eab9.

Aug. 27th, 2017 04:28 am
[personal profile] vasconica
Faraoiaren ametsa argitu Josek Handik bi urtera, amets bat izan zuen faraoiak. Nilo ibai ondoan zegoela, Nilotik atera eta ibaiertzean larrean hasi ziren zazpi behi ikusi zituen, itxura ederrekoak eta guriak. Ondoren, beste zazpi behi irten ziren Nilotik, itxura txarrekoak eta argalak, eta beste behien ondoan jarri ziren, ibaiertzean. Itxura txarreko eta argal hauek irentsi egin zituzten beste eder eta guri haiek. Une horretan, esnatu egin zen faraoia. Berriro lokartu eta amets egin zuen. Gerri beretik, zazpi galburu aletsu eta mardul sortu ziren; ondoren, beste zazpi galburu mehar sortu ziren, haize erreak ihartuak. Zazpi galburu meharrok irentsi egin zituzten beste aletsu eta bete haiek. Une horretan esnatu eta ametsa izan zela ohartu zen faraoia. Eguna zabaldu zuenean, oso urduri zegoen faraoia eta, Egiptoko azti eta jakintsu guztiei deiturik, ametsa kontatu zien. Baina inor ez zen gauza izan faraoiaren ametsak argitzeko. Orduan, edarizainen arduraduna mintzatu zitzaion, esanez: Gaur datorkit burura neure errua. Faraoi jauna, okin-arduraduna eta bion aurka haserretu zinen hartan, guardiaburuaren kartzelara eraman gintuzun. Gau batean, amets egin genuen biok, bakoitzaren ametsa bere esanahi bereziarekin. Bazen han gurekin hebrear gazte bat, guardiaburuaren esklaboa. Kontatu genizkion geure ametsak, eta hark bakoitzaren esanahia argitu zigun. Eta gertatu ere, berak eman zigun argibidearen arabera gertatu zitzaigun: ni neure karguan ezarri ninduzun berriro; bestea, aldiz, urkatu. Faraoiak Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala kartzelatik atera zuten. Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana eraman zuten. Honek esan zion: Amets bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko gauza denik. Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren esanahia. Josek ihardetsi zion: Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna zeure onerako. Faraoiak kontatu zion: Nire ametsean, Nilo bazterrean nengoela, zazpi behi guri eta eder ibaitik atera eta larrean hasi ziren. Ondoren, beste zazpi behi itxura txarreko eta argal atera ziren. Haiek bezain eskasik ez zen inoiz ordu arte ikusi Egipto lurraldean. Behi argal eta eskas hauek, ordea, lehengo zazpi behi guriak irentsi zituzten. Eta, sabelean eduki arren, ez zitzaien igartzen, lehen bezain itxura txarra baitzuten. Une horretan esnatu nintzen. Amets egin nuen berriro: gariaren gerri beretik zazpi galburu aletsu eta eder erne ziren. Ondoren, beste zazpi galburu erne ziren: zimel, mehar eta haize erreak ihartuak. Zazpi galburu mehar hauek irentsi egin zituzten beste zazpi eder haiek. Azaldu dizkiet aztiei ametsok, baina ezin izan dit inork berorien esanahia adierazi Josek esan zion faraoiari: Bat bera dira, faraoi jauna, zure ametsak: Jainkoak zer egingo duen jakinarazten dizu. Zazpi behi ederrak zazpi urte dira, zazpi galburu ederrak bezalaxe, bat bera baita bi ametsen esanahia. Hauen ondoren etorritako zazpi behi eskas eta argalak ere zazpi urte dira, eta zazpi galburu mehar eta haize erreak ihartuak beste zazpi urte: zazpi gose-urte. Esaten dizudan honetan, faraoi jauna, Jainkoak zer egingo duen jakinarazi dizu. Begira, zazpi urtetan asetasun handia izango da Egipto lurralde osoan. Ondoren, beste zazpi urte etorriko dira: aurreko asetasunaren aztarnarik ere ez da geldituko, goseak jota utziko baitu lurraldea. Aurrerantzean, asetasuna zer denik ere ez da jakingo ondoren etorriko den goseteagatik, hain larria izango baita. Eta amets bat bera behin eta birritan egiteak, Jaunak erabakia duela eta betetzeko prest dagoela adierazten du. Orain, beraz, faraoi jauna, hauta ezazu gizon argi eta jakintsua, eta emaiozu aginpidea Egipto guztiaren gain. Ezar itzazu gainbegiraleak, zazpi urteko asealdian lurreko emaitzetatik bosteko baten zerga bil dezaten. Etortzeko diren urte on horietan, janari ugari jaso eta bil dezatela zure ardurapean, eta hirietan gorde. Horrela, janari hori gorderik geldituko da Egipto lurraldean izango diren zazpi gose-urteetarako, eta goseteak ez du lurralde hau hondatuko. Jose Egiptoko erregeorde Ongi iruditu zitzaion proposamena faraoiari, baita honen funtzionarioei ere. Beraz, faraoiak esan zien: Aurki ote genezake Jainkoaren espiritua honek bezala izango duen gizonik? Eta Joseri esan zion: Ez daiteke inor zu baino gizon argi eta zuhurragorik izan, Jainkoak gauza guztietan aditua izatea eman dizunez gero. Zeu izango zara, bada, nire jauregiko buru, eta zuk esana egingo du herri osoak. Neu bakarrik izango nauzu gainetik, errege naizenez. Hara, Egipto osoaren gain ematen dizut agintea Hau esanik, faraoiak bere behatzetik eraztuna atera eta Joserenean ezarri zuen; liho finezko arropak jantzarazi zizkion eta urrezko lepoko katea ipini. Gero, bere bigarren zalgurdira igoarazi zuen, aurretik oihuka zihoazkiolarik: Kontuz! Honela eman zion faraoiak Joseri agintea Egipto osoaren gain. Esan zion era berean: Neu nauzu faraoia, baina zure baimenik gabe ezin izango du inork behatz txikia ere altxatu Egipto lurralde guztian Faraoiak Tzafnat-Panea izena ezarri zion Joseri, eta Asenat, On hiriko apaiz Poti-Feraren alaba, eman zion emaztetzat. Beraz, Egiptoko agintari gertatu zen Jose. Hogeita hamar urte zituen faraoiaren, Egiptoko erregearen, aurrera eraman zutenean. Faraoiagandik alde egin eta berehala, Egipto lurralde guztiaren itzulia egin zuen. Zazpi urte oparo haietan uzta ugaria eman zuen lurrak. Eta zazpi urte oparo haietan jangai ugari bildu zuen Josek, eta hirietan gorde, hiri bakoitzean inguruko soroetan bildutakoa. Erruz pilatu zuen garia, itsas hondarra bezain ugari. Hain ugaria zenez, kontatzeari ere utzi egin behar izan zion. Joseren semeak Gosete-urteak iritsi aurretik, bi seme sortu zizkion Joseri Asenatek, On hiriko apaiz Poti-Feraren alabak. Lehen-semeari Manases eman zion izen, esanez: Jainkoak ahantzarazi dizkit neure atsekabe eta ahaide guztiak Bigarrenari Efraim eman zion izen, esanez: Jainkoak fruitua emanarazi dit neure atsekabeen lurralde honetan Jakobek bere semeak Egiptora bidali Amaitu ziren Egipton ugaritasunezko zazpi urteak, eta urritasunezko zazpi urteak hasi ziren, Josek esan bezala. Gosetea nagusitu zen lurralde guztietan; Egipto osoan, ordea, ez zen ogirik falta. Gerora, Egipto lurralde guztira ere hedatu zen gosetea, eta herria faraoiari joan zitzaion oihuka ogi eske. Faraoiak esan zien: Zoazte Joserengana eta egizue berak esandakoa. Gosetea lurralde osora zabaltzean, Josek aletegi guztiak ireki eta alea egiptoarrei saldu zien. Gosetea gero eta latzagoa zen Egipto aldean. Beste lurraldeetatik ere jende asko zetorren Egiptora Joseri alea erostera, latza baitzen gosetea alde guztietan. Jakin zuen Jakobek bazela Egipton garia, eta honela mintzatu zitzaien semeei: Zertan zaudete elkarri begira? Egipton garia badela jakin dut. Jaitsi, bada, garia erostera, bizi ahal gaitezen eta ez goseak hil. Jaitsi ziren, bada, Joseren hamar senideak Egiptora garia erostera. Jakobek ez zuen Benjamin, Joseren anaia, beste senideekin bidali nahi izan, zorigaitzen bat gertatuko ote zitzaion beldurrez. Besteak bezala, beraz, Israelen semeak ere Egiptora joan ziren garia erostera, Kanaan lurraldean gosete handia zenez gero. Senideek Jose ezagutu ez Jose zen lurralde hartako nagusia; berak saltzen zion garia jende guztiari. Heldu ziren, bada, Joseren senideak eta ahuspeztu egin zitzaizkion. Ikusi orduko ezagutu zituen Josek bere senideak. Baina ez zien bere burua ezagutarazi; gainera, zakar mintzatu zitzaien: Nondik zatozte? Haiek erantzun: Kanaan lurraldetik, garia erostera. Ezagutu zituen, bai, Josek bere senideak, baina hauek ez bera. Jose haietaz izandako ametsez oroitu zen, eta honela hitz egin zien: Zelatariak zarete zuek, lurralde honetako alderdi zaindu gabeak miatzera etorriak. Haiek erantzun: Ez, jauna; zure zerbitzariok garia erostera etorri gara. Aita bat beraren semeak gaituzu; gizon zintzoak gara eta ez zelatariak. Josek esan zien: Ez horixe! Zuek lurralde honetako alderdi zaindu gabeak miatzera etorri zarete. Haiek, ordea: Zure zerbitzariok hamabi ginen, aita bat beraren semeak, Kanaan lurraldekoak; gazteena aitarekin da orain eta bestea ez da gure artean. Josek, berriro: Horixe zelatariak zaretela! Eta besterik frogatu nahi baduzue, ekatzue hona zeuen anaia gazteena. Bien bitartean, ala faraoia!, ez zarete hemendik aterako. Bidali zeuetariko bat anaiaren bila; gainerakoak preso geldituko zarete; honela frogatuko duzue egia diozuela. Bestela, ala faraoia!, zelatariak zarete. Eta kartzelara sartu zituen hiru egunerako. Josek beste proba bat ezarri anaiei Hirugarren egunean Josek esan zien: Egizue nire esana eta bizirik aterako zarete, nik neuk ere begirune baitiot Jainkoari. Egia baldin badiozue, geldi bedi zuetariko bat preso, guztiok egon zareten kartzela horretan. Gainerakook joan zintezkete garia eramatera etxekoen gosea asetzeko. Gero, ekarri zeuen anaia gazteena. Orduan frogatuko duzue egia diozuela eta ez zarete hilko. Onartu zuten proposamena. Bien bitartean honela ziotsoten elkarri: Ai ene! Geure anaiari eginikoa ari gara ordaintzen. Estuasunean ikusi eta erreguka ari zitzaigunean, ez genion jaramonik egin. Hara nondik datorkigun oraingo larrialdi hau! Rubenek esan zien: Esan nizuen nik mutikoari kalterik ez egiteko, baina ez zenidaten jaramonik egin. Orain, haren heriotzaren kontua eskatzen zaigu. Ez zekiten Josek ulertzen ziela, itzultzaile baten bitartez mintzatzen baitzitzaien. Josek, haiengandik urrunduz, negarrari eman zion. Gero, berriro etorri eta beraiekin mintzatzen jarraitu zuen. Azkenik, Simeon hartu eta beraien aurrean atxilotu zuen. Gero, haien zakuak gariz bete, bakoitzari bere dirua itzuli eta biderako jan-edariak emateko agindu zuen. Eta hala egin zieten. Zakuak asto gainean kargatu eta alde egin zuten. Gaua igarotzeko gelditu zirenean, batek, astoari pentsua emateko zakua ireki zuelarik, dirua zaku-muturrean aurkitu zuen. Anaiei esan zien: Dirua itzuli egin didate. Begira nire gari-zakua. Asaldaturik eta zur eta lur eginik, honela ziotsoten elkarri: Zergatik egin ote digu hau Jainkoak? Anaiak etxera itzuli Kanaan lurraldera iristean, beren aita Jakobi kontatu zioten gertatutako guztia, esanez: Lurralde hartako jaun den gizonak zakar hitz egin digu, eta zelataritzat hartu gaitu. Guk, gizon zintzoak garela eta ez zelatariak esan diogu. Hamabi anaia ginela, aita bat beraren seme; anaia bat ez zegoela jadanik gurekin eta gazteena aitarekin zela Kanaanen. Orduan, lurralde hartako jaun den gizonak esan digu: Honela jakingo dut gizon zintzoak zaretela: zuetako bat nirekin geldituko da; besteok hartu etxekoen gosea asetzeko garia eta joan. Ekardazue gero zeuen anaia gazteena, eta orduan jakingo dut zelatariak ez, baizik gizon zintzoak zaretela. Ondoren itzuliko dizuet anaia, eta lurralde honetan ibili ahal izango zarete. Zakuak husterakoan, nork bere diru-zorroa zaku-muturrean zeukan. Diru-zorroak ikustean, beldurtu egin ziren aita-semeak. Orduan, Jakobek esan zien: Semerik gabe utzi behar nauzue: Jose falta dut, Simeon ere bai eta, orain, Benjamin kendu nahi didazue. Zoritxarra zoritxarraren gain niretzat! Rubenek esan zion aitari: Utzi Benjamin nire kontu, eta neuk itzuliko dizut. Itzuliko ez banizu, hil nire bi semeak! Jakobek, orduan: Ez da jaitsiko nire semea zuekin, hila baitu bere anaia eta bera bakarrik gelditzen zait Rakelengandik. Bidean zoritxarren bat gertatuko balitzaio, agure hau Hildakoen Egoitzara jaitsaraziko zenukete atsekabez. Jakobek joaten utzi Benjamini Gosetea latza zen Kanaan lurraldean. Egiptotik ekarritako garia ahitu zenean, Jakobek bere semeei esan zien: Zoazte berriro garia erostera. Judak erantzun zion: Gizon hark argi eta garbi esan zigun bere aurrera ez agertzeko, anaia gurekin eraman gabe. Beraz, anaia bidali nahi baduzu, jaitsiko gara garia erostera. Baina nahi ez baduzu, ez gara jaitsiko, gizon hark bere aurrera ez agertzeko esan baitzigun, anaia gurekin eraman ezean. Israelek esan zuen: Eta zergatik esan behar zenioten gizon hari beste anaia bat zenutela? Jota utzi nauzue. Haiek erantzun: Gizon hura galde eta galde ari izan zitzaigun gutaz eta gure etxekoez: Bizi al duzue oraindik aita? Beste anaiarik ba al duzue? Eta galderei erantzun besterik ez genuen egin. Burutik pasako al zitzaigun, bada, anaia eramateko esango zigunik? Judak bere aita Israeli esan zion: Bidali mutikoa nirekin. Abia gaitezen. Bestela denok hilko gara: zu, gu eta gure umeak. Neure gain hartzen dut zure semearen erantzukizuna; neuri eskatu kontuak. Itzultzen ez badizut eta aurrera ekartzen ez, errudun izango nauzu betiko! Hainbeste luzatu ez bagina, honezkero egina genukeen birritan ere joan-etorria. Aita Israelek esan zien: Beharrezkoa baldin bada, joan, hartu zorroetan lurreko fruiturik hoberenak eta eskaini oparia gizon hari: ukendu, ezti, usaingarri, mirra, intxaur eta almendrak, denetik pixka bat. Hartu dirua ere eta itzuli zeuen zaku-muturrean ekarritakoa, okerren bat izan da eta. Eraman zeuen anaia eta itzuli gizon harengana. Jainko ahaltsua lagun, aurki dezazuela gupida gizon haren aurrean, eta Benjaminekin eta beste anaiarekin, Simeonekin, itzuli etxera. Niri dagokidanez, semerik gabe gelditu behar badut, geldi nadila. Josek bere senideak onartu Oparia, dirua eta Benjamin berekin harturik, Egiptora jaitsi ziren Jakoben semeak eta Joseren aurrera aurkeztu. Ikusi zuen Josek Benjamin ere haiekin zela, eta jauregiko arduradunari esan zion: Eramatzazu gizon hauek etxera; hil abere bat eta atondu, nirekin bazkalduko baitute gaur. Bete zuen etxeko arduradunak Josek agindua, eta etxera eraman zituen. Beldurtu ziren Joseren senideak haren etxera eraman zituztenean. Pentsatu zuten: Gari-zakuetan aurreko txandan itzulitako diruarengatik eramaten gaituzte. Orain, gainera oldartuko zaizkigu, esklabotzat hartzeko, geure asto eta guzti Beraz, etxean sartzean, Joseren etxeko arduradunari hurbildu eta esan zioten: Entzun, jauna. Aurreko txandan jaitsi ginen hona garia erostera. Gaua igarotzeko geldialdia egitean, gari- zakuak ireki genituen eta nork bere dirua aurkitu zuen zaku- muturrean. Hemen itzultzen dizugu orain, eta beste horrenbeste dakargu janaria erosteko. Ez dakigu nork ezarri zuen dirua gari- zakuetan Etxeko arduradunak honela esan zien: Zaudete lasai! Ez kezkatu! Zeuen Jainkoak, zeuen aitaren Jainkoak, ezarriko zizuen altxor hori gari-zakuetan, nik jasoa baitut zuen dirua. Simeon aske utzi eta denak Joseren etxean sarrarazi zituen. Gero, ura ekarri zien oinak garbitzeko eta belarra astoei jaten emateko. Jose bere senideekin bazkaltzen Otordua han egingo zutela jakitean, senideek opariak prestatu zituzten, Jose eguerdirako etorri zain zeuden bitartean. Jose etxera iristean, opariak eskaini zizkioten eta lurreraino ahuspeztu zitzaizkion. Agurtu ondoren, Josek galdetu zien: Eta ongi al da aipatu zenidaten aita zaharra? Bizi al da oraindik? Zure zerbitzari den gure aita bizi da, bai, oraindik, eta ongi dago erantzun zioten, berriro makurtuz eta ahuspeztuz. Gero, Josek, ama berarengandiko senide zuen Benjaminengan begiak jarririk, esan zuen: Hori al da zuek aipatu zenidaten anaia gazteena? Bejondaiala, seme! Anaiaz bihotz-hunkiturik, negargurak eman zion eta, presaka bere gelara joanez, negar egin zuen. Gero, aurpegia garbituz, gelatik atera eta, adore harturik, bazkaria zerbitzatzeko agindu zuen. Aparte eman zioten jaten Joseri, aparte bere anaiei eta aparte Joseren gonbidatu egiptoarrei. Izan ere, egiptoarrei ez zaie zilegi hebrearrekin batera jatea; beren erlijio-ohiturek galarazten diete. Anaiak Joseren aurrez aurre zeuden eseriak, zaharrenetik gazteenera, eta harriturik elkarri begira. Bere aurrean zituen janarietatik zerbitzarazi zien Josek; Benjamini eman zion zatia besteena baino bost aldiz handiagoa zen. Alai-alai jartzeraino edan zuten elkarrekin. Edalontziaren proba Josek agindu hau eman zion etxeko arduradunari: Bete leporaino janariz gizon hauen zakuak, ezarri bakoitzari bere dirua zaku-muturrean, eta diruarekin batera nire edalontzia, zilarrezkoa, gazteenaren zaku-muturrean. Hark Joseren esana bete zuen. Biharamun goizean bidali zituzten Joseren senideak beren astoekin. Oraindik hiritik urrutira gabe zeudela, Josek etxeko arduradunari esan zion: Zoaz gizon horien atzetik eta, atzemandakoan, esaiezu: Zergatik itzuli duzue gaizkia ongiaren truke? Zergatik ostu diozue nire nagusiari, edateko eta etorkizuna iragartzeko erabiltzen duen edalontzia? Benetan oso gaizki jokatu duzue! Harrapatu zituen etxeko arduradunak, eta agindu bezala mintzatu zitzaien. Haiek erantzun: Ez zaitez horrela mintza, jauna! Zure zerbitzariok ez gara horrelakorik egiteko gauza! Aurrekoan gure zaku-muturrean aurkitutako dirua ere Kanaandik ekarri dizugu. Nola ostuko genuen, bada, zilar edo urrerik zure nagusiaren etxean? Beraz, gutariko bati edalontzia aurkitzen bazaio, hila bedi; eta gu geu, jauna, zure esklabo bihurtuko gara. Etxeko arduradunak, orduan: Ongi da! Baina edalontzia aurkitzen zaion hura bakarrik bihurtuko da nire esklabo; besteok errugabe izango zarete. Berehala, nork bere zakua lurrera eraitsi eta ireki egin zuen. Gizonak anaia guztien zakuak ikertu zituen. Benjaminen zakuan aurkitu zuten edalontzia. Orduan, anaiek beren jantziak urratu zituzten eta, nork bere astoa kargaturik, hirira itzuli ziren. Juda eta beste anaiak Joseren etxean sartu hantxe baitzegoen oraindik Jose eta lurreraino ahuspeztu zitzaizkion. Josek esan zien: Baina, zer egin duzue? Ez al zenekiten ni bezalako batek den- dena igar dezakeela? Judak erantzun zion: Zer esan diezazukegu, jauna? Zein aitzakia jarri? Nola zuritu geure burua? Jainkoak berak nabarmen jarri du gure bekatua. Zeure esklabo gaituzu, jauna, gu denok eta bai edalontzia aurkitu zaiona ere. Josek erantzun zuen: Ez dut inola ere horrelakorik egingo! Edalontzia aurkitu zaion hura bakarrik izango da nire esklabo; gainerako guztiok zoazte bakean zeuen aitarengana. Juda Benjaminen alde atera Judak, Joserengana hurbilduz, esan zion: Arren, jauna, utziozu zeure zerbitzari honi bi hitz esaten; faraoiaren pareko zara zu eta ez zakizkit haserre! Aurreko txandan zuk, jauna, aitarik nahiz beste anaiarik ba ote genuen galdetu zenigun. Baietz erantzun genizun: bagenuela oraindik aita zaharra, eta zahartzaroan jaio zitzaion seme bat ere bai. Gure aitak oso maite zuela, berau zelako bere emazte kutunarengandik gelditzen zitzaion bakarra, bestea hila zuenez. Anaia hura hona ekartzeko esan zenigun zure zerbitzarioi, ikusi nahi zenuela eta. Guk, aldiz, adierazi genizun, jauna, mutikoak ezin zuela aita utzi, aita hilko ez bazen. Zuk, hala ere, gure anaia gurekin ez bazetorren, ez azaltzeko berriro zure aurrera esan zenigun. Gure aitarengana itzulirik, zuk esandakoa adierazi genion. Handik aldi batera, garia erostera berriro itzultzeko agindu zigun, eta guk erantzun genion ez gintezkeela etor geure anaia gazteena geurekin ez bagenekarren, hura gabe ezin ginela zure aurrera agertu. Orduan, zure zerbitzari den gure aita honela mintzatu zitzaigun: Dakizuenez, neure emazte Rakelek bi seme sortu zizkidan. Batak alde egin zidan eta ez dut berriro ikusi: piztiaren batek irentsi duelakoan nago. Beste hau eraman eta zoritxarren bat gertatuko balitzaio, ni, agure hau, atsekabez hilko nintzateke. Orain, bada, ez naiteke joan zure zerbitzari den gure aitarengana hain berea duen mutikoa gabe. Gurekin ez doala ohartu orduko, hilko litzateke; geure aita zaharra atsekabez hilobiratuko genuke. Gainera, nik, zure zerbitzari honek, neure gain hartua dut mutikoaren erantzukizuna; hitza eman nion aitari; berekiko errudun izango nintzateke betiko, itzuliko ez banio. Horregatik, bada, har nazazu esklabotzat mutikoaren ordez, eta doala hau anaiekin. Ez naiteke aitarengana itzul neure anaia Benjamin gabe. Ez nuke ikusi ere nahi gure aitak hartuko lukeen atsekabea. Josek bere burua ezagutzera eman anaiei Josek, bere sentipenei gehiago eutsi ezinik, inguruan zituen egiptoarrei agindu zien: Atera denok hemendik! Hala, ez zen Joserekin inor gelditu, anaiei bere burua ezagutzera eman zienean. Orduan, negarrari eman zion ozenki. Entzun zioten egiptoarrek, eta faraoiaren jauregian ere honen berri izan zuten. Josek bere senideei esan zien: Jose nauzue! Bizi al da oraindik aita? Anaiek, izuaren izuz, ez zuten erantzuten asmatzen. Orduan, Josek: Tira, hurbildu niregana! Hurbildu zitzaizkionean, honela jarraitu zuen: Bai, Jose nauzue, zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu zenutena. Baina ez izan orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako. Jainkoak zuen aurretik etorrarazi nau, bizia izan dezazuen. Bi urte dirau goseteak lurralde osoan eta datozen bost urteetan ere ez da hazirik ereingo, ez uztarik bilduko. Jainkoak zuen aurretik bidali nau, zuentzat behar adina janari gordetzeko eta zuek harrigarriro salbatzeko. Beraz, ez nauzue zuek bidali, Jainkoak baizik. Berak jarri nau faraoiaren ordezko, bere etxeko buru eta Egipto osoko agintari. Ea, bada, itzuli arin aitarengana eta esaiozue: Hau dio zure seme Josek: Jainkoak Egipto osoko buru jarri nau. Zatoz niregana! Ez luzatu! Goxen lurraldean biziko zarete, niregandik hurbil, zeu, zure seme-alabak eta bilobak, zure artalde eta behi-taldeak eta daukazuen guztia. Han hornituko zaituztet janariz zeu, zure etxekoak eta zure abere-taldeak. Ez zaizu ezer faltako, beste bost gose-urte gelditzen diren arren Beste hau ere esan zien Josek: Bai zuek, bai Benjaminek, zeuen begiz egiazta dezakezue ni neu naizela hitz egiten ari natzaizuena. Kontaiozue aitari ikusitako guztia eta azaldu berari zein aginpide handia dudan Egipton. Zoazte arin eta ekarri lehenbailehen hona aita. Josek Benjamini lepotik heldu, eta negar batean aritu ziren biak besarkaturik. Eta, negarrez jarraiki, beste anaiak ere besarkatu zituen. Orduan, anaiak hitz egiten hasi zitzaizkion. Faraoiak Jakob gonbidatu Egiptora Honen guztiaren berri izan zuten faraoiaren jauregian; Joseren anaiak etorri dira Egiptora, zioten. Atseginez jaso zuten albistea faraoiak eta honen funtzionarioek. Faraoiak esan zion Joseri: Esaiezu anaiei astoak prestatu eta Kanaanera itzultzeko, aita eta etxekoak hartu eta nire ondora etor daitezen. Egiptoko eskualderik joriena emango diet, eta lurraldeko emaitzarik hoberenak izango dituzte janari. Agindu, orobat, hartzeko zenbait gurdi Egipton beren emazte eta seme-alabentzat, eta, aita harturik, etortzeko. Ez daitezela ardura han uzten dutenaz, Egiptoko eskualderik emankorrena izango baitute. Hala egin zuten Israelen semeek. Faraoiak agindu bezala, gurdiak eman zizkien Josek bere anaiei, baita biderako jan-edariak ere. Bakoitzari aldatzeko jantziak eman zizkion. Benjamini, gainera, bost jantzi eta zilarrezko hirurehun txanpon. Aitari hamar asto bidali zizkion, Egiptoko emaitzarik hoberenez kargaturik, eta hamar asteme gari-alez, ogiz eta jakiz kargaturik. Anaiei, bidean beren arteko liskarrik ez izateko erregutu ondoren, agur egin zien. Irten ziren, bada, Egiptotik eta, Kanaanera, beren aita Jakobengana, heldu zirenean, berria eman zioten: Bizi da Jose oraindik eta bera da agintari Egipto lurralde osoan Jakobek, halaz guztiz, ez zuen zirkinik ere egin, ezin sinetsirik. Baina Josek esandako guztia kontatu ziotenean eta bera eramateko bidali zizkion gurdiak ikusi, piztu zitzaion bihotza eta esan zuen: Bizi da nire seme Jose! Ez dut besteren beharrik! Noan ikustera, hil baino lehen! .

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 06:50 pm
Powered by Dreamwidth Studios