eab3.

Aug. 25th, 2017 02:40 pm
[personal profile] vasconica
Babelgo dorrea Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. Honela esan zioten elkarri: Ea, adreiluak egin eta sutan erre ditzagun Honela, harriaren ordez adreilua erabili zuten eta kare-orearen ordez bikea. Gero, esan zuten: Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko Jaitsi zen Jauna gizasemeak eraikitzen ari ziren hiria eta dorrea ikustera, eta esan zuen: Hara, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau beren lehenengo lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko. Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten Horrela, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. Horregatik, Babel hau da, Nahasketa eman zioten izena, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera. Semen ondorengoak Abrahamenganaino Kro  Hona hemen Semen ondorengoak. Ehun urte zituela, uholdetik bi urtera, Semek Arpakxad izan zuen. Beste bostehun urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita bost urte zituela, Arpakxadek Xelah izan zuen. Ondoren, laurehun eta hiru urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita hamar urte zituela, Xelahek Eber izan zuen. Ondoren, laurehun eta hiru urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita hamalau urte zituela, Eberrek Peleg izan zuen. Ondoren, laurehun eta hogeita hamar urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita hamar urte zituela, Pelegek Reu izan zuen. Ondoren, berrehun eta bederatzi urtez bizi izan zen, eta seme- alabak izan zituen. Hogeita hamabi urte zituela, Reuk Serug izan zuen. Ondoren, berrehun eta zazpi urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita hamar urte zituela, Serugek Nahor izan zuen. Ondoren, berrehun eta zazpi urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hogeita bederatzi urte zituela, Nahorrek Terah izan zuen. Ondoren, ehun eta hemeretzi urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Hirurogeita hamar urte zituela, Terahek Abram, Nahor eta Haran izan zituen. Hona hemen Terahen ondorengoak: Terahek Abram, Nahor eta Haran izan zituen. Haran Loten aita izan zen. Haran bere sorterrian, kaldearren Ur hirian, hil zen, oraino bere aita bizi zela. Abramek eta Nahorrek emazteak hartu zituzten: Abramenak Sarai zuen izena eta Nahorrenak Milka, Haranen alaba eta Jiskaren ahizpa. Sarai agorra zen, eta ez zuen seme-alabarik. Hartu zituen Terahek bere seme Abram, bere biloba Lot, Haranen semea, eta bere erraina Sarai, Abramen emaztea, eta kaldearren Ur hiria utzi zuen Kanaan lurraldera joateko. Haranera iritsi zirenean, bertan kokatu ziren. Terah Haranen hil zen berrehun eta bost urte zituela. PATRIARKEN HISTORIA  Abraham  Jaunak Abrahami dei Jaunak esan zion Abrami: Utzi zeure lurra, zeure ahaideak eta zeure aitaren etxea eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera. Nazio handi eginen zaitut. Ospetsu bihurtuko dut zure izena. Bedeinkatuko zaitut, eta bedeinkazio-iturri izango zara. Bedeinkatzen zaituena bedeinkatu egingo dut; madarikatzen zaituena, berriz, madarikatu. Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guztiak Abiatu zen, beraz, Abram, Jaunak agindu bezala. Hirurogeita hamabost urte zituen Harandik atera zenean. Berekin hartu zituen bere emazte Sarai, iloba Lot, Haranen lortutako ondasunak eta erositako esklaboak. Hala, Kanaan aldera jo zuten. Abraham Kanaan lurraldean Kanaanera iritsi zirenean, Abramek lurraldea igaro zuen Sikem deritzan lekuraino, Moreko arteraino. Kanaandarrak ziren garai hartan bertako bizilagun. Jauna agertu zitzaion Abrami eta esan zion: Hau da zure ondorengoei emango diedan lurraldea Eta aldarea eraiki zion bertan Abramek agertu zitzaion Jaunari. Handik, mendi aldera jo zuen, Betel-en ekialdera. Han kokatu zuen oihal-etxola, Betel mendebaldera eta Ai ekialdera zituela. Beste aldare bat eraiki eta Jauna gurtu zuen. Ondoren, geldialdiak eginez, Negev aldera jo zuen. Abraham Egipton Gosetea izan zen lurralde hartan. Hain larria zenez, Egiptora joan zen Abram, atzerritar gisa bizitzera. Hara iristear zegoela, Sarai bere emazteari esan zion: Adizu, badakit emakume ederra zarela. Egiptoarrek, ikus zaitzatenean, nire emaztea zarela uste izango dute eta hil egingo naute, eta zu bizirik utzi. Esazu, arren, arreba zaitudala, zuri esker bizirik utzi eta ongi har nazaten Abram Egiptora heldu bezain laster, ikusi zuten egiptoarrek oso ederra zela haren emaztea. Ikusi zuten faraoiaren zenbait zerbitzarik ere, eta haren edertasuna faraoiari aipatu zioten. Horrela, faraoiaren jauregira eraman zuten. Oso tratu ona eman zioten Abrami Sarairengatik, eta ardiak eta behiak, astarrak eta astemeak, neskame-morroiak eta gameluak eskaini zizkioten oparitzat. Jaunak, ordea, gaitz handiz zigortu zituen faraoia eta honen etxea, Abramen emazte Sarai zela eta. Deitu zuen faraoiak Abram eta esan zion: Zer egin didazu? Zer dela-eta ez didazu jakinarazi zeure emazte zenuela? Arreba duzula esan didazu eta emaztetzat hartu dut. Horra zeure emaztea, hartzazu eta zoaz Eta Abram, bere emazte eta zituen guztiekin, bidaltzeko agindua eman zien faraoiak bere zerbitzariei. Abram, Egiptotik Negev aldera abiatu zen bere emazte eta ondasun guztiekin. Lot ere berarekin zihoan. Abraham eta Lot bere iloba Oso aberatsa zen Abram. Abere, zilar eta urre ugari zuen. Geldiuneak eginez, Negevetik Betelera itzuli zen, beste behin ere oihal-etxola kokatua zuen lekura, Betel eta Airen artean. Eta lehenago aldarea eraiki zuen leku berean gurtu zuen Jauna. Abramen bidelagun zen Lotek ere bazuen artalde, behi-talde eta oihal-etxola ugari. Horrenbeste abere izanik, lurralde hark ez zien denak batera bizitzeko egokierarik eskaintzen; garai hartan, gainera, kanaandarrak eta periztarrak bizi ziren han. Behin batean, liskarra sortu zen Abramen eta Loten artzainen artean. Abramek Loti esan zion: Senitartekoak gara biok. Beraz, ez dugu bion artean liskarrik izan behar, ezta zure eta nire artzainen artean ere. Bereiz gaitezen, beraz. Hor duzu aurrean eskualde guztia; zuk ezkerrera jotzen baduzu, ni eskuinera joango naiz; zuk eskuinera jotzen baduzu, ni ezkerrera joango naiz Jaso zituen begiak Lotek eta Jordango ibarra ikusi zuen. Jaunak Sodoma eta Gomorra erraustu baino lehen, ibar hura Tzoar- eraino uretan aberatsa zen: Jaunaren baratzea zirudien, Nilo ibarraren antzekoa. Lotek Jordango ibar osoa hautatu zuen beretzat eta ekialderantz jo. Honela, banatu egin ziren bata bestearengandik. Abram Kanaan lurraldean jarri zen bizitzen, eta Lot ibarreko hirietan. Honen oihal-etxolak Sodoma bertaraino hedatzen ziren. Sodomako bizilagunak gaiztoak ziren eta bekatu larriak egiten zituzten Jaunaren aurka. Lotek alde egin ondoren, honela mintzatu zitzaion Jauna Abrami: Begira inguru guztira; zuzendu begiak zauden lekutik iparralde nahiz hegoaldera, ekialde nahiz mendebaldera. Ikusten duzun lurralde hau guztia betiko emango dizuet zeuri eta zure ondorengoei. Lurreko hautsa bezain ugari egingo ditut zure ondorengoak: ezin konta ahalako izango dira, lurreko hautsa ezin konta ahalako den bezala. Zoaz orain lurralde hau bere luze- zabalean zeharkatzera, zeuri emango baitizut Oihal-etxolak bildu eta Hebronen zegoen Mambreren artadian kokatu zen Abram, eta aldarea eraiki zion Jaunari. Abrahamek Lot askatu Hona zer gertatu zen Xinearko Amrafel, Elasarko Ariok, Elamgo Kedorlaomer eta Goimgo Tidal erregeen garaian. Errege hauek gudu egin zieten Sodomako Bera, Gomorrako Birxa, Admako Xinab, Tzeboimgo Xemeber erregeei eta Belako, hau da, Tzoarko, erregeari. Azken hauek Sidim haranean bildu ziren, gaur egun Itsaso Hila dagoen lekuan. Kedorlaomerren mende hamabi urtez egon ondoren, hamahirugarrenean haren kontra matxinatu ziren. Hamalaugarrenean, Kedorlaomerrek, lagun zituen erregeekin joan eta refatarrak garaitu zituen Axterot-Karnaimen, zuzitarrak Hamen, emitarrak Xabe-Kiriataimen eta hortarrak Seir mendialdean, El-Paran basamortutik hurbil. Handik itzultzean, En-Mixpatera, hots, Kadexera, etorri eta amalektarrak xehatu zituzten beren lurralde guztian, baita Jatzetzon-Tamarren bizi ziren amortarrak ere. Irten ziren, orduan, Sodoma, Gomorra, Adma, Tzeboim eta Bela edo Tzoarko erregeak, eta eraso egin zieten Sidimgo haranean Elamgo Kedorlaomer, Goimgo Tidal, Xinearko Amrafel eta Elasarko Ariok erregeei; bost errege lauren aurka. Sidimgo harana galipot-putzuz josia zegoen, eta, ihesi zihoazela, hauetara erori ziren Sodoma eta Gomorrako erregeak; gainerakoek mendialdera egin zuten ihes. Garaileek, Sodoma eta Gomorrako ondasun eta jaki oroz jabeturik, alde egin zuten. Sodoman bizi zen Abramen iloba Lot ere atxilotu egin zuten, bere ondasun eta guzti. Eta alde egin zuten. Iheslarietako bat gertatuaren berri Abram hebrearrari ematera joan zitzaion. Abram Mambre amortarraren artadian bizi zen, eta Mambreren anaia Exkol eta Anerrekin hitzarmena egina zuen. Abramek, iloba bahitu ziotela jakitean, hirurehun eta hemezortzi laguneko taldea morroi fidagarrienekin prestatu zuen eta errege haien ondoren joan zen Daneraino. Bere gizataldearekin gauez etsaien gainera erori eta garaitu egin zituen, eta Damaskotik iparraldera dagoen Hobaraino jazarri. Haiek harrapatutako guztia berreskuratu zuen: Lot eta honen ondasunak, bahiturik zeramatzaten emakumeak eta gainerako jendea. Melkisedekek Abraham bedeinkatu Kedorlaomer eta honek lagun zituen erregeak garaitu ondoren, itzulbidetik zetorrela, Sodomako erregea atera zitzaion Abrami bidera Xeba haranean, hau da, Erregearen haranean. Une hartan, Melkisedek Xalemgo erregeak ogi-ardoak atera zituen, Goi-goiko Jainkoaren apaiza baitzen, eta Abram bedeinkatu zuen, esanez: Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak, bedeinka zaitzala, Abram! Eta bedeinkatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa, zure etsaien garaile egin zaituelako Abramek guztiaren hamarrenak eman zizkion Melkisedeki. Sodomako erregeak esan zion Abrami: Itzul iezadazu neure jendea, eta gorde zeuretzat guda- harrapakinak. Abramek ihardetsi zion: Jaunarengatik, zeru-lurren egile den Goi-goiko Jainkoarengatik, dagit zin ez dudala zurerik deus hartuko, ezta oinetako lokarririk ere, Abram aberastu duzula esaterik izan ez dezazun. Ez dut ezer ere nahi neuretzat, nire gizonek jan dutena eta Aner, Exkol eta Mambre nire lagunei dagokiena izan ezik. Hauek har dezatela berena. Jaunaren agintzaria Abrahami Gertakizun hauen ondoren, Jauna ikuskari batean mintzatu zitzaion Abrami, esanez: Ez izan beldur, Abram! Zure babesle nauzu, eta sari bikaina emango dizut. Abramek, ordea, erantzun zion: Jauna, ene Jainkoa, zer eman diezadakezu, baldin semerik gabe banoa mundutik, eta nire etxaldearen oinordeko Eliezer damaskoarra izango bada? Hara erantsi zuen Abramek semerik ez didazu eman eta neure etxeko morroia izango dut oinordeko! Jaunak esan zion: Ez horixe! Morroia ez, baizik eta zeuregandik jaioko dena izango duzu oinordeko. Ondoren, kanpora aterarazi eta esan zion: Begira zerura eta zenbatu izarrak, ahal baduzu. Horiek bezainbat izango dira zure ondorengoak Abramek sinetsi egin zuen Jaunarengan eta, honengatik, Jaunak zuzenetsi egin zuen. Jaunak esan zion Abrami: Ni Jauna naiz. Nik irtenarazi zintudan kaldearren Ur hiritik lurralde hau zuri emateko. Jauna, ene Jainkoa erantzun zion Abramek nola jakin nezake lurralde hau neurea izango dudala? Jaunak esan zion: Ekarri txahal bat, ahuntz bat eta ahari bat, hiruna urtekoak, usapal bat eta usakume bat. Abere guztiok eskuratuz, Abramek erdibi egin zituen, eta puskak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez zituen erdibitu. Hegazti harrapariak abere hildakoen gainera etorri ziren, baina Abramek uxatu egin zituen. Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zen Abram. Izua eta larria nagusitu zitzaizkion. Orduan, Jaunak esan zion: Jakizu zure ondorengoak atzerritar gisa biziko direla berena ez duten lurraldean. Esklabo bihurtuko dituzte eta zapaldurik edukiko laurehun urtez. Alabaina, zigortu eginen dut esklabo bihurtuko dituen herria; ondoren, aberastasunez beterik irtenaraziko ditut. Laugarren belaunaldian itzuliko dira hona, ez baita ordu arte bere betera helduko amortarren gaiztakeria. Zu, berriz, zahartzaro zoriontsua izan ondoren, zeure arbasoekin elkartuko zara bakean Eguzkia sartu eta iluna egin zenean, labe bat ketan eta zuzi bat sutan igaro ziren hildako abereen artetik. Egun hartan, Jaunak agintzari hau egin zion Abrami: Lurralde hau zure ondorengoei ematen diet, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino: orain kendarrak, keniztarrak, kadmondarrak, hititak, periztarrak, refatarrak, amortarrak, kanaandarrak, girgaxtarrak eta jebustarrak bizi direneko lurraldea, alegia

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 05:51 pm
Powered by Dreamwidth Studios