Sarai eta Agar. Ismaelen jaiotza
Saraik, Abramen emazteak, ez zion semerik ematen. Bazuen,
ordea, Agar izeneko mirabe egiptoarra, eta Saraik esan zion Abrami:
Begira, Jaunak agor egin nau. Elkar zaitez, bada, nire mirabearekin.
Beharbada, izango dut semerik haren bitartez
Abramek onartu egin zuen Sarairen proposamena, eta Saraik
Agar mirabe egiptoarra eman zion bere senarrari emaztetzat. Hamar
urte zeramatzaten bizitzen Kanaanen.
Abram Agarrekin batu eta hau haurdun gertatu zen. Horretaz
ohartzean, etxekoandreari mespretxuz begiratzen hasi zen Agar.
Orduan, Saraik esan zion Abrami:
Zeu zara mespretxu horren erantzule. Neuk eman nizun
besoetara mirabea. Baina haurdun dagoela ohartu deneko, gutxietsi
egiten nau. Jaunak erabaki beza nork duen arrazoi gu bion artean.
Abramek esan zion:
Zeure esku duzu mirabea. Egiozu hobekien deritzozuna.
Saraik gaizki hartu zuen Agar, eta honek ihes egin zuen.
Jaunaren aingeruak basamortuan, Xur bidean dagoen iturri
ondoan, aurkitu zuen eta honela mintzatu zitzaion:
Agar, Sarairen mirabe hori, nondik zatoz eta nora zoaz?
Sarai neure etxekoandreagandik nator ihesi erantzun zion
Agarrek.
Jaunaren aingeruak esan zion:
Itzuli zeure etxekoandreagana, eta izan zakizkio menpeko.
Eta berriro Jaunaren aingeruak:
Kontaezin hainbat
ugalduko ditut zure ondorengoak.
Haurdun zaude
eta semea izango duzu,
eta Ismael ezarriko diozu izen,
entzun baitizu Jaunak
zeure atsekabean.
Basastoa bezalakoa izango da,
denen aurka borrokatuko da,
eta denak izango ditu aurka.
Anaia guztiengandik aparte
biziko da.
Agarrek Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa eman zion izen
mintzatu zitzaion Jainkoari, hau baitzioen: Ez dut, bada, ni ikusi
nauena bera ikusi? Horregatik, Kadex eta Bered artean dagoen
ur-putzuari Lahai-Roi deritza, hau da, Bizi denak ikusi nau
Gerora, semea eman zion Agarrek Abrami, eta honek Ismael
ezarri zion izena. Laurogeita sei urte zituen Abramek, Agarrek
Ismael sortu zionean.
Jaunak agintzaria berritu Abrahami
Abramek laurogeita hemeretzi urte zituela, berriro agertu zitzaion
Jauna eta esan zion: Ni Jainko Ahaltsua naiz. Bizi nire zerbitzuan,
eta joka zuzen. Ituna egingo dut zurekin: zure ondorengoak arras
ugalduko ditut
Ahuspez erori zen Abram, eta Jainkoa mintzatzen jarraitu
zitzaion:
Hona egiten dizudan agintzaria:
herri askoren sorburu izango zara.
Aurrerantzean, ez duzu
Abram izango izen, Abraham baizik,
herri askoren sorburu
egingo baitzaitut.
Ugalduko ditut zure ondorengoak,
nazioen sorburu egingo zaitut
eta erregeak aterako dira
zuregandik.
Belaunez belaun eutsiko diot
zurekin eta zure ondorengoekin
egin dudan itunari,
betiko balio izango du;
zure eta zure ondorengoen Jainkoa
izango naiz.
Zuri eta zure ondorengoei
betiereko jabegotzat emango dizuet
Kanaan lurraldea,
gaur egun etorkin gisa
bizi zareneko lurraldea;
zure ondorengoen Jainkoa
izango naiz
Erdainkuntza edo zirkuntzisioa, itunaren ezaugarri
Honela mintzatu zitzaion Jainkoa Abrahami: Gorde nirekiko
ituna zeuk eta zure ondorengoek belaunez belaun. Hau da zuk
eta zure ondorengoek nirekiko duzuen konpromisoa: zuetako
gizaseme oro erdaintzea. Zeuen zakil-muturra erdainduko duzue:
horixe izango duzue nire eta zuen arteko itunaren ezaugarria.
Zuetako gizaseme oro, jaio eta zortzi egunera, erdaindu egingo
duzue belaunez belaun; baita esklaboa ere, zuregandik sortua izan
ez arren, etxean jaioa nahiz atzerrian erosia izan. Salbuespenik
gabe erdainduko dituzue esklaboak, etxean jaioa ala diruz erosia
izan. Honela, nire ituna zuen gorputzean geldituko da seinalatua
betiko. Erdaingabea, hau da, bere zakil-muturra erdaindu ez duen
gizasemea, herritik bota egingo duzue, nire ituna hautsi duelako
Isaaken jaiotzaz lehen agintzaria
Jainkoak esan zion Abrahami: Aurrerantzean ez diozu zeure
emazteari Sarai esango, baizik eta Sara izango du izen. Honen
bidez semea emango dizut. Bedeinkatuko dut, nazio askoren sorburu
egingo eta harengandik erregeak aterako dira
Orduan, Abrahamek, ahuspezturik, irri egin zuen. Pentsatu zuen
bere baitan: Ehun urteko gizakumeari sortu al lekioke semerik?
Edota, izan ote dezake semerik Sarak bere laurogeita hamarrekin?
Horregatik ziotson Abrahamek Jainkoari:
Ai, Ismaeli bederen bizirik eutsiko bazenio!
Ez! erantzun zion Jainkoak Zeure emazte Sarak sortuko
dizu semea, eta Isaak jarriko diozu izen. Ituna egingo dut harekin eta
haren ondorengoekin betiko. Aditu dizut Ismaeli buruz esan
duzuna ere. Bedeinkatu egingo dut: ondorengo ugari izango ditu,
hamabi printze sortuko ditu eta herri handi baten sorburu egingo
dut. Baina nire ituna burutu, Isaakekin burutuko dut, Sarak
urtebete barru sasoi honetan sortuko dizun semearekin.
Abrahamekin mintzatu ondoren, alde egin zuen Jainkoak.
Egun hartan bertan, Jainkoak agindu bezala, bere etxeko
gizaseme guztiak erdaindu zituen Abrahamek: Ismael bere semea eta
esklabo guztiak, nahiz etxean jaioak nahiz diruz erosiak.
Erdaindu zirenean, Abrahamek laurogeita hemeretzi urte zituen,
eta Ismael semeak hamahiru. Biok egun berean erdaindu
ziren.
Abrahamekin batera erdaindu ziren etxeko gizaseme guztiak
ere, nahiz etxean jaioak nahiz atzerrian diruz erosiak.
Isaaken jaiotzaz bigarren agintzaria
Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren
artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik
handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen
bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-
etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien:
Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala
ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean,
zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri
zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete
zeuen zerbitzari honen ondotik.
Ongi da erantzun zioten; egizu esan bezala.
Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan
zion:
Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil
batzuk.
Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta
gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu
zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta
bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen
bera ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten:
Non da Sara zure emaztea?
Oihal-etxolan erantzun zuen Abrahamek.
Jaunak esan zion:
Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte
Sarak semea izango du.
Sara adi-adi zegoen oihal-etxolako ate ostean. Abraham eta
Sara oso zaharrak ziren, eta iragana zuen Sarak seme-alabak izateko
garaia. Horregatik, irri egin zuen Sarak, bere artean pentsatuz:
Agor-agorra nagoelarik, senti ote nezake atseginik? Eta nire senarra
zaharra dela, gainera
Orduan, Jaunak esan zion Abrahami:
Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela
izan pentsatuz? Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat?
Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du!
Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez:
Ez dut irribarrerik egin.
Nola ezetz! Irri egin duzu erantzun zion hark.
Sodomako suntsipena iragarri
Ondoren, gizon haiek Sodomarantz abiatu ziren. Abrahamek
lagundu egin zien apur batez, agurtu aurretik. Honela ziharduen
Jaunak berekiko: Egingo dudanaren berri eman gabe utzi behar ote
dut Abraham? Izan ere, berau izango da herri handi eta ahaltsu
baten buru eta herri guztientzat bedeinkazio-iturri. Berau hautatu
dut bere seme-alaba eta etxekoei Jaunaren arabera bizitzen
irakasteko, on eta zuzen dena eginez. Eta nik, Jaunak, bete egingo
dut Abrahami aginduriko guztia
Esan zion, beraz, Jaunak Abrahami: Izugarria da Sodoma eta
Gomorraren aurkako salakuntza. Larriegia da hiri horien bekatua.
Salakuntza hori egiaztatzera joan behar dut, eta egiazkoa den ala
ez ikusi
Gizasemeek Sodomarantz jo zuten.
Abrahamen erregua
Abraham, berriz, Jaunaren aurrean zutik gelditu zen.
Hurbildurik, esan zion:
Egiaz, errugabea galdu behar ote duzu errudunarekin batera?
Beharbada, berrogeita hamar errugabe izango dira herri horretan.
Horiek ere hilarazi behar ote dituzu? Ez ote zenioke barkatuko hiri
osoari berrogeita hamar errugabeongatik? Utikan zuregandik
errugabea errudunarekin batera hilaraztea! Nola jokatuko duzu, bada,
berdin batarekin zein bestearekin? Munduaren epaileak ez ote du
zuzenbiderik egingo?
Jaunak erantzun:
Baldin berrogeita hamar errugabe aurkitzen baditut, haiengatik
hiri osoari barkatuko diot.
Abrahamek esan zion:
Hara, hauts eta errauts besterik ez naizen arren, ene jaun horri
mintzatzera ausartzen naiz. Gerta daiteke berrogeita hamarrera
iristeko bost falta izatea. Hiri osoa suntsituko ote duzu bost
horiengatik?
Ez erantzun zion Jaunak ez dut suntsituko, berrogeita bost
errugabe aurkitzen baditut.
Eta Abrahamek, berriro:
Gerta daiteke berrogei besterik ez izatea.
Ba ihardetsi zion Jaunak ez dut suntsituko berrogei
horiengatik.
Abrahamek esan zion:
Ez zaitez haserre, ene Jauna, oraindik ere mintzatzen banatzaizu.
Badaiteke hogeita hamar besterik ez izatea.
Ez dut suntsituko hogeita hamar aurkitzen baditut erantzun
zion Jaunak.
Abrahamek, berriro ere:
Badakit ausartegia naizela, baina badaiteke hogei besterik ez
izatea.
Ez dut suntsituko hogei horiengatik erantzun zion Jaunak.
Eta Abrahamek, oraindik:
Ez haserre, Jauna, beste behin mintzatzen banatzaizu. Badaiteke
hamar besterik ez izatea.
Jaunak erantzun zion:
Ez dut suntsituko hamar horiengatik.
Abrahamekin mintzatzen amaitu ondoren, alde egin zuen
Jaunak. Eta Abraham bere oihal-etxolara itzuli zen.
Lotek bi aingeruei abegi ona
Bi aingeruak Sodomara iritsi zirenean, arratsaldean, Lot hiriko
sarreran eseria zegoen. Ikusi zitueneko, altxatu eta bidera atera
zitzaien. Ahuspezturik, esan zien:
Arren, ene jaunok, zatozte nire etxera, oinak garbitu eta gaua
igaro dezazuen. Bihar, goizean goiz, zeuen bidaiari jarraituko diozue.
Haiek erantzun zioten:
Ez! Nahiago dugu gaua plazan igaro.
Baina Lotek hainbeste erregutu zienez gero, berarekin joan ziren
etxera. Afaria prestatu zien, legamia gabeko ogia errearaziz, eta
afaldu egin zuten.
Baina bisitariek oheratu baino lehen, Sodomako gizaseme
guztiek, zahar eta gazte, hiritar guztiek, etxea inguratu
zuten. Oihuka esan zioten Loti:
Non dituk bart etorri zaizkian gizonak? Atera itzak, bortxatu egin
nahi dizkiagu eta!
Lot atarira irten, bere atzean atea itxi eta esan zien:
Arren, anaiok, ez egin horrelako gaiztakeriarik! Hara, baditut
oraindik birjina dauden bi alaba. Aterako dizkizuet zeuen gogara
erabil ditzazuen. Gizaseme hauek, ordea, ez ukitu, ostatua eta
babesa eman baitizkiet.
Alde hortik! erantzun zioten Hara, gure artean atzerritar
izan eta zer egin behar dugun erakutsi nahi ziguk! Horiei baino tratu
txarragoa emango diagu heuri.
Loten aurka oldartu ziren eta ateraino hurbildu, behera botatzeko
asmoz. Orduan, bisitariek heldu eta etxe barrura erakarri zuten
Lot, eta atea itxi. Etxe atarian zeudenak, zahar nahiz gazte,
itsuturik utzi zituzten. Alferrik jardun zuten ate bila.
Sodomaren hondamendia
Gizaseme haiek esan zioten Loti: Nor duzu besterik hemen?
Atera hiri honetatik zeure alabak, suhigaiak eta bertan daukazun
guztia, erraustu egin behar dugu eta. Handiak dira, izan ere,
bertako bizilagunen aurka Jaunak jaso dituen salaketak, eta hiria
erraustera bidali gaitu
Lotek suhigaien bila joan eta esan zien: Ea, atera zaitezte
hemendik, Jaunak erraustu egin behar baitu hiria. Baina haiek
txantxetan ari zitzaiela pentsatu zuten.
Eguna argitzear zegoelarik, bisitariek presa eman zioten Loti,
esanez: Bizkor! Zoaz hemendik emazte eta alaba biekin; bestela,
hiri honi ezarritako zigor berean hilko zara!
Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten
bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien
Jaunak.
Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion:
Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes
egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen.
Lotek, ordea, erantzun:
Ez, arren, ene jauna! Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan
duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut
inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean
hilko baininduke. Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago,
bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta
bizirik aterako naiz.
Ea, bada erantzun zion emango dizut hori ere. Ez dut
suntsituko aipatu didazun herrixka. Zoaz bizkor, ez baitezaket
ezer egin zu hara iritsi arte.
Honengatik, herri hari Tzoar hau da, Txiki deritza.
Eguzkia ateratzen ari zuen Lot Tzoarrera iritsi zenean.
Orduan, Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen zerutik Sodoma
eta Gomorraren gainera. Jaunak erraustu egin zituen hiriak eta
bertako bizilagunak, lautada osoa eta lurralde hartako landaretza.
Loten emazteak atzera begiratu zuen, eta gatz-irudi bihurtu
zen.
Abraham, goizean goiz jaikirik, Jaunarekin egondako lekura
joan zen. Eta Sodoma, Gomorra eta ibar aldeko lautada osora
begiraturik, kea ikusi zuen labe batetik bezala lurretik altxatzen.
Honela, ibarreko hiriak erraustu zituenean, Abrahamez gogoratu
zen Jainkoa eta onez atera zuen Lot, bizi zeneko hirien hondamen
hartatik.
Moabdarren eta amondarren sorrera
Gero, Lotek alde egin zuen Tzoartik, han gelditzeko beldur
baitzen, eta mendian kokatu zen bere bi alabekin. Harpe batean jarri
ziren bizitzen. Behin batez, alaba zaharrenak gazteenari esan
zion: Gure aita zaharra dun eta hemen inguruan ez zegon
ezkontzeko gizonezkorik, lurralde guztian egin ohi den bezala.
Goazeman; mozkor dezagun aita eta etzan gaitezen berarekin;
horrela, izango dinagu semerik geure aitarengandik
Hala, gau hartan bertan mozkortu zuten aita eta beronekin
etzan zen alaba zaharrena; Lot ez zen ohartu alaba noiz etzan eta
noiz jaiki zen.
Biharamunean, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: Bart ni
egon naun aitarekin. Mozkor dezagun berriro eta gaur gauean hi
joango haiz harekin etzatera; horrela, biok izango dizkinagu semeak
geure aitarengandik
Gau hartan ere mozkortu zuten aita eta alaba gazteena joan
zitzaion. Lot ez zen ohartu noiz etzan eta noiz jaiki zen. Hala,
Loten bi alabak haurdun gelditu ziren beren aitarengandik.
Zaharrenak semea izan zuen, eta Moab eman zion izen; berau
da gaur eguneko moabdarren arbasoa. Gazteenak ere semea izan
zuen, eta Ben-Ami eman zion izen; berau da gaur eguneko
amondarren arbasoa.
Abraham, Sara eta Abimelek
Abraham, zegoen tokitik Negeveko eskualdera abiatu zen eta
Gerar hirian jarri zen bizitzen atzerritar gisa, Kadex eta Xur-en
artean. Han zegoelarik, Sara bere emaztea, arreba zuela zioen.
Orduan, Gerarko errege Abimelekek Sara eraman ziezaiotela agindu
zuen. Baina, gau hartan, Jainkoa agertu zitzaion Abimeleki
ametsetan, esanez: Hil egingo zara, hartu duzun emakumea
ezkondua baita
Baina Abimelekek ez zuen oraindik inolako harremanik izan
Sararekin. Horregatik esan zion:
Jauna, galdu egin behar al duzu errugabe den herri bat? Ez al
dit, bada, berak esan arreba zuela? Andreak ere neba zuela zioen.
Nik fede onez eta zintzo jokatu dut.
Jainkoak erantzun zion ametsetan:
Bai, badakit fede onez jokatu duzula; horregatik, ez dizut utzi
Sararekin harremanak izaten, nire aurka bekatu egin ez zenezan.
Orain, ordea, itzul iezaiozu gizon horri bere emaztea; profeta
denez, zure alde erregutuko du eta ez duzu galduko bizia. Itzultzen
ez badiozu, berriz, zinez hilko zarete zu zeu eta zuretar guztiak.
Goizean goiz jaikirik, Abimelekek bere zerbitzari guztiak deitu
zituen, ametsaren berri emateko. Denak harriturik gelditu ziren.
Etorrarazi zuen Abimelekek Abraham, eta esan zion:
Baina zer egin didazu? Zer kalte egin dizut, ni neu eta nire herria
halako bekatu handiaren arriskuan jartzeko? Ez duzu ongi jokatu
nirekin. Zer dela-eta jokatu duzu horrela?
Abrahamek erantzun zion:
Neure baitarako pentsatu nuen: Segur aski leku honetan ez
zegok Jainkoarekiko begirunerik; nire emazteaz jabetzeko, hil egingo
naitek. Gainera, egiaz nire arreba duzue Sara aitaren aldetik, nire
amarenetik ez bada ere, eta emaztetzat hartu nuen. Horrela,
Jainkoak neure aitarenetik atzerrira bidean jarri ninduenean, esan
nion Sarari: Norabait sartzen garenean, esazu, arren, neba
nauzula
Orduan, Abimelekek itzuli egin zion Abrahami emaztea. Era
berean, ardiak, behiak eta morroi-mirabeak eman zizkion oparitzat,
eta esan zion:
Hor duzu zeure aurrean nire lurralde guztia. Geldi zaitez bizitzen
gogokoen duzun lekuan.
Sarari, berriz, esan zion:
Adizu, zure nebari zilarrezko mila txanpon eman dizkiot. Opari
honek egiaztatzen die zuretarrei eta denei errugabea zarela; honela,
denek jakingo dute ez duzula inolako okerrik egin.
Abrahamek Jainkoari otoitz egin eta Jainkoak sendatu egin
zituen Abimelek, honen emaztea eta mirabeak, berriro seme-alabak
izan ahal zitzaten. Izan ere, Jaunak agor bihurtuak zituen
Abimeleken etxekoak, Sara Abrahamen emaztea zela eta.