eab4.

Aug. 25th, 2017 03:17 pm
[personal profile] vasconica
Sarai eta Agar. Ismaelen jaiotza Saraik, Abramen emazteak, ez zion semerik ematen. Bazuen, ordea, Agar izeneko mirabe egiptoarra, eta Saraik esan zion Abrami: Begira, Jaunak agor egin nau. Elkar zaitez, bada, nire mirabearekin. Beharbada, izango dut semerik haren bitartez Abramek onartu egin zuen Sarairen proposamena, eta Saraik Agar mirabe egiptoarra eman zion bere senarrari emaztetzat. Hamar urte zeramatzaten bizitzen Kanaanen. Abram Agarrekin batu eta hau haurdun gertatu zen. Horretaz ohartzean, etxekoandreari mespretxuz begiratzen hasi zen Agar. Orduan, Saraik esan zion Abrami: Zeu zara mespretxu horren erantzule. Neuk eman nizun besoetara mirabea. Baina haurdun dagoela ohartu deneko, gutxietsi egiten nau. Jaunak erabaki beza nork duen arrazoi gu bion artean. Abramek esan zion: Zeure esku duzu mirabea. Egiozu hobekien deritzozuna. Saraik gaizki hartu zuen Agar, eta honek ihes egin zuen. Jaunaren aingeruak basamortuan, Xur bidean dagoen iturri ondoan, aurkitu zuen eta honela mintzatu zitzaion: Agar, Sarairen mirabe hori, nondik zatoz eta nora zoaz? Sarai neure etxekoandreagandik nator ihesi erantzun zion Agarrek. Jaunaren aingeruak esan zion: Itzuli zeure etxekoandreagana, eta izan zakizkio menpeko. Eta berriro Jaunaren aingeruak: Kontaezin hainbat ugalduko ditut zure ondorengoak. Haurdun zaude eta semea izango duzu, eta Ismael ezarriko diozu izen, entzun baitizu Jaunak zeure atsekabean. Basastoa bezalakoa izango da, denen aurka borrokatuko da, eta denak izango ditu aurka. Anaia guztiengandik aparte biziko da. Agarrek Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa eman zion izen mintzatu zitzaion Jainkoari, hau baitzioen: Ez dut, bada, ni ikusi nauena bera ikusi? Horregatik, Kadex eta Bered artean dagoen ur-putzuari Lahai-Roi deritza, hau da, Bizi denak ikusi nau Gerora, semea eman zion Agarrek Abrami, eta honek Ismael ezarri zion izena. Laurogeita sei urte zituen Abramek, Agarrek Ismael sortu zionean. Jaunak agintzaria berritu Abrahami Abramek laurogeita hemeretzi urte zituela, berriro agertu zitzaion Jauna eta esan zion: Ni Jainko Ahaltsua naiz. Bizi nire zerbitzuan, eta joka zuzen. Ituna egingo dut zurekin: zure ondorengoak arras ugalduko ditut Ahuspez erori zen Abram, eta Jainkoa mintzatzen jarraitu zitzaion: Hona egiten dizudan agintzaria: herri askoren sorburu izango zara. Aurrerantzean, ez duzu Abram izango izen, Abraham baizik, herri askoren sorburu egingo baitzaitut. Ugalduko ditut zure ondorengoak, nazioen sorburu egingo zaitut eta erregeak aterako dira zuregandik. Belaunez belaun eutsiko diot zurekin eta zure ondorengoekin egin dudan itunari, betiko balio izango du; zure eta zure ondorengoen Jainkoa izango naiz. Zuri eta zure ondorengoei betiereko jabegotzat emango dizuet Kanaan lurraldea, gaur egun etorkin gisa bizi zareneko lurraldea; zure ondorengoen Jainkoa izango naiz Erdainkuntza edo zirkuntzisioa, itunaren ezaugarri Honela mintzatu zitzaion Jainkoa Abrahami: Gorde nirekiko ituna zeuk eta zure ondorengoek belaunez belaun. Hau da zuk eta zure ondorengoek nirekiko duzuen konpromisoa: zuetako gizaseme oro erdaintzea. Zeuen zakil-muturra erdainduko duzue: horixe izango duzue nire eta zuen arteko itunaren ezaugarria. Zuetako gizaseme oro, jaio eta zortzi egunera, erdaindu egingo duzue belaunez belaun; baita esklaboa ere, zuregandik sortua izan ez arren, etxean jaioa nahiz atzerrian erosia izan. Salbuespenik gabe erdainduko dituzue esklaboak, etxean jaioa ala diruz erosia izan. Honela, nire ituna zuen gorputzean geldituko da seinalatua betiko. Erdaingabea, hau da, bere zakil-muturra erdaindu ez duen gizasemea, herritik bota egingo duzue, nire ituna hautsi duelako Isaaken jaiotzaz lehen agintzaria Jainkoak esan zion Abrahami: Aurrerantzean ez diozu zeure emazteari Sarai esango, baizik eta Sara izango du izen. Honen bidez semea emango dizut. Bedeinkatuko dut, nazio askoren sorburu egingo eta harengandik erregeak aterako dira Orduan, Abrahamek, ahuspezturik, irri egin zuen. Pentsatu zuen bere baitan: Ehun urteko gizakumeari sortu al lekioke semerik? Edota, izan ote dezake semerik Sarak bere laurogeita hamarrekin? Horregatik ziotson Abrahamek Jainkoari: Ai, Ismaeli bederen bizirik eutsiko bazenio! Ez! erantzun zion Jainkoak Zeure emazte Sarak sortuko dizu semea, eta Isaak jarriko diozu izen. Ituna egingo dut harekin eta haren ondorengoekin betiko. Aditu dizut Ismaeli buruz esan duzuna ere. Bedeinkatu egingo dut: ondorengo ugari izango ditu, hamabi printze sortuko ditu eta herri handi baten sorburu egingo dut. Baina nire ituna burutu, Isaakekin burutuko dut, Sarak urtebete barru sasoi honetan sortuko dizun semearekin. Abrahamekin mintzatu ondoren, alde egin zuen Jainkoak. Egun hartan bertan, Jainkoak agindu bezala, bere etxeko gizaseme guztiak erdaindu zituen Abrahamek: Ismael bere semea eta esklabo guztiak, nahiz etxean jaioak nahiz diruz erosiak. Erdaindu zirenean, Abrahamek laurogeita hemeretzi urte zituen, eta Ismael semeak hamahiru. Biok egun berean erdaindu ziren. Abrahamekin batera erdaindu ziren etxeko gizaseme guztiak ere, nahiz etxean jaioak nahiz atzerrian diruz erosiak. Isaaken jaiotzaz bigarren agintzaria Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal- etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien: Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik. Ongi da erantzun zioten; egizu esan bezala. Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion: Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk. Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten: Non da Sara zure emaztea? Oihal-etxolan erantzun zuen Abrahamek. Jaunak esan zion: Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du. Sara adi-adi zegoen oihal-etxolako ate ostean. Abraham eta Sara oso zaharrak ziren, eta iragana zuen Sarak seme-alabak izateko garaia. Horregatik, irri egin zuen Sarak, bere artean pentsatuz: Agor-agorra nagoelarik, senti ote nezake atseginik? Eta nire senarra zaharra dela, gainera Orduan, Jaunak esan zion Abrahami: Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela izan pentsatuz? Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du! Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez: Ez dut irribarrerik egin. Nola ezetz! Irri egin duzu erantzun zion hark. Sodomako suntsipena iragarri Ondoren, gizon haiek Sodomarantz abiatu ziren. Abrahamek lagundu egin zien apur batez, agurtu aurretik. Honela ziharduen Jaunak berekiko: Egingo dudanaren berri eman gabe utzi behar ote dut Abraham? Izan ere, berau izango da herri handi eta ahaltsu baten buru eta herri guztientzat bedeinkazio-iturri. Berau hautatu dut bere seme-alaba eta etxekoei Jaunaren arabera bizitzen irakasteko, on eta zuzen dena eginez. Eta nik, Jaunak, bete egingo dut Abrahami aginduriko guztia Esan zion, beraz, Jaunak Abrahami: Izugarria da Sodoma eta Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua. Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala ez ikusi Gizasemeek Sodomarantz jo zuten. Abrahamen erregua Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen. Hurbildurik, esan zion: Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera? Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan. Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri osoari berrogeita hamar errugabeongatik? Utikan zuregandik errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada, berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du zuzenbiderik egingo? Jaunak erantzun: Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik hiri osoari barkatuko diot. Abrahamek esan zion: Hara, hauts eta errauts besterik ez naizen arren, ene jaun horri mintzatzera ausartzen naiz. Gerta daiteke berrogeita hamarrera iristeko bost falta izatea. Hiri osoa suntsituko ote duzu bost horiengatik? Ez erantzun zion Jaunak ez dut suntsituko, berrogeita bost errugabe aurkitzen baditut. Eta Abrahamek, berriro: Gerta daiteke berrogei besterik ez izatea. Ba ihardetsi zion Jaunak ez dut suntsituko berrogei horiengatik. Abrahamek esan zion: Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hogeita hamar besterik ez izatea. Ez dut suntsituko hogeita hamar aurkitzen baditut erantzun zion Jaunak. Abrahamek, berriro ere: Badakit ausartegia naizela, baina badaiteke hogei besterik ez izatea. Ez dut suntsituko hogei horiengatik erantzun zion Jaunak. Eta Abrahamek, oraindik: Ez haserre, Jauna, beste behin mintzatzen banatzaizu. Badaiteke hamar besterik ez izatea. Jaunak erantzun zion: Ez dut suntsituko hamar horiengatik. Abrahamekin mintzatzen amaitu ondoren, alde egin zuen Jaunak. Eta Abraham bere oihal-etxolara itzuli zen. Lotek bi aingeruei abegi ona Bi aingeruak Sodomara iritsi zirenean, arratsaldean, Lot hiriko sarreran eseria zegoen. Ikusi zitueneko, altxatu eta bidera atera zitzaien. Ahuspezturik, esan zien: Arren, ene jaunok, zatozte nire etxera, oinak garbitu eta gaua igaro dezazuen. Bihar, goizean goiz, zeuen bidaiari jarraituko diozue. Haiek erantzun zioten: Ez! Nahiago dugu gaua plazan igaro. Baina Lotek hainbeste erregutu zienez gero, berarekin joan ziren etxera. Afaria prestatu zien, legamia gabeko ogia errearaziz, eta afaldu egin zuten. Baina bisitariek oheratu baino lehen, Sodomako gizaseme guztiek, zahar eta gazte, hiritar guztiek, etxea inguratu zuten. Oihuka esan zioten Loti: Non dituk bart etorri zaizkian gizonak? Atera itzak, bortxatu egin nahi dizkiagu eta! Lot atarira irten, bere atzean atea itxi eta esan zien: Arren, anaiok, ez egin horrelako gaiztakeriarik! Hara, baditut oraindik birjina dauden bi alaba. Aterako dizkizuet zeuen gogara erabil ditzazuen. Gizaseme hauek, ordea, ez ukitu, ostatua eta babesa eman baitizkiet. Alde hortik! erantzun zioten Hara, gure artean atzerritar izan eta zer egin behar dugun erakutsi nahi ziguk! Horiei baino tratu txarragoa emango diagu heuri. Loten aurka oldartu ziren eta ateraino hurbildu, behera botatzeko asmoz. Orduan, bisitariek heldu eta etxe barrura erakarri zuten Lot, eta atea itxi. Etxe atarian zeudenak, zahar nahiz gazte, itsuturik utzi zituzten. Alferrik jardun zuten ate bila. Sodomaren hondamendia Gizaseme haiek esan zioten Loti: Nor duzu besterik hemen? Atera hiri honetatik zeure alabak, suhigaiak eta bertan daukazun guztia, erraustu egin behar dugu eta. Handiak dira, izan ere, bertako bizilagunen aurka Jaunak jaso dituen salaketak, eta hiria erraustera bidali gaitu Lotek suhigaien bila joan eta esan zien: Ea, atera zaitezte hemendik, Jaunak erraustu egin behar baitu hiria. Baina haiek txantxetan ari zitzaiela pentsatu zuten. Eguna argitzear zegoelarik, bisitariek presa eman zioten Loti, esanez: Bizkor! Zoaz hemendik emazte eta alaba biekin; bestela, hiri honi ezarritako zigor berean hilko zara! Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien Jaunak. Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion: Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen. Lotek, ordea, erantzun: Ez, arren, ene jauna! Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean hilko baininduke. Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago, bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta bizirik aterako naiz. Ea, bada erantzun zion emango dizut hori ere. Ez dut suntsituko aipatu didazun herrixka. Zoaz bizkor, ez baitezaket ezer egin zu hara iritsi arte. Honengatik, herri hari Tzoar hau da, Txiki deritza. Eguzkia ateratzen ari zuen Lot Tzoarrera iritsi zenean. Orduan, Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen zerutik Sodoma eta Gomorraren gainera. Jaunak erraustu egin zituen hiriak eta bertako bizilagunak, lautada osoa eta lurralde hartako landaretza. Loten emazteak atzera begiratu zuen, eta gatz-irudi bihurtu zen. Abraham, goizean goiz jaikirik, Jaunarekin egondako lekura joan zen. Eta Sodoma, Gomorra eta ibar aldeko lautada osora begiraturik, kea ikusi zuen labe batetik bezala lurretik altxatzen. Honela, ibarreko hiriak erraustu zituenean, Abrahamez gogoratu zen Jainkoa eta onez atera zuen Lot, bizi zeneko hirien hondamen hartatik. Moabdarren eta amondarren sorrera Gero, Lotek alde egin zuen Tzoartik, han gelditzeko beldur baitzen, eta mendian kokatu zen bere bi alabekin. Harpe batean jarri ziren bizitzen. Behin batez, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: Gure aita zaharra dun eta hemen inguruan ez zegon ezkontzeko gizonezkorik, lurralde guztian egin ohi den bezala. Goazeman; mozkor dezagun aita eta etzan gaitezen berarekin; horrela, izango dinagu semerik geure aitarengandik Hala, gau hartan bertan mozkortu zuten aita eta beronekin etzan zen alaba zaharrena; Lot ez zen ohartu alaba noiz etzan eta noiz jaiki zen. Biharamunean, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: Bart ni egon naun aitarekin. Mozkor dezagun berriro eta gaur gauean hi joango haiz harekin etzatera; horrela, biok izango dizkinagu semeak geure aitarengandik Gau hartan ere mozkortu zuten aita eta alaba gazteena joan zitzaion. Lot ez zen ohartu noiz etzan eta noiz jaiki zen. Hala, Loten bi alabak haurdun gelditu ziren beren aitarengandik. Zaharrenak semea izan zuen, eta Moab eman zion izen; berau da gaur eguneko moabdarren arbasoa. Gazteenak ere semea izan zuen, eta Ben-Ami eman zion izen; berau da gaur eguneko amondarren arbasoa. Abraham, Sara eta Abimelek Abraham, zegoen tokitik Negeveko eskualdera abiatu zen eta Gerar hirian jarri zen bizitzen atzerritar gisa, Kadex eta Xur-en artean. Han zegoelarik, Sara bere emaztea, arreba zuela zioen. Orduan, Gerarko errege Abimelekek Sara eraman ziezaiotela agindu zuen. Baina, gau hartan, Jainkoa agertu zitzaion Abimeleki ametsetan, esanez: Hil egingo zara, hartu duzun emakumea ezkondua baita Baina Abimelekek ez zuen oraindik inolako harremanik izan Sararekin. Horregatik esan zion: Jauna, galdu egin behar al duzu errugabe den herri bat? Ez al dit, bada, berak esan arreba zuela? Andreak ere neba zuela zioen. Nik fede onez eta zintzo jokatu dut. Jainkoak erantzun zion ametsetan: Bai, badakit fede onez jokatu duzula; horregatik, ez dizut utzi Sararekin harremanak izaten, nire aurka bekatu egin ez zenezan. Orain, ordea, itzul iezaiozu gizon horri bere emaztea; profeta denez, zure alde erregutuko du eta ez duzu galduko bizia. Itzultzen ez badiozu, berriz, zinez hilko zarete zu zeu eta zuretar guztiak. Goizean goiz jaikirik, Abimelekek bere zerbitzari guztiak deitu zituen, ametsaren berri emateko. Denak harriturik gelditu ziren. Etorrarazi zuen Abimelekek Abraham, eta esan zion: Baina zer egin didazu? Zer kalte egin dizut, ni neu eta nire herria halako bekatu handiaren arriskuan jartzeko? Ez duzu ongi jokatu nirekin. Zer dela-eta jokatu duzu horrela? Abrahamek erantzun zion: Neure baitarako pentsatu nuen: Segur aski leku honetan ez zegok Jainkoarekiko begirunerik; nire emazteaz jabetzeko, hil egingo naitek. Gainera, egiaz nire arreba duzue Sara aitaren aldetik, nire amarenetik ez bada ere, eta emaztetzat hartu nuen. Horrela, Jainkoak neure aitarenetik atzerrira bidean jarri ninduenean, esan nion Sarari: Norabait sartzen garenean, esazu, arren, neba nauzula Orduan, Abimelekek itzuli egin zion Abrahami emaztea. Era berean, ardiak, behiak eta morroi-mirabeak eman zizkion oparitzat, eta esan zion: Hor duzu zeure aurrean nire lurralde guztia. Geldi zaitez bizitzen gogokoen duzun lekuan. Sarari, berriz, esan zion: Adizu, zure nebari zilarrezko mila txanpon eman dizkiot. Opari honek egiaztatzen die zuretarrei eta denei errugabea zarela; honela, denek jakingo dute ez duzula inolako okerrik egin. Abrahamek Jainkoari otoitz egin eta Jainkoak sendatu egin zituen Abimelek, honen emaztea eta mirabeak, berriro seme-alabak izan ahal zitzaten. Izan ere, Jaunak agor bihurtuak zituen Abimeleken etxekoak, Sara Abrahamen emaztea zela eta.
This account has disabled anonymous posting.
If you don't have an account you can create one now.
HTML doesn't work in the subject.
More info about formatting

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 11:30 pm
Powered by Dreamwidth Studios