eab1

Aug. 25th, 2017 07:49 am
[personal profile] vasconica
HASIERAN Munduaren eta gizadiaren jatorria Zeru-lurren kreazioa Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen. Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen. Eta Jainkoak esan zuen: Izan bedi argia Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik: argiari egun eman zion izen eta ilunpeei gau Honela, lehen eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiz ditzan Eta hala izan zen. Jainkoak sabaia egin zuen eta sabai azpiko urak sabai gainekoetatik bereizi zituen. Jainkoak sabaiari zeru eman zion izen. Honela, bigarren eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: Bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra Eta hala izan zen. Lehorrari lur eman zion izen eta ur- multzoari itsaso Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Jainkoak esan zuen: Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta orotariko fruta-arbolak beren hazi eta guzti Eta hala izan zen. Eta lurrak orotariko hazidun landareak eta fruta-arbolak beren hazi eta guzti eman zituen. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, hirugarren eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: Izan bitez argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak ezagutarazteko. Izan bitez zeru-sabaian lurrari argi egiteko Eta hala izan zen. Jainkoak bi argizagi handi egin zituen: handiena egunaren gain jartzeko eta txikiena gauaren gain. Eta izarrak ere egin zituen. Zeru-sabaian ezarri zituen lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren gain jartzeko, argia eta ilunpea bereizteko. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, laugarren eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: Egin bezate urek borbor bizidunez; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean Jainkoak itsas arraintzarrak sortu zituen, uretan borbor dabiltzan orotariko bizidunak eta orotariko hegaztiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Eta bedeinkatu egin zituen, esanez: Sor itzazue umeak, ugaldu eta bete itsas urak; ugal bitez hegaztiak ere lurraren gainean Honela, bosgarren eguna burutu zen. Jainkoak esan zuen: Eman bitza lurrak orotariko bizidunak: abereak, piztiak eta narrastiak Eta hala izan zen. Jainkoak orotariko bizidunak sortu zituen: abereak, piztiak eta narrastiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Jainkoak esan zuen: Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen. Eta bedeinkatu egin zituen, esanez: Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; mendera itzazue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak Jainkoak esan zien: Hara, zeuei ematen dizkizuet lurrazalean diren hazidun landare guztiak eta hazidun fruta-arbola guztiak; horiek izango dituzue janari. Abere, zeruko hegazti eta lurrean narraska dabiltzan bizidun guztiei, berriz, belar hezea ematen diet janari Eta hala izan zen. Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak. Honela, seigarren eguna burutu zen. Honela burutu zituen Jainkoak zeru-lurrak, berauetan dagoen guztiarekin. Zazpigarren egunerako burutu zuen Jainkoak berak eginiko lana eta zazpigarren egunean lanari utzi zion. Eta bedeinkatu egin zuen zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu baitzuen atseden kreazio-lanetik. Hau da zeru-lurren kreazioaren historia. Gizakiaren kreazioa Jainko Jaunak zeru-lurrak egin zituenean, ez zegoen oraindik landarerik lurrean, ezta belarrik ere erneta, Jainko Jaunak ez baitzion oraindik lurrari euririk eman, eta ez baitzen lurra lantzeko gizakirik. Hala ere, lurrazala hezetzen zuen lurrina zerion lurrari. Orduan, Jainko Jaunak lur-hautsez gizona moldatu zuen; sudur- zuloetan bizi-arnasa putz egin zion, eta gizona bizidun bilakatu zen. Ondoren, Jainko Jaunak baratzea landatu zuen Edenen, ekialdean, eta hantxe ezarri moldaturiko gizona. Orotariko zuhaitzak sorrarazi zituen lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak. Baratze erdian bi zuhaitz ernearazi zituen: batak bizia ematen zuen eta besteak dena ezagutzeko ahalmena. Edendik ibai bat sortzen zen; baratzea ureztatu eta gero, lau adarretan banatzen zen. Lehenari Pixon zeritzan; urrea aurkitzen den Habilako lurraldea inguratzen du. Urre ona hangoa; badira han erretxina eta harribitxiak ere. Bigarrenari Gihon zeritzan; honek Etiopiako lurralde guztia inguratzen du. Hirugarrenari Tigris, Axurko ekialdetik doana. Laugarrenari Eufrates. Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan. Eta agindu zion: Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu; baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara Emakumearen sorrera Gero, esan zuen Jainko Jaunak: Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna Jainko Jaunak, landako abere guztiak eta zeruko hegazti guztiak lurrez moldatu eta gizonari eraman zizkion zein izen ezartzen zien ikusteko; honela, bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen. Beren izena jarri zien, beraz, abere guztiei, zeruko hegaztiei eta piztiei; baina berari zegokion lagunik ez zuen aurkitu. Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilarazi zuen gizona. Loak hartu zuenean, saihets-hezur bat kendu zion, hezurraren hutsunea haragiz bete ziolarik. Jainko Jaunak gizonari kenduriko saihets-hezurrez emakumea moldatu eta gizonari eraman zion. Honek esan zuen: Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi! Emakume izango da deitua, gizakumeagandik izan baita hartua Hargatik, gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izango dira. Biluzik zeuden gizona eta emaztea; hala ere, ez zuten elkarren lotsarik. Jainkoaren agindua hautsi Sugea zen Jainko Jaunak egindako piztiarik maltzurrena. Sugeak esan zion emakumeari: Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guztietako fruituetarik jatea? Emakumeak erantzun: Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruituetarik. Baratze erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik esan digu Jainkoak: Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil nahi ez baduzue Ez zarete inolaz ere hilko esan zion sugeak Ongi daki Jainkoak, hartatik jan dezazuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz. Ikusi zuen emakumeak fruitua gozoa zela, arbola ikusgarria eta jakituria lortzeko desiragarria. Hartu zuen, beraz, haren fruituetariko bat eta jan egin zuen. Gero, bere senarrari eman eta honek ere jan egin zuen. Orduan, begiak zabaldu zitzaizkien eta biluzik zeudela ohartu ziren. Piku-hosto batzuk josi eta estalki bana egin zuten. Arratsean, gizonak eta emazteak baratzean zebilen Jainko Jaunaren oin-hotsa entzun zuten eta harengandik gorde egin ziren zuhaitz artean. Baina Jainko Jaunak dei egin zion gizonari: Non zara? Gizonak erantzun: Zure oin-hotsa baratzean entzun dudanean, beldurtu eta gorde egin naiz, biluzik nagoelako. Jainkoak esan zion: Eta nork jakinarazi dizu biluzik zaudela? Galarazi nizun arbolako fruitua jan al duzu? Gizonak erantzun: Laguntzat eman didazun emakumeak fruitua eskaini dit eta jan egin dut. Jainko Jaunak esan zion emakumeari: Zer egin duzu? Emakumeak erantzun: Sugeak engainatu nau eta jan egin dut. Orduan, Jainko Jaunak sugeari esan zion: Hori egin dualako, madarikatua hi abere guztien artean eta basapiztia guztien artean! Sabel gainean arrastaka ibiliko haiz eta hautsa jango duk heure bizitzako egun guztietan. Elkarren etsai egingo zaituztet hi eta emakumea, hire eta haren ondorengotza; honek burua zapalduko dik eta hik orpotik helduko diok Emakumeari esan zion: Haurdun gelditzean, oinazeak ugalduko dizkizut eta saminez izango dituzu haurrak; irritsak senarrarengana bultzatuko zaitu, eta hura izango duzu nagusi Eta gizonari esan zion: Emaztearen esanari jaramon egin eta galarazi nizun zuhaitzetik jan duzunez gero, madarikatua lurra zure erruz! Nekearen nekez aterako diozu janaria zeure bizitzako egun guztietan. Sasia eta laharra emango dizkizu, basalandarez elikatu beharko duzu. Zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia, lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara Edendik kanporatuak Gizonak bere emazteari Eva, hau da, Bizi eman zion izen, bizidun guztien ama delako. Jainko Jaunak larruzko arropaz jantzi zituen gizona eta emaztea. Gero, Jainko Jaunak esan zuen: Horra gizakia gutariko bat bihurtua, dena ezagutzeko ahalmena duelarik. Ez dezala orain bizi-arbolako fruiturik hartu eta, hura janez, betiko bizi. Beraz, Jainko Jaunak, Edengo baratzetik bota egin zuen, lurra landu zezan, handik izan baitzen hartua. Gizakia bota ondoren, izaki hegaldun batzuk jarri zituen Edengo baratzearen ekialdean, suzko ezpata distiratsuak zituztela, bizi-arbolarako pasabidea ixteko. Kain eta Abel Gizonak bere emazte Evarekin harremanak izan zituen. Haurdun gelditu zen Eva, eta Kain hau da, Eskuratua izan zuen. Orduan, esan zuen: Gizon bat eskuratu dut Jaunari esker Gero, haren anaia Abel izan zuen. Abel artzain bilakatu zen; Kain, berriz, nekazari. Handik aldi batera, Kainek lurreko fruituen eskaintza egin zion Jaunari. Abelek ere ekarri zituen artaldeko lehen bildotsak eta ardi-gantza. Jaunak abegi on egin zien Abeli eta honen emaitzari; ez, ordea, Kaini eta honen emaitzari. Kain biziki haserretu zen, eta kopetilun zebilen. Jaunak esan zion, orduan: Zergatik zaude haserre? Zergatik kopetilun? Zuzen jokatuko bazenu, argituko litzaizuke aurpegia; baina oker zabiltzanez gero, atean duzu bekatua, gainera erortzeko zain. Hala ere, mendera dezakezu. Behinola, Kainek esanda, Abel eta biak landara elkarrekin joan zirelarik, Kainek anaiari eraso eta hil egin zuen. Jaunak esan zion Kaini: Non da anaia? Kainek erantzun: Ez dakit. Anaiaren zaintzaile ote naiz, bada, ni? Jaunak, orduan: Zer egin duk? Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak. Horregatik, madarikatu egiten hau hik isuritako odola edan duen lurrak. Lurra landuko duk, baina ez dik fruiturik emango; noraezean ibiliko haiz munduan. Kainek esan zion Jaunari: Astunegia dut zigor hau, eraman ahal izateko. Gaur lur hauetatik botatzen nauzularik, zure begi-bistatik urrun eta munduan noraezean ibili beharko dut; hala, aurki nazan edonork hil egingo nau. Jaunak, ordea, erantzun zion: Ez horixe! Kain hiltzen duena, zazpi aldiz gogorrago izango da zigortua. Eta Jaunak ezaugarri bat ezarri zion Kaini, aurkitzen zuen inork hil ez zezan. Honela, Kain, Jaunarengandik aldendurik, Nod lurraldean bizi izan zen, Edenez ekialdera. Kainen senitartea Kain bere emazteari batu eta haurdun gelditu zen emaztea, eta Henok izan zuen. Hiri bat eraiki zuen Kainek eta Henok eman zion izen, bere semeari bezala. Henok Iraden aita izan zen; Irad Mehuiaelena; Mehuiael Metuxaelena, eta Metuxael Lamekena. Lamekek bi emazte hartu zituen. Batak Ada zuen izena, besteak Tzila. Adak Jabal sortu zuen, oihal-etxoletan bizi diren abeltzainen arbasoa. Honen anaiak Jubal zuen izena, zitara- eta txirula- jotzaileen arbasoa. Tzilak, berriz, Tubalkain sortu zuen; errementaria izan zen, brontze- eta burdin lanetan ari direnen arbasoa. Arreba bat izan zuen: Naama. Lamekek esan zien bere emazteei: Ada eta Tzila, entzun! Lameken emazteok, aditu nire kopla: Zauritu ninduelako, gizona hil dut; jipoitu ninduelako, mutikoa. Kainen hilketa zazpi aldiz mendekatuko badute, zazpi mila aldiz gehiago Lamekena Adamen beste seme bat Adam berriro batu zitzaion bere emazteari; honek semea sortu eta Set eman zion izen. Orduan, esan zuen: Jainkoak sorrarazi dit beste seme hau, Kainek hil zigun Abelen ordez Setek ere semea izan zuen, Enox izenekoa. Orduan hasi ziren Jaunaren izena gurtzen. Adamengandik Noerenganainoko patriarkak Hau da Adamen ondorengoen izen-zerrenda. Jainkoak gizakia egin zuenean, bere irudiko egin zuen. Gizaseme eta emakume egin zituen, bedeinkatu eta gizaki eman zien izen egin zituen egun berean. Ehun eta hogeita hamar urte zituela, Adamek semea izan zuen, bere antz eta irudikoa, eta Set eman zion izen. Set izan zuenetik, beste zortziehun urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun urte bizi izan ondoren, hil egin zen. Ehun eta bost urte zituela, Setek Enox izan zuen. Enox izan zuenetik, beste zortziehun eta zazpi urtez bizi izan zen, eta seme- alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun eta hamabi urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Laurogeita hamar urte zituela, Enoxek Kenan izan zuen. Kenan izan zuenetik, beste zortziehun eta hamabost urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun eta bost urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Hirurogeita hamar urte zituela, Kenanek Mahalalel izan zuen. Mahalalel izan zuenetik, beste zortziehun eta berrogei urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun eta hamar urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Hirurogeita hamabost urte zituela, Mahalalelek Jered izan zuen. Jered izan zuenetik, beste zortziehun eta hogeita hamar urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira zortziehun eta berrogeita hamabost urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Ehun eta hirurogeita bi urte zituela, Jeredek Henok izan zuen. Henok izan zuenetik, beste zortziehun urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun eta hirurogeita bi urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Hirurogeita bost urte zituela, Henokek Matusalem izan zuen. Matusalem izan zuenetik, beste hirurehun urtez bizi izan zen, Jainkoak nahi bezala jokatuz, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira hirurehun eta hirurogeita bost urtez bizi izan zen. Jainkoak nahi bezala jokatuz bizi izan zenez gero, behin batean desagertu egin zen, Jainkoak eramanik. Ehun eta laurogeita zazpi urte zituela, Matusalemek Lamek izan zuen. Lamek izan zuenetik, beste zazpiehun eta laurogeita bi urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira bederatziehun eta hirurogeita bederatzi urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Ehun eta laurogeita bi urte zituela, Lamekek semea izan zuen, eta Noe eman zion izen. Honela zioen: Honek kontsolatuko gaitu, Jaunak madarikaturiko lurra lantzeak dakarzkigun ahalegin eta nekeetatik Noe izan zuenetik, beste bostehun eta laurogeita bost urtez bizi izan zen, eta seme-alabak izan zituen. Beraz, guztira zazpiehun eta hirurogeita hamazazpi urtez bizi izan ondoren, hil egin zen. Bostehun urte zituela, Noek Sem, Kam eta Jafet izan zituen.

Profile

vasconica

April 2020

S M T W T F S
   1 234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Most Popular Tags

Style Credit

Expand Cut Tags

No cut tags
Page generated Feb. 2nd, 2026 05:51 pm
Powered by Dreamwidth Studios