: Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, egiten
ari naizen bidaiaren helburua lorrarazi nahi badidazu, ur-putzu
honen ondoan geldituko naiz; eta neskatxaren bat ura ateratzera
datorrenean, hau esango diot: Emadazu, arren, ur pixka bat zeure
pegarretik. Hark erantzungo balit: Edazu zeuk, eta zure
gameluentzat ere aterako dut ura izan bedi hori, Jauna, nire
nagusiaren semearentzat hautatu duzun emaztea.
Nirekiko otoitza amaitu baino lehen, hona non azaldu den
Rebeka, pegarra sorbaldan, eta ur-putzura jaitsi ura ateratzera.
Emadazu, arren, edaten, esan diot. Eraitsi du berehala pegarra
sorbaldatik eta esan dit: Edazu, eta emango diet edaten zure
gameluei ere. Edan dut nik eta eman die edaten nire gameluei ere.
Ondoren, galdegin diot: Noren alaba zara?. Betuelena, Milka eta
Nahorren semearena, erantzun dit. Orduan, eraztuna ezarri diot
sudurrean eta eskumuturrekoak. Ahuspeztu eta Jauna gurtu dut.
Bedeinkatu dut Jauna, neure nagusi Abrahamen Jainkoa, zuzeneko
bidetik ekarri nauelako, haren semearentzat neure nagusiaren iloba
emaztetzat hartzeko. Orain, bada, esadazue nire nagusiarekiko
onbera eta leial agertu nahi duzuen ala ez, nora jo jakin dezadan
Labanek eta Betuelek erantzun zioten:
Jaunaren gauza da hau; ezin dizugu esan ez baietz, ez ezetz.
Horra, hor duzu aurrean Rebeka. Hartzazu eta zoaz. Izan bedi
zure nagusiaren semearen emazte, Jaunak esan bezala.
Abrahamen morroia, hitzok entzun orduko, lurrean ahuspeztu
zen, Jaunari eskerrak emanez. Atera zituen zilarrezko eta urrezko
bitxiak eta soinekoak, eta Rebekari eman zizkion. Honen nebari eta
amari ere egin zizkien opariak. Gero, morroia eta bidelagunak
afaldu eta lotara joan ziren.
Biharamun goizean, jaikitzean, morroiak esan zuen:
Uztazue neure nagusiagana itzultzen.
Rebekaren nebak eta amak esan zioten:
Bego oraindik neskatxa gurekin hamarren bat egun; gero joango
zara.
Morroiak esan zien:
Ez nazazue atzerarazi, Jaunak nire bidaiari bukaera ona eman
dionez gero. Uztazue neure nagusiagana itzultzen.
Orduan, esan zioten:
Deitu eta galde diezaiogun neskatxari berari.
Deitu eta galdegin zioten Rebekari:
Joan nahi al duzu berehala gizon honekin?
Bai! erantzun zuen.
Orduan, amore eman zuten, beren arreba Rebeka eta honen
inudea Abrahamen morroiarekin eta bidelagunekin joan zitezen,
eta Rebekari, bedeinkatuz, esan zioten:
Izan dezazula
ondorengo ugari, arreba!
Menpera ditzatela
zure ondorengoek
etsaien hiriak!
Jaiki ziren Rebeka eta honen mirabeak, gameluetara igo eta
Abrahamen morroiarekin abiatu ziren denak.
Rebeka Isaaken emazte
Isaak Lahai-Roiko ur-putzutik etorria zen, eta Negev lurraldean
bizi zen. Arrats batean, landara ibilaldi bat egitera joan eta, begiak
jasorik, gameluak zetozela ikusi zuen. Rebekak ere jaso zituen
begiak eta, Isaak ikusirik, gamelutik jaitsi zen, eta morroiari
galdegin:
Nor da landan zehar bidera datorkigun gizon hori?
Morroiak erantzun:
Ene nagusia.
Orduan, Rebekak bere aurpegia estali zuen zapi batez.
Eginiko guztia kontatu zion morroiak Isaaki. Honek bere
ama Sararena izandako oihal-etxolara eraman zuen Rebeka.
Emaztetzat hartu eta maite izan zuen. Honela poztu zuen Isaakek
bere burua, ama hil ondoren.
Abrahamen beste ondorengo batzuk
Kro
Abraham berriro ezkondu zen Ketura izeneko emakume batekin.
Honek seme hauek eman zizkion: Zimran, Jokxan, Medan, Madian,
Ixbak eta Xuah. Jokxanek, bere aldetik, Xeba eta Dedan sortu
zituen. Dedanen ondorengoak hauek izan ziren: axurtarrak,
letuxtarrak eta leumdarrak. Eta Madianen semeak Efa, Efer, Henok,
Abida eta Eldaa. Hauek guztiak Keturaren ondorengoak dira.
Zeukan guztia Isaaki utzi zion Abrahamek. Beste ohaideen
semeei opariak eman zizkien, eta Isaakengandik urruti bidali zituen
ekialderantz, bera oraindik bizi zela.
Abrahamen heriotza
Ehun eta hirurogeita hamabost urtez bizi izan zen Abraham.
Zahartzaro luze eta betearen ondoren hil zen eta bere arbasoekin
elkartu. Bere seme Isaak eta Ismaelek ehortzi zuten Makpelako
harpean, Tzohar hititaren seme Efronen soroan, Mambreren aurrez
aurre. Abrahamek hititei erositako soroan ehortzi zituzten
Abraham eta honen emazte Sara.
Abraham hil ondoren, Jainkoak bedeinkatu egin zuen haren
seme Isaak; hau Lahai-Roiko ur-putzuaren ondoan bizi zen.
Ismaelen ondorengoak
Kro
Hona hemen Abrahamen seme Ismaelen ondorengoak Ismael
Sararen mirabe egiptoarrak sortu zion Abrahami. Hauek dira
Ismaelen semeen izenak: Nebaiot lehen-semea; ondoren, Kedar,
Adbeel, Mibsam, Mixma, Duma, Masa, Hadad, Tema, Jetur,
Nafix eta Kedma. Horiek dira Ismaelen semeen izenak; hamabi
buruzagi beste hainbeste leinurentzat; izen horiek eman zitzaizkien
haien bizileku eta kanpalekuei ere.
Ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen Ismael. Gero,
azken arnasa emanez, hil egin zen eta bere arbasoekin elkartu.
Haren ondorengoak Habila eta Xur-en artean dagoen eskualdean,
Egiptoren mugan, Axur bidean, jarri ziren bizitzen, beren anaien
aurrez aurre.
Jakob
Esau eta Jakob
Hona hemen Abrahamen seme Isaaken historia.
Abrahamek Isaak sortu zuen. Isaakek berrogei urte zituen,
Betuelen alaba eta Labanen arreba zen Rebekarekin ezkondu zenean.
Betuel eta Laban Mesopotamiako aramearrak ziren.
Rebeka emaztea agorra zela eta, haren alde erregutu zion
Isaakek Jainkoari. Jaunak erregua aditu eta haurdun gelditu zen
Rebeka.
Bi ume ari zitzaizkion sabelean elkarren lehian. Rebekak zioen
berekiko: Zergatik gertatu zait gero niri horrelakorik? Jaunarengana
jo zuen argitasun eske, eta Jaunak erantzun:
Bi nazio dituzu sabelean,
bi herri aterako zaizkizu erraietatik:
bata besteari nagusituko zaio,
zaharrena gazteenaren morroi
izango da.
Erditzerakoan bikiak izan zituen. Lehenengo atera zena
ilegorria zen, abere-larrua bezain iletsua: Esau eman zioten izena.
Berehala anaia irten zen, bere eskuaz anaiaren orpoari helduta.
Honengatik, Jakob eman zioten izena. Hirurogei urte zituen Isaakek
Rebekak bikiak izan zituenean.
Haurrak handi egin ziren. Esau ehiztari trebe bihurtu zen eta
oihan-gizon. Jakob, ostera, gizon patxadatsua zen eta etxekoia.
Isaakek maiteago zuen Esau, gogoko baitzuen ehiza-jana;
Rebekak, aldiz, Jakob zuen maiteago.
Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea saldu
Behin batean, Jakob lapikokoa egosten ari zela, iritsi zen Esau
oihanetik, oso nekatua, eta esan zion anaiari:
Emadak lapikoko gorri horretatik, leher egina nator eta.
Honegatik, Edom hau da, Gorri izena ezarri zitzaion
Jakobek esan zion:
Heure lehen-semetzaren eskubidearen truke emango diat.
Esauk erantzun:
Goseak hiltzear egonik, zertarako diat lehen-semetzaren
eskubidea?
Eta Jakobek:
Zin egidak.
Zin egin zion Esauk, lehen-semetzaren eskubidea salduz.
Orduan, eman zizkion Jakobek anaiari ogia eta platerkada dilista.
Hark jan, edan, mahaitik altxa eta alde egin zuen. Honela gutxietsi
zuen Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea.