eab8.

Aug. 26th, 2017 04:30 pm
[personal profile] vasconica
Esauren ondorengoak Kro  Hauek dira Esauren, hots, Edomen ondorengoak. Esauk emakume kanaandarrak hartu zituen emaztetzat: Ada, Elon hititaren alaba, Oholibama, Tzibon amortarraren seme zen Anaren alaba, eta Basmat, Ismaelen alaba, Nebaioten arreba. Adak Elifaz sortu zion Esauri, Basmatek Reuel, eta Oholibamak, Jeux, Jalam eta Korah. Horiek dira Kanaanen Esauri sortu zitzaizkion semeak. Bere emazte, seme-alaba eta etxeko denak, eta Kanaanen eskuratu zituen ondasun eta abere guztiak harturik, beste lurralde batera joan zen Esau, Jakob bere anaiarengandik aldenduz. Izan ere, ondasun gehiegi zuten elkarrekin bizi ahal izateko, eta atzerritar gisa bizi ziren lurralde hartan ez zuten larrerik aski beren abereentzat. Esau, bada, Edom ere zeritzana, Seir mendialdean jarri zen bizitzen. Hauek dira edomdarren arbaso Esauren ondorengoak Seir mendialdean. Hona Esauren semeak: Elifaz, Esauren emazte Adaren semea, eta Reuel, Esauren emazte Basmaten semea. Elifazen semeak Teman, Omar, Tzefo, Gatam eta Kenaz izan ziren. Bazuen Elifazek ohaide bat ere, Timna izenekoa. Honek Amalek sortu zion. Hauek izan ziren Esauren emazte Adaren ondorengoak. Esauren seme Reuelen semeak, berriz, hauek izan ziren: Nahat, Zerah, Xama eta Miza. Hauek izan ziren Esauren emazte Basmaten ondorengoak. Eta beste hauek izan ziren Tzibonen seme zen Anaren alaba Oholibamak Esau bere senarrari sortu zizkion semeak: Jeux, Jalam eta Korah. Hauek dira Esauren ondorengoen leinuburuak: Esauren lehen- seme Elifazen jatorritik Teman, Omar, Tzefo, Kenaz, Gatam eta Amalek. Horiek dira Elifazengandik sorturiko Edomgo leinuburuak, Adaren ondorengoak. Esauren seme Reuelen jatorritik Nahat, Zerah, Xama eta Miza leinuburuak, Esauren emazte Basmaten ondorengoak. Eta Anaren alaba Oholibama Esauren emaztearen jatorritik Jeux, Jalam eta Korah leinuburuak. Horiek dira Esauren ondorengoak, Edomgo leinuburuak. Hona lurralde hartan bizi ziren Seir hortarraren semeak: Lotan, Xobal, Tzibon, Ana, Dixon, Etzer eta Dixan. Horiek ziren Seirren ondorengoak, hortarren leinuburuak Edomen. Lotanen semeak Hori eta Hemam izan ziren; Lotanen arreba Timna izan zen. Xobalen semeak Alban, Manahat, Eval, Xefo eta Onam izan ziren. Tzibonen semeak Aia eta Ana. Ana hau izan zen basamortuan ur beroa aurkitu zuena, bere aita Tzibonen astoak larratzen ari zela. Anak seme-alabak izan zituen: Dixon eta Oholibama. Dixonen semeak Hemdan, Exban, Jitran eta Keran izan ziren. Etzerren semeak Bilhan, Zaaban eta Akan izan ziren. Dixanenak, Utz eta Aran. Hauek dira banan-banan Seir lurraldeko hortarren leinuburuak: Lotan, Xobal, Tzibon, Ana, Dixon, Etzer eta Dixan. Hona Edom lurraldean izan ziren erregeak, israeldarrek erregerik izan aurretik: Bela Beorren semea, Dinhaba hirikoa; Belaren ondoren Jobab, Zerahen semea, Botzrakoa; Jobaben ondoren Huxan, temandarren lurraldekoa; Huxanen ondoren Hadad, Bedaden semea, Abitekoa (honek menderatu zituen madiandarrak Moaben). Hadaden ondoren Samla, Masrekakoa; Samlaren ondoren Saul, Rehobot-Naharrekoa; Saulen ondoren Baal-Hanan, Akborren semea; Baal-Hananen ondoren Hadar, Pau hirikoa Mehetabel izan zuen emazte, Matreden alaba, eta hau Mezahabena Hauek dira Esauren ondorengoen leinuburuak, beren leinu eta lurraldeei emandako izenen arabera: Timna, Alba, Jetet, Oholibama, Ela, Pinon, Kenaz, Teman, Mibtzar, Magdiel eta Iram. Horiek dira Edomgo leinuburuak, eta horiek eman zieten izena bizi izan ziren lurraldeei. Esau edomdarren arbasoa da. Joseren historia  Joseren ametsak Jakob Kanaanen bizi zen, beraren gurasoak atzerritar gisa ibili ziren lurraldean. Hona Jakoben senitartearen historia. Jose, hamazazpi urteko gaztea zelarik, artzaintzan zebilen bere anaiekin, bere aitaren emazte Bilha eta Zilparen semeekin. Josek bere anaien gaiztakeriaren berri ematen zion aitari. Israelek maiteago zuen Jose beste seme guztiak baino, zahartzaroko semea baitzuen, eta jantzi apain bat egina zion. Aitak maiteago zuela ikusirik, anaiak gorrotatzen hasi zitzaizkion eta hitza bera ere ukatu egiten zioten. Behin batean, Josek amets bat izan zuen eta, kontatu zienean, are gehiago gorrotatu zuten anaiek. Entzun nire ametsa esan zien. Gari-balak lotzen ari ginen soro erdian. Hartan, nirea jaiki eta zutik jarri zen, eta zuenak nirearen inguruan ahuspeztu ziren. Anaiek esan zioten: Geure errege edo menderatzaile izan behar ote zaitugu? Eta are gehiago gorrotatu zuten bere amets eta esanengatik. Beste amets bat ere izan zuen eta anaiei kontatu zien, esanez: Beste amets bat ere izan dut: Eguzkia, ilargia eta hamaika izar ahuspezten zitzaizkidan aurrean. Aitari eta anaiei kontatu zienean, aitak esan zion haserre: Zer amets da hori? Zure aurrean jarri behar ote dugu zu gurtzeko zeure amak, senideek eta nik neuk? Anaiek bekaitzez begiratzen zioten; aitak, ordea, gauza hauek sarritan hausnartzen zituen. Joseren anaien mendekua Joseren anaiak Sikemera joanak ziren, aitaren artaldea larratzera. Israelek Joseri esan zion: Zure anaiak Sikemen dira ardiak larratzen. Haiengana joan behar duzu. Josek erantzun zion: Prest nauzu. Aitak esan zion: Zoaz zure anaiak eta artaldea nola dabiltzan ikustera, eta ekarri haien berri. Israelek, bada, Hebron haranetik Sikemera bidali zuen. Hara iristean, gizon batek landan zehar noraezean ikusi eta galdegin zion: Zeren bila zabiltza? Josek erantzun: Neure anaien bila. Esadazu non ari diren larratzen! Gizonak esan zion: Alde egin dute hemendik. Dotanera zihoazela entzun diet. Joan zen, bada, Jose anaien ondoren eta Dotanen aurkitu zituen. Anaiek urrutitik ikusi zuten eta, beraiengana hurbildu aurretik, hura hiltzeko akordioa hartu zuten. Badator ameslaria ziotsaten elkarri. Ea, hil eta jaurti dezagun putzu batera, eta basapiztiaren batek irentsi duela esango dugu. Orduan ikusiko dugu zertan gelditzen diren horren ametsak. Hori entzutean, Jose haien eskuetatik libratu nahian hasi zen Ruben. Ez dezagun hil! esan zien Ez isuri odolik! Jaurti ezazue eremuko putzu batera, baina ez kalterik egin. Jose haien eskuetatik libratu egin nahi zuen, aitari itzultzeko. Honela bada, Jose hurbildu zenean, anaiek soinean zeraman jantzi apain hura kendu zioten, heldu eta putzu batera jaurti zuten. Hutsik zegoen putzua, urik gabe. Ondoren, jateko eseri ziren. Jose ismaeldarrei saldua Horretan, Joseren anaiek Galaadetik zetorren ismaeldar bidaiari- talde bat ikusi zuten. Egiptora zihoazen, gameluetan usaingarriak, ukendua eta mirra eramanez. Judak esan zien anaiei: Zer irabazten dugu geure anaia hil eta beraren heriotza ezkutatuz? Ea, sal diezaiegun ismaeldarrei, kalterik egin gabe, anaia hau geure odolekoa dugu eta. Amore eman zuten anaiek. Honela, madiandar merkatariak handik igaro zirenean, Jose putzu lehorretik atera eta zilarrezko hogei txanponetan saldu zieten ismaeldarrei. Hauek Egiptora eraman zuten. Rubenek, putzura itzuli zenean, ez zuen Jose barruan aurkitu. Orduan, soinekoak urratu eta, anaiengana itzulirik, esan zien: Ez dago mutikoaren arrastorik! Zer egin behar dut nik orain? Jose hildakotzat emana Orduan, aker bat hil eta Joseren jantzia harturik, akerraren odoletan busti zuten. Gero, aitari bidali zioten mezu honekin: Jantzi hau aurkitu dugu; ikus zure semearena den ala ez Jakobek ikusi eta esan zuen: Nire semearena da. Basapiztiaren batek txikitu eta irentsi dit Jakobek bere jantziak urratu zituen. Gero, doluz jantzirik, egunetan egin zuen negar bere semearengatik. Seme-alaba guztiek kontsolatu nahian jardun arren, berak ez zuen nahi izan. Honela zioen: Ez! Doluminez jaitsiko naiz Hildakoen Egoitzara, nire semearengana. Eta negarrari ematen zion. Bien bitartean, Egiptora iritsi ondoren, madiandarrek faraoiaren funtzionario eta guardiaburu zen Potifarri saldu zioten Jose. Juda eta Tamar Garai hartan, Juda bere anaiengandik aldendu eta Hira izeneko Adulamgo gizon baten etxera joan zen bizitzera. Han, Xua deituriko kanaandar baten alaba ezagutu zuen. Judak emaztetzat hartu eta elkarrekin bizi izan ziren. Haurdun gelditu zen emakumea eta semea izan zuen. Judak Er eman zion izen. Berriro ere haurdun gelditu eta emazteak beste seme bat izan zuen, eta Onan eman zion izen. Izan zuen beste seme bat ere eta Xela eman zion izen. Hau sortu zuenean, Keziben zegoen Juda. Bere lehen-seme Er, Tamar izeneko emakume batekin ezkondu zuen Judak. Baina Errek, Judaren lehen-semeak, oker jokatu zuen Jainkoaren begi aurrean, eta hilarazi egin zuen Jaunak. Orduan, Judak esan zion Onani: Ezkon zaitez zeure anaiaren emaztearekin, eta bete koinatuari dagokion eginbidea, anaiari ondorengoa emateko. Baina bazekien Onanek semea ez zuela berea izango. Horregatik, koinatarekin etzaten zen bakoitzean, lurrera isurtzen zuen hazia, bere anaiari ondorengorik ez emateko. Jaunak ez zuen atsegin izan hark egiten zuena, eta hilarazi egin zuen hura ere. Ondoren, Judak Tamar bere errainari esan zion: Itzuli aitaren etxera eta bizi han alargun gisa nire seme Xela handi egin arte Beste anaiak bezala hilko zen beldurrez esan zion hau. Tamar, beraz, bere aitaren etxera itzuli zen. Denboraldi luze baten ondoren, hil zen Judaren emaztea, Xuaren alaba. Dolualdia bukatu zuenean, Timnara igo zen Juda ardi- moztera Adulamgo bere adiskide Hirarekin. Tamarri esan zioten aitaginarreba ardi-moztera zihoala Timnara. Orduan, Tamar, alargun-soinekoak erantzi eta, inork ez antzemateko bere burua zapiz estalirik, Timna bidean dagoen Enaim hiriko sarreran jarri zen. Izan ere, Xela handi egin zela ikusten zuen, baina ez ziotela senartzat ematen. Judak ikusi eta emagaldutzat hartu zuen, estalia baitzuen aurpegia. Ez zen ohartu bere erraina zela. Hala, hurbildu eta esan zion: Uztazu zurekin oheratzen. Hark galdetu zion: Zer emango didazu ordainetan? Judak erantzun: Artaldeko antxume bat bidaliko dizut. Tamarrek, orduan: Baina beste zerbait utzi beharko didazu bahituran, antxumea bidali bitartean. Judak erantzun: Zer uztea nahi duzu? Eta Tamarrek: Zeure zigilua bere lokarriarekin, eta eskuan daramazun makila. Eman zizkion Judak, elkartu eta haurdun utzi zuen. Orduan, alde egin zuen Tamarrek. Estaltzen zuen zapia kendu eta alargun-soinekoak jantzi zituen berriro. Gerora, antxumea igorri zuen Judak Adulamgo adiskidearen bidez, emakumeagandik bahitura jasotzeko, baina ez zuen aurkitu. Adiskideak bertako jendeari galdegin zion: Non da Enaimen, bide-bazterrean, egon ohi zen emagaldua? Haiek erantzun zioten: Hemen ez da inoiz emagaldurik egon. Judarengana itzuli eta esan zion: Ez dut aurkitu; gainera, bertako jendeak dioenez, han ez da inoiz emagaldurik izan. Orduan, Judak esan zuen: Ba, jaso ditzala beretzat; ez gaitu barregarri utziko. Dena den, bidali diot antxumea eta ez duzu aurkitu. Handik hiru hilabetera, berri hau eman zioten Judari: Tamar, zure erraina, emagaldu bihurtu da eta, horren ondorioz, haurdun dago. Judak esan zuen: Kanpora atera eta erre dezatela. Kanpora zeramatela, Tamarrek bere aitaginarrebari mandatu hau bidali zion: Gauza hauen jabe denarengandik nago haurdun. Ikus norenak diren zigilua, honen lokarria eta makila. Ikusi zituenean, Judak esan zuen: Berak du arrazoia; okerra nirea da, ez baitiot neure seme Xelari emaztetzat eman. Orduz gero, ez zuen harremanik izan bere errainarekin. Erditze-garaia iritsi zitzaionean, Tamarrek bikiak zituen bere erraietan. Erditzerakoan, bikietariko batek eskua atera zuen; emaginak heldu eta hari gorri bat lotu zion, esanez: Hau da lehenbizi atera dena Baina hark eskua atzeratu eta anaia irten zen lehenago. Emaginak esan zuen: Hik bai duala urratu irtenbidea! Horregatik, Peretz, Urradura, eman zioten izena. Ondoren, anaia irten zen, hari gorria eskuan zuela. Eta Zerah eman zioten izena. Jose, Potifarren etxean Jose Egiptora eraman zuten ismaeldarrek. Egiptoar batek, Potifarrek hain zuzen, faraoiaren funtzionario eta guardiaburuak, erosi zien. Bere nagusi egiptoarraren etxean bizi zen Jose. Dena ongi ateratzen zitzaion, Jauna berekin baitzuen. Ohartu zen nagusia Josek berekin zuela Jauna eta denetan ongi ateratzen laguntzen ziola. Josek, bada, Potifarren estimua irabazi zuen, eta honek bere zerbitzurako hartu eta etxezain egin zuen eta ondasun guztien arduradun. Orduz gero, Jose zela eta, Jaunak egiptoarraren etxea bedeinkatu egin zuen, etxean nahiz landan zituen gauza guztiak bedeinkatu zituen. Dena Joseren gain utzi zuen, bada, Potifarrek eta aurrerantzean ez zen ezertaz arduratu, berak jaten zuenaz izan ezik. Jose eta Potifarren emaztea Itxura ederrekoa zen Jose. Denboralditxo bat iragan ondoren, nagusiaren emazteak, Joserengan begiak jarri eta esan zion: Zatoz nirekin ohera. Josek ezezkoa eman zion, esanez: Nire nagusiak ez du etxeko ezeren ardurarik, nire gain utzi baitu den-dena. Etxe honetan ez da ni baino goragokorik, eta ez dit ezer galarazi zeu izan ezik, bere emazte zaituelako. Nolatan egin, bada, halako gaiztakeriarik? Nolatan egin bekatu Jainkoaren aurka? Egunero esan eta esan ari zitzaion arren, Josek ez zion onartu berarekin oheratzea. Behin batean, etxean sartu beharra izan zuen Josek, lanarengatik. Ez zegoen une hartan beste zerbitzaririk barruan. Orduan, nagusiaren emazteak soinekotik heldu eta esan zion: Zatoz nirekin! Baina Josek soinekoa haren eskuetan utzi eta ihes egin zuen etxetik. Andreak, bere eskuetan soinekoa utzita kanpora ihes egin ziola ikusirik, etxeko zerbitzariei oihu egin zien, deiadarka esanez: Begira hebrear hau! Gure lepotik barre egiteko ekarri digute! Nirekin oheratu nahi zuen, baina oihuka hasi natzaio eta, nire oihu eta deiadarrak entzutean, bere soinekoa utzi eta ihes egin du kanpora. Bere aldamenean ezarri zuen Joseren soinekoa, senarra etxeratu arte. Honi gauza bera kontatu zion: Zuk ekarri diguzun esklabo hebrear hori nirekin gozatzeko asmoz etorri zait, baina oihuka eta deiadarka hasi naizenean, bere soinekoa utzi eta ihes egin du kanpora. Hara zer egin didan zure esklaboak ziotson emazteak. Hitz hauek aditzean, haserre bizitan jarri zen nagusia. Jose atxilotu eta erregearen presoak zeuden kartzelan sartu zuen. Jose espetxean Jose kartzelan preso zegoen. Alabaina, Jauna berekin zuen eta bere onginahia agertu zion. Hala, kartzelako arduradunaren estimua irabazi ahal izan zuen, eta honek bere gain utzi zion preso guztien ardura. Han barruan egiten zen guztia, Joseren aginduz egiten zen. Kartzelako arduradunak ez zion Joseri bere gain utzitako ezeren konturik eskatzen. Berekin zuen, bai, Jauna, eta egiten zuen guztietan ongi ateratzen laguntzen zion. Josek bi presoen ametsak argitu Gertakari hauen ondoren, Egiptoko erregearen edarizain eta okinen arduradunek iraindu egin zuten beren nagusi erregea. Haserretu zen faraoia bi zerbitzarion aurka eta atxilotu egin zituen guardiaburuaren etxeko kartzelan ezarriz, Jose preso zegoen tokian hain zuzen. Guardiaburuak Joseren ardurapean utzi zituen. Denboraldi bat preso egon ondoren, bi zerbitzariek amets egin zuten gau berean; bakoitzaren ametsak bere esanahi berezia zuen. Goizean etortzean, kezkati aurkitu zituen Josek bere nagusiaren etxean kartzelatuak zeuden faraoiaren funtzionarioak eta galdegin zien: Zergatik zaudete hain aurpegi-ilun? Haiek erantzun zioten: Amets egin dugu, eta ezin digu inork esanahia argitu. Josek esan zien: Jainkoari dagokio ametsen esanahia argitzea. Ea, konta iezazkidazue. Edarizainen arduradunak bere ametsa kontatu zion: Niri, neure ametsean, mahatsondo bat agertu zitzaidan; hiru aihen zituen mahatsondoak. Kimuberritu zen, loratu eta ondu egin ziren mahats-mordoak. Nik faraoiaren edalontzia nuen eskuan; mahats-mordoak hartu nituen eta, edalontzi gainean zukuturik, edalontzia faraoiaren eskuetan ezarri nuen. Josek esan zion: Hona argibidea. Hiru aihenek hiru egun adierazten dute. Hiru egun barru, faraoiak goraltxatu egingo zaitu eta lehengo karguan jarriko: faraoiaren eskuetan edalontzia ipiniko duzu, edarizainen arduradun zinenean bezala. Oroit zaitez nitaz orduan, ongi doakizunean; egidazu, arren, mesede hau: mintza zakizkio faraoiari nire alde, hemendik atera nazan. Indarrez bahitu ninduten israeldarren lurraldean, eta hemen ere ez dut kartzelan sartzea merezi duenik deus egin. Joseren argibidea egokia zela ikusirik, okin-arduradunak esan zion: Ba, nik neure ametsean hiru saski opil neuzkan buru gainean. Goreneko saskian, faraoiarentzat okinak egin ohi dituen jaki guztietatik zegoen, eta txoriek nire buru gaineko saskitik jaten zuten. Josek esan zion: Hona argibidea. Hiru saskiok hiru egun adierazten dute. Hiru egun barru, faraoiak goraltxatu egingo zaitu: zuhaitz batetik urkatuko zaitu eta txoriek haragia jango dizute. Hiru egunen buruan, faraoiak urtebetetze-eguna ospatu zuen eta bazkari eder bat antolatu bere funtzionario guztientzat. Hauen aurrean edarizainen eta okinen arduradunak goraltxatu zituen: edarizainen arduraduna bere karguan ezarri zuen berriro, faraoiari edaria zerbitzatzeko; okin-arduraduna, aldiz, urkarazi egin zuen, Josek adierazi bezala. Edarizainen arduraduna, ordea, ez zen Josez batere oroitu. .

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 06:50 pm
Powered by Dreamwidth Studios