eab0.

Aug. 27th, 2017 12:46 pm
[personal profile] vasconica
Jakob Egiptora Zeukan guztiarekin abiatu zen Jakob. Beer-Xebara heldurik, sakrifizioa egin zion bere aita Isaaken Jainkoari. Gau-ikuskari batean, Jainkoak dei egin zion Jakobi: Jakob! Jakob! Jakobek erantzun: Hemen nauzu. Jaunak esan zion: Jainkoa naiz ni, zure aitaren Jainkoa. Ez beldur izan Egiptora joateko, han herri handi bihurtuko baitzaitut. Egiptora bidean zurekin izango nauzu eta neuk itzularaziko zaitut berriro. Eta hiltzean, Josek itxiko dizkizu begiak. Beer-Xebatik abiatzean, Jakoben semeek faraoiak bidalitako gurdietara igoarazi zituzten aita, haurrak eta emazteak. Beren abereak eta Kanaan lurraldean pilatutako ondasunak ere eraman zituzten. Bere seme-alabak eta bilobak, bere ondare guztia, eraman zituen Jakobek Egiptora. Jakoben familia Hona Egiptora joan ziren Jakoben ondorengoak: Ruben, Jakoben lehen-semea, eta beronen semeok: Henok, Palu, Hetzron eta Karmi. Simeon eta beronen semeok: Jemuel, Jamin, Ohad, Jakin, Tzohar eta Xaul, emakume kanaandarraren semea. Lebi eta beronen semeok: Gerxon, Kehat eta Merari. Juda eta beronen semeok: Er, Onan, Xela, Peretz eta Zerah. Baina Er eta Onan Kanaan lurraldean hil ziren. Peretzen semeak Hetzron eta Hamul izan ziren. Isakar eta beronen semeok: Tola, Puba, Job eta Ximron. Zabulon eta beronen semeok: Sered, Elon eta Jahleel. Horiek dira Leak Jakobi Mesopotamian sortu zizkion semeak, Dina bere alabaz gainera; hogeita hamahiru guztira, seme-alaba eta biloben artean. Gad eta beronen semeok: Tzifion, Hagi, Xuni, Etzbon, Eri, Arodi eta Areli. Axer eta beronen semeok: Imna, Ixba, Ixbi, Beria eta hauen arreba Serah. Beriaren semeak Heber eta Malkiel izan ziren. Horiek dira, Labanek bere alaba Leari eman zion Zilpa neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; hamasei guztira, seme eta biloben artean. Jakoben emazte Rakelen semeak: Jose eta Benjamin. Joseri, Egipto lurraldean, On hiriko apaiz Poti-Feraren alaba Asenatek bi seme sortu zizkion: Manases eta Efraim. Benjaminen semeak Bela, Beker, Axbel, Gera, Naaman, Ehi, Rox, Mupim, Hupim eta Ard izan ziren. Horiek dira Rakelek Jakobi sortu zizkion semeak; hamalau guztira, seme eta biloben artean. Dan eta beronen semea: Huxim. Neftali eta beronen semeok: Jahtzeel, Guni, Jetzer eta Xilem. Horiek dira, Labanek Rakel bere alabari eman zion Bilha neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; zazpi guztira, seme eta biloben artean. Beraz, Jakobekin Egiptora joandako guztiak, beraren jatorrikoak, errainak kontuan hartu gabe, hirurogeita sei izan ziren. Joseren bi semeak Egipton jaioak zirenez, Egiptora joandako Jakoben ondorengoak hirurogeita hamar izan ziren guztira. Jakoben familia Egipton Jakobek Juda bere semea bidali zuen aurretik Joserengana, Goxen eskualdean lekua prestatzeko. Hara iritsi zirenean, Jose, bere zalgurdia prestarazi eta bere aita Jakobi bidera atera zitzaion. Honen aurrean aurkitzean, lepotik heldu eta besarkaturik, negarrari eman zion. Jakobek esan zion Joseri: Orain bai hil naitekeela zure aurpegia ikusi ondoren, oraindik bizirik zaude eta. Josek esan zien bere senide eta etxekoei: Berri ematera noakio faraoiari. Hau esango diot: Kanaanen bizi ziren nire senide eta ahaideak etorri zaizkit. Gizon horiek, artzain eta abeltzain direnez, beren ardi, behi eta zeukaten guztia ekarri dute Beraz, faraoiak deitu eta zein lanbide duzuen galdetuko dizuenean, erantzun honela: Abeltzain gaituzu zure zerbitzariok gaztetandik, bai gu eta bai gure gurasoak. Horrela, Goxen eskualdean bizi izaten utziko dizue. Izan ere, erlijio-ohiturek galarazi egiten diete egiptoarrei artzainekin harremanak izatea Faraoiak Jakobi abegi ona Josek faraoiari berri ematera joan eta esan zion: Nire aita eta senideak etorri dira Kanaandik ardi eta behiekin eta daukaten guztiarekin. Orain Goxen eskualdean aurkitzen dira Anaietariko bost berekin hartu eta faraoiari aurkeztu zizkion. Honek esan zien: Zein da zuen lanbidea? Haiek erantzun: Gu eta gure gurasoak artzain izan gara betidanik. Eta jarraitu zuten: Oso larria da gosetea Kanaan aldean, eta larrerik ere ez dago gure artaldeentzat. Horregatik etorri gara lurralde honetara, atzerritar gisa bizitzera. Utzi, beraz, Goxen eskualdean bizitzen. Faraoiak Joseri esan zion: Aita eta senideak etorri zaizkizu. Hor duzu Egipto osoa; jar itzazu hoberen deritzozun eskualdean; Goxenen, esate baterako. Eta zure anaia horien artean gizon treberik baduzu, jarri nire abereen arduradun. Ondoren, Josek bere aita eraman zuen faraoiari aurkezteko. Jakobek faraoia bedeinkatu zuen. Honela galdetu zion faraoiak: Zenbat urte dituzu? Jakobek erantzun: Ehun eta hogeita hamar urtez ibili naiz harat-honat. Urte latzak izan ditut, baina nolanahi ere nire gurasoenak baino laburragoak. Jakobek faraoia berriro bedeinkatu eta alde egin zuen. Josek, faraoiak agindu bezala, aita eta senideak Egiptoko eskualderik hoberenean jarri zituen, Ramses faraoiaren eskualdean, ematen zien lurraren jabe eginez. Gainera, aitaren, senideen eta familia guztiaren mantenuaz arduratu zen. Joseren nekazaritza-politika Ez zen janaririk lurralde osoan gosete larriarengatik. Goseak jota utzi zituen Egipto eta Kanaan lurraldeak. Josek Egipto eta Kanaaneko diru guztia bildu zuen gari truke, eta faraoiaren jauregiko altxortegian sartu. Diru guztia gastatu zutenean, egiptoarrak Joseri joan zitzaizkion, esanez: Emaguzu jatekoa. Dirua amaitu zaigulako, hiltzen utzi behar ote gaituzu? Josek erantzun zien: Diru gehiago ez baduzue, emazkidazue zeuen abereak jatekoaren truke. Ekarri zizkioten, bada, Joseri beren abereak: ardi, behi eta astoak; hauen truke janariz hornitu zituen urte osoan. Urte hura igarorik, ordea, han joan zitzaizkion berriro ere eta esan: Ez dizugu ukatuko, jauna, gastatu dugula dirua eta zureak direla gure abere-taldeak; ez zaizkigu, jauna, gure besoak eta lurra besterik gelditzen. Zergatik utzi behar gaituzu hiltzen geure lur eta guzti? Eros gaitzazu gu geu eta gure lurrak janari truke, eta faraoiaren esklabo bihurtuko gara, geure lurrekin batera. Emaguzu hazia bizirik iraun dezagun eta gure lurrak eremu bihur ez daitezen. Honela erosi zituen Josek Egiptoko lur guztiak faraoiarentzat. Egiptoarrek nork bere lurra saldu zuten, gainean zuten gosete latzarengatik; hala, lurralde osoaren jabe bilakatu zen faraoia. Jendea hiri handietara aldarazi zuen lurraldearen ertz batetik bestera. Apaizen lurrak bakarrik utzi zituen erosi gabe, haien alde lege bat baitzuen faraoiak emana; honek ematen zien jateko behar zutena. Honengatik, ez zuten beren lurrak saldu beharrik izan. Josek esan zion herriari: Hara, gaur erosi zaituztet zuek eta zuen lurrak faraoiarentzat. Hemen duzue hazia; erein zeuen lurretan. Uztaroan, bostetik bat faraoiari emango diozue eta beste laurak zuentzat izango dituzue, ereiteko eta zeuek, zeuen haurrak eta etxekoak mantentzeko. Herriak erantzun: Bizia zor dizugu! Hau mesedea egin diguzuna! Faraoiak bere esklabo izango gaitu! Honela ezarri zuen Josek Egiptoko lurretan bildutako bostetik bat faraoiari emateko legea. Lege honek gaurdaino dirau. Apaizen lurrak bakarrik gelditu ziren faraoiarenak bihurtu gabe. Jakoben azken nahia Israeldarrak Egiptoko Goxen eskualdean bizi ziren. Han lurrak erosi zituzten, seme-alabak sortu eta erruz ugaldu ziren. Egiptora iritsi ondoren, beste hamazazpi urtez bizi izan zen Jakob, ehun eta berrogeita zazpi urte betetzeraino. Azken eguna zetorkiolarik, bere seme Joseri deitu eta esan zion: Maite banauzu, izan nirekin onbera eta leiala: ezarri eskua nire izterpean eta hitzemadazu ez nauzula Egipton ehortziko. Hil eta neure arbasoekin elkar nadinean, Egiptotik atera eta haien hilobian ehortziko nauzu. Josek erantzun zion: Beteko dut zuk esana. Eta Jakobek: Egidazu zin! Josek zin egin zion. Orduan, Jakob oheburura makurtu zen. Jakobek Joseren semeak bedeinkatu Handik aldi batera, esan zioten Joseri aita gaixo zuela. Jose bere bi semeekin, Manases eta Efraimekin, joan zitzaion. Jakob, Jose zetorkiola esan ziotenean, ahalegin handiz ohe gainean eseri zen. Jakobek esan zion Joseri: Luz-en, Kanaan lurraldean, agertu zitzaidan Jainko ahaltsua eta bedeinkatu egin ninduen, esanez: Ondorengo ugari emango dizut eta herri askoren sortzaile bihurtuko zaitut. Zure ondorengoei lurralde honen jabetza emango diet betiko Orain semetzat hartzen ditut, ni Egiptora etorri aurretik, hemen sortu zaizkizun Manases eta Efraim bi semeak, Ruben eta Simeon nire seme diren bezala. Hauen ondoren izango dituzunak, berriz, zureak izango dira, eta Efraimi eta Manasesi utziko diedan ondarean izango dute parte. Mesopotamiatik nentorrela hil zitzaidan Rakel, zure ama, Kanaan lurraldean, Efratara iritsi aurretik, eta han, Efratara, hots, Belenera, bidean ehortzi nuen Joseren semeak ikustean, Jakobek galdetu zuen: Zein dira hauek? Josek erantzun: Jainkoak Egipton eman dizkidan semeak dituzu. Jakobek esan zuen: Ekarzkidazu, arren, bedeinkatzeko. Jakobek, zahardadez begiak lausoturik, ezin zuen ikusi. Josek bere semeak aurrera eraman zizkionean, laztandu eta besarkatu egin zituen. Gero, Joseri esan zion: Ez nuen espero zure aurpegia berriro ikustea, eta hara, zu ez ezik, zure ondorengoak ere ikusarazi dizkit Jainkoak. Orduan, Jose, bere semeak aitaren belaun artetik atera eta lurreraino makurtu zitzaion. Gero, bere bi semeak harturik, hurbildu egin zizkion: Efraim bere eskuinean, Jakoben ezkerraldetik, eta Manases bere ezkerrean, Jakoben eskuinaldetik, jarri zituen. Jakobek bere eskuak luzatu eta eskuina Efraim seme gazteenaren buru gainean ezarri zuen eta ezkerra Manases lehen-semearen buru gainean, eskuak gurutzatuz. Eta honela bedeinkatu zuen Jose: Nire guraso Abrahamek eta Isaakek zerbitzatu duten Jainkoak, jaio nintzenetik gaurdaino artzain gisa gidatu nauen Jainkoak, gaitz guztietatik libratu nauen aingeruak, bedeinka ditzala mutiko hauek! Hauen bitartez oroituak bitez nire izena eta Abraham eta Isaak nire gurasoen izenak. Izan bezate munduan ondorengo ugari Ohartu zen Jose aitak bere eskuineko eskua Efraimen buru gainean ezarria zuela, eta ez zion ongi iritzi. Hartu zion, bada, eskua Efraimen buru gainetik Manasesen gainera aldatzeko, esanez: Hau ez, aita; bestea da lehen-semea; ezarri eskuina horren buru gainean. Baina aitak, ezezkoa emanez, esan zion: Badakit, bai, seme. Manasesen ondorengoak ere herri handi izanen dira; baina anaia gazteena handiagoa izanen da, eta honen ondorengoek herri asko sortuko dituzte. Egun hartan, hain zuzen, bedeinkatu zituen Jakobek, esanez: Zuen izena aipatuko da Israelen norbait bedeinkatzean. Honela esango dute: Egin dezala Jainkoak zurekin Efraim eta Manasesekin egindakoa Efraim jarri zuen, beraz, Manasesen aurretik. Gero, Jakobek Joseri esan zion: Hara, laster hilko naiz ni. Baina Jainkoa zeuekin izango duzue eta zeuen arbasoen lurraldera itzularaziko zaituzte. Zure ondarea zure anaiena baino hobea izango da: Sikem emango dizut, ezpataz eta uztaiaz amortarrei kendu nien hiria Jakobek hamabi semeak bedeinkatu Jakobek bere semeei deitu eta esan zien: Bildu nire inguruan, gerora gertatuko zaizuena iragar diezazuedan. Zatozte eta entzun, ene semeok; entzun arretaz zeuen aita Israeli: Ruben, nire lehen-seme, nire indar, nire gizatasunaren lehen emaitza; zein ausart zaren eta indartsu! Uholdea bezain oldarkoi, aitaren ezkontza-gelara sartu zara, zeure aitaren ohea lohituz. Simeon eta Lebi anaiak indarkeria erabiltzeko bat datoz. Ez dut horien bilkuretan parte hartuko, ez naiz halakoekin elkartuko; haserre egonik gizonak hil dituzte, gogoak emanik zezenak txikitu. Madarikatua hauen haserrea, benetan garratza! Madarikatua beren sumindura, benetan ankerra! Jakoben leinuen artean ditut banatuko, Israel osoan barreiatuko. Juda , zeure senideek goretsiko zaituzte, etsaiei eskua erantsiko diezu lepoan, zeure aitaren semeak ahuspeztuko zaizkizu. Lehoi gaztea zu, Juda! Ehizatik heldu zara, seme! Makurtu eta luze etzaten da lehoiaren antzera, lehoi-emearen antzera. Nor ausartu aurre egitera? Ez da Judarengandik aldenduko errege-makila, ezta haren belaun artetik aginte-makila ere, hauen jabe dena etorri arte: herri guztiek diote honi obedituko. Mahastian lotzen du bere astotxoa, mahatsondoan bere astakumea; ardotan garbitzen du soinekoa, mahats-zukuan soingainekoa. Ardoak iluntzen ditu haren begiak, esneak zuritzen haren hortzak! Zabulon itsas hegian biziko da, itsasontzientzat portu; Sidoneraino hedatuko da. Isakar-ek ukuiluan etzanik dagoen asto zamaria dirudi. Atsedena gozoa eta lurraldea ederra zela ikustean, bizkarra makurtu du, zamak eramateko; esklabo-lanetara jarri da. Dan- ek bere herria du gobernatuko, Israelgo beste leinuek bezala. Dan, sugea bidean, sugegorria bidezidorrean; zaldiari orpotik heldu, eta zalduna hankaz gora doa. Jauna, zuk salbatu zain nauzu! Gad, lapurrek lapurtua, eta bera haien lapur. Axer, oparoa haren janaria, errege-jakien emaile. Neftali, orein-eme aske eta arina, ume ederren sortzaile. Jose, ubide ondoan landare emankor, honen adarrak harresian gora. Arkulariek haserrarazten dute, aurka jaikitzen, eraso egiten. Baina uztaia tente, beso-eskuak lasaituak uzten dizkie Jakoben Jainko indartsuak, Israelen artzain eta harkaitz denak. Lagun izango duzu zeure aitaren Jainkoa; Jainko Ahaltsuak bedeinkatuko zaitu, zeru goreneko bedeinkapenez, itsas barreneko bedeinkapenez, bular-sabelen bedeinkapenez. Zure aitaren bedeinkazioak antzinako mendienak baino hobeak, betidaniko muinoen irrika. Betoz Joseren buru gainera, senide artean aukeratuagana. Benjamin, otso odolzale, harrapakina du irensten goizean, hondarrak banatzen arratsean Jakoben azken nahia Horiek dira Israelgo hamabi leinuak eta horixe aitak bere semeei esan ziena, nori bere bedeinkazioa ematean. Gero, agindu hau eman zien Jakobek: Laster hil eta neure arbasoekin elkartuko naiz. Ehortz nazazue neure gurasoen ondoan Kanaan lurraldean, Efron hititaren soroko harpean. Harpe hau Makpela soroan dago, Mambre parean. Abrahamek hilobitarako erosia zion, soro eta guzti, Efron hititari. Han ehortzi zituzten Abraham eta honen emazte Sara; han Isaak eta honen emazte Rebeka ere. Eta hantxe ehortzi nuen Lea. Soroa eta bertako harpearen jabetza hititengandik lortu zuten. Jakob, bere semeei agindu hauek emanik, berriro etzan zen ohean. Eta, azken arnasa emanez, bere arbasoekin elkartu zen. Jakobengatik dolua Josek bere burua aitaren gainera bota zuen eta negarrez musukatu. Gero, bere zerbitzuko sendagileei aitaren gorpua baltsamatzeko agindu zien. Hala egin zuten haiek. Berrogei egun eman zituzten zeregin horretan, horrenbeste egun behar baitira gantzuketarako. Egiptoarrek dolu egin zuten hirurogeita hamar egunez. Dolu-egunak amaitu zirenean, honela mintzatu zitzaien Jose faraoiaren jauregikoei: Gogoko banauzue, esaiozue, arren, faraoiari: Aitak zin eragin dit, bera hiltzean, Kanaan lurraldean duen hilobian ehortziko dudala. Emadazu orain aita ehorztera joateko baimena; itzuliko naiz gero. Faraoiak erantzun zion: Zoaz eta ehortzi aita, zin egin diozun bezala. Jakoben hiletak Jose bere aita ehorztera joan zen. Harekin batera joan ziren faraoiaren funtzionario guztiak, jauregiko eta Egipto osoko handiki guztiak; baita Joseren etxeko guztiak ere, senideak eta aitaren familiakoak. Haurrak eta abereak besterik ez zuten utzi Goxen eskualdean. Gurdi eta zaldunak ere bazihoazen. Berealdiko multzoa osatzen zuten! Jordanez beste aldera dagoen Goren-Atadera iristean, hileta handi eta ospetsuak egin zituzten. Josek zazpi eguneko dolua egin zion aitari. Goren-Atadeko dolua ikustean, bertakoek, kanaandarrek, esaten zuten: Egiptoarren dolu hau bai dela ospetsua! Horregatik, Jordanez beste aldeko leku hari Abel-Mitzraim hau da, Egiptoarren dolu eman zioten izena. Jakoben semeek aitak agindu bezala egin zuten. Kanaanera eraman eta Makpela soroko harpean ehortzi zuten, Abrahamek Efron hititari, soroarekin batera, hilobitarako erosi zion harpean, Mambre parean. Aita ehortzi ondoren, Egiptora itzuli zen Jose, bere anaiekin eta aita ehorztera joan ziren guztiekin. Josek bere anaiak lasaitu Aita hil ondoren, honela ziotsoten elkarri Joseren anaiek: Beharbada, Josek begitan hartuko gaitu eta egin genion kaltearen ordaina itzuliko digu. Beraz, mandatu hau helarazi zioten: Gure aitak hil aurretik agindu digu, zuri hau esateko: Barkatu, mesedez, zure senideen hobena eta bekatua; kalte egin dizute, bai, baina orain barkatu beraien hobena zure aitaren Jainkoaren zerbitzari hauei Hau entzutean, negar egin zuen Josek. Gero, anaiek, berarengana joan eta lurreraino ahuspezturik, esan zioten: Zure esklabo gaituzu. Josek erantzun zien: Ez izan beldur! Jainkoa ote naiz, bada, ni? Egin nahi izan zenidaten kaltea Jainkoak on bihurtu du, jende asko salbatuz, gaur egun gertatzen den bezala. Beraz, ez izan beldur! Neuk emango dizuet jaten zeuei eta zeuen seme-alabei. Honela lasaitu zituen Josek, hunkigarriro mintzatuz. Joseren zahartzaroa eta heriotza Josek eta bere aitaren familiakoek Egipton bizitzen jarraitu zuten. Ehun eta hamar urte bizi izan zen Jose, eta Efraimen semeen semeak ezagutzera iritsi zen. Manasesen seme Makirren semeak ere bere semetzat hartu ahal izan zituen. Azkenik, honela mintzatu zitzaien Jose bere senideei: Laster hilko naiz ni; baina Jainkoak zuen alde esku hartuko du eta lurralde honetatik eramango zaituzte, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez hitzemandako lurraldera. Era berean, zin eragin zien, esanez: Jainkoak zuen alde esku hartuko duenean, eraman hemendik nire hezurrak. Ehun eta hamar urte zituela hil zen Jose. Baltsamatu eta hilkutxan ezarri zuten Egipton. .
This account has disabled anonymous posting.
If you don't have an account you can create one now.
HTML doesn't work in the subject.
More info about formatting

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 10:25 pm
Powered by Dreamwidth Studios