Faraoiaren ametsa argitu Josek
Handik bi urtera, amets bat izan zuen faraoiak. Nilo ibai
ondoan zegoela, Nilotik atera eta ibaiertzean larrean hasi ziren zazpi
behi ikusi zituen, itxura ederrekoak eta guriak. Ondoren, beste
zazpi behi irten ziren Nilotik, itxura txarrekoak eta argalak, eta beste
behien ondoan jarri ziren, ibaiertzean. Itxura txarreko eta argal
hauek irentsi egin zituzten beste eder eta guri haiek. Une horretan,
esnatu egin zen faraoia.
Berriro lokartu eta amets egin zuen. Gerri beretik, zazpi galburu
aletsu eta mardul sortu ziren; ondoren, beste zazpi galburu mehar
sortu ziren, haize erreak ihartuak. Zazpi galburu meharrok irentsi
egin zituzten beste aletsu eta bete haiek. Une horretan esnatu eta
ametsa izan zela ohartu zen faraoia.
Eguna zabaldu zuenean, oso urduri zegoen faraoia eta, Egiptoko
azti eta jakintsu guztiei deiturik, ametsa kontatu zien. Baina inor ez
zen gauza izan faraoiaren ametsak argitzeko. Orduan, edarizainen
arduraduna mintzatu zitzaion, esanez: Gaur datorkit burura neure
errua. Faraoi jauna, okin-arduraduna eta bion aurka haserretu
zinen hartan, guardiaburuaren kartzelara eraman gintuzun. Gau
batean, amets egin genuen biok, bakoitzaren ametsa bere esanahi
bereziarekin. Bazen han gurekin hebrear gazte bat,
guardiaburuaren esklaboa. Kontatu genizkion geure ametsak, eta
hark bakoitzaren esanahia argitu zigun. Eta gertatu ere, berak
eman zigun argibidearen arabera gertatu zitzaigun: ni neure karguan
ezarri ninduzun berriro; bestea, aldiz, urkatu.
Faraoiak Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala
kartzelatik atera zuten. Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana
eraman zuten. Honek esan zion:
Amets bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko
gauza denik. Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren
esanahia.
Josek ihardetsi zion:
Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna
zeure onerako.
Faraoiak kontatu zion: Nire ametsean, Nilo bazterrean
nengoela, zazpi behi guri eta eder ibaitik atera eta larrean hasi
ziren. Ondoren, beste zazpi behi itxura txarreko eta argal atera
ziren. Haiek bezain eskasik ez zen inoiz ordu arte ikusi Egipto
lurraldean. Behi argal eta eskas hauek, ordea, lehengo zazpi behi
guriak irentsi zituzten. Eta, sabelean eduki arren, ez zitzaien
igartzen, lehen bezain itxura txarra baitzuten. Une horretan esnatu
nintzen.
Amets egin nuen berriro: gariaren gerri beretik zazpi galburu
aletsu eta eder erne ziren. Ondoren, beste zazpi galburu erne
ziren: zimel, mehar eta haize erreak ihartuak. Zazpi galburu mehar
hauek irentsi egin zituzten beste zazpi eder haiek. Azaldu dizkiet
aztiei ametsok, baina ezin izan dit inork berorien esanahia adierazi
Josek esan zion faraoiari: Bat bera dira, faraoi jauna, zure
ametsak: Jainkoak zer egingo duen jakinarazten dizu. Zazpi behi
ederrak zazpi urte dira, zazpi galburu ederrak bezalaxe, bat bera
baita bi ametsen esanahia. Hauen ondoren etorritako zazpi behi
eskas eta argalak ere zazpi urte dira, eta zazpi galburu mehar eta
haize erreak ihartuak beste zazpi urte: zazpi gose-urte. Esaten
dizudan honetan, faraoi jauna, Jainkoak zer egingo duen jakinarazi
dizu. Begira, zazpi urtetan asetasun handia izango da Egipto
lurralde osoan. Ondoren, beste zazpi urte etorriko dira: aurreko
asetasunaren aztarnarik ere ez da geldituko, goseak jota utziko baitu
lurraldea. Aurrerantzean, asetasuna zer denik ere ez da jakingo
ondoren etorriko den goseteagatik, hain larria izango baita. Eta
amets bat bera behin eta birritan egiteak, Jaunak erabakia duela eta
betetzeko prest dagoela adierazten du. Orain, beraz, faraoi jauna,
hauta ezazu gizon argi eta jakintsua, eta emaiozu aginpidea Egipto
guztiaren gain. Ezar itzazu gainbegiraleak, zazpi urteko asealdian
lurreko emaitzetatik bosteko baten zerga bil dezaten. Etortzeko
diren urte on horietan, janari ugari jaso eta bil dezatela zure
ardurapean, eta hirietan gorde. Horrela, janari hori gorderik
geldituko da Egipto lurraldean izango diren zazpi gose-urteetarako,
eta goseteak ez du lurralde hau hondatuko.
Jose Egiptoko erregeorde
Ongi iruditu zitzaion proposamena faraoiari, baita honen
funtzionarioei ere. Beraz, faraoiak esan zien: Aurki ote genezake
Jainkoaren espiritua honek bezala izango duen gizonik?
Eta Joseri esan zion: Ez daiteke inor zu baino gizon argi eta
zuhurragorik izan, Jainkoak gauza guztietan aditua izatea eman
dizunez gero. Zeu izango zara, bada, nire jauregiko buru, eta zuk
esana egingo du herri osoak. Neu bakarrik izango nauzu gainetik,
errege naizenez. Hara, Egipto osoaren gain ematen dizut
agintea
Hau esanik, faraoiak bere behatzetik eraztuna atera eta
Joserenean ezarri zuen; liho finezko arropak jantzarazi zizkion eta
urrezko lepoko katea ipini. Gero, bere bigarren zalgurdira igoarazi
zuen, aurretik oihuka zihoazkiolarik: Kontuz!
Honela eman zion faraoiak Joseri agintea Egipto osoaren gain.
Esan zion era berean: Neu nauzu faraoia, baina zure baimenik
gabe ezin izango du inork behatz txikia ere altxatu Egipto lurralde
guztian
Faraoiak Tzafnat-Panea izena ezarri zion Joseri, eta Asenat, On
hiriko apaiz Poti-Feraren alaba, eman zion emaztetzat. Beraz,
Egiptoko agintari gertatu zen Jose. Hogeita hamar urte zituen
faraoiaren, Egiptoko erregearen, aurrera eraman zutenean.
Faraoiagandik alde egin eta berehala, Egipto lurralde guztiaren
itzulia egin zuen. Zazpi urte oparo haietan uzta ugaria eman zuen
lurrak. Eta zazpi urte oparo haietan jangai ugari bildu zuen Josek,
eta hirietan gorde, hiri bakoitzean inguruko soroetan bildutakoa.
Erruz pilatu zuen garia, itsas hondarra bezain ugari. Hain ugaria
zenez, kontatzeari ere utzi egin behar izan zion.
Joseren semeak
Gosete-urteak iritsi aurretik, bi seme sortu zizkion Joseri
Asenatek, On hiriko apaiz Poti-Feraren alabak. Lehen-semeari
Manases eman zion izen, esanez: Jainkoak ahantzarazi dizkit neure
atsekabe eta ahaide guztiak Bigarrenari Efraim eman zion izen,
esanez: Jainkoak fruitua emanarazi dit neure atsekabeen lurralde
honetan
Jakobek bere semeak Egiptora bidali
Amaitu ziren Egipton ugaritasunezko zazpi urteak, eta
urritasunezko zazpi urteak hasi ziren, Josek esan bezala. Gosetea
nagusitu zen lurralde guztietan; Egipto osoan, ordea, ez zen ogirik
falta.
Gerora, Egipto lurralde guztira ere hedatu zen gosetea, eta
herria faraoiari joan zitzaion oihuka ogi eske. Faraoiak esan zien:
Zoazte Joserengana eta egizue berak esandakoa.
Gosetea lurralde osora zabaltzean, Josek aletegi guztiak ireki
eta alea egiptoarrei saldu zien. Gosetea gero eta latzagoa zen Egipto
aldean.
Beste lurraldeetatik ere jende asko zetorren Egiptora Joseri alea
erostera, latza baitzen gosetea alde guztietan.
Jakin zuen Jakobek bazela Egipton garia, eta honela mintzatu
zitzaien semeei: Zertan zaudete elkarri begira? Egipton garia
badela jakin dut. Jaitsi, bada, garia erostera, bizi ahal gaitezen eta ez
goseak hil.
Jaitsi ziren, bada, Joseren hamar senideak Egiptora garia
erostera. Jakobek ez zuen Benjamin, Joseren anaia, beste
senideekin bidali nahi izan, zorigaitzen bat gertatuko ote zitzaion
beldurrez.
Besteak bezala, beraz, Israelen semeak ere Egiptora joan ziren
garia erostera, Kanaan lurraldean gosete handia zenez gero.
Senideek Jose ezagutu ez
Jose zen lurralde hartako nagusia; berak saltzen zion garia jende
guztiari. Heldu ziren, bada, Joseren senideak eta ahuspeztu egin
zitzaizkion. Ikusi orduko ezagutu zituen Josek bere senideak.
Baina ez zien bere burua ezagutarazi; gainera, zakar mintzatu
zitzaien:
Nondik zatozte?
Haiek erantzun:
Kanaan lurraldetik, garia erostera.
Ezagutu zituen, bai, Josek bere senideak, baina hauek ez bera.
Jose haietaz izandako ametsez oroitu zen, eta honela hitz egin
zien:
Zelatariak zarete zuek, lurralde honetako alderdi zaindu gabeak
miatzera etorriak.
Haiek erantzun:
Ez, jauna; zure zerbitzariok garia erostera etorri gara. Aita bat
beraren semeak gaituzu; gizon zintzoak gara eta ez zelatariak.
Josek esan zien:
Ez horixe! Zuek lurralde honetako alderdi zaindu gabeak miatzera
etorri zarete.
Haiek, ordea:
Zure zerbitzariok hamabi ginen, aita bat beraren semeak, Kanaan
lurraldekoak; gazteena aitarekin da orain eta bestea ez da gure
artean.
Josek, berriro:
Horixe zelatariak zaretela! Eta besterik frogatu nahi baduzue,
ekatzue hona zeuen anaia gazteena. Bien bitartean, ala faraoia!, ez
zarete hemendik aterako. Bidali zeuetariko bat anaiaren bila;
gainerakoak preso geldituko zarete; honela frogatuko duzue egia
diozuela. Bestela, ala faraoia!, zelatariak zarete.
Eta kartzelara sartu zituen hiru egunerako.
Josek beste proba bat ezarri anaiei
Hirugarren egunean Josek esan zien: Egizue nire esana eta
bizirik aterako zarete, nik neuk ere begirune baitiot Jainkoari. Egia
baldin badiozue, geldi bedi zuetariko bat preso, guztiok egon zareten
kartzela horretan. Gainerakook joan zintezkete garia eramatera
etxekoen gosea asetzeko. Gero, ekarri zeuen anaia gazteena.
Orduan frogatuko duzue egia diozuela eta ez zarete hilko.
Onartu zuten proposamena. Bien bitartean honela ziotsoten
elkarri: Ai ene! Geure anaiari eginikoa ari gara ordaintzen.
Estuasunean ikusi eta erreguka ari zitzaigunean, ez genion jaramonik
egin. Hara nondik datorkigun oraingo larrialdi hau!
Rubenek esan zien: Esan nizuen nik mutikoari kalterik ez
egiteko, baina ez zenidaten jaramonik egin. Orain, haren heriotzaren
kontua eskatzen zaigu.
Ez zekiten Josek ulertzen ziela, itzultzaile baten bitartez
mintzatzen baitzitzaien.
Josek, haiengandik urrunduz, negarrari eman zion. Gero, berriro
etorri eta beraiekin mintzatzen jarraitu zuen. Azkenik, Simeon hartu
eta beraien aurrean atxilotu zuen. Gero, haien zakuak gariz bete,
bakoitzari bere dirua itzuli eta biderako jan-edariak emateko agindu
zuen. Eta hala egin zieten.
Zakuak asto gainean kargatu eta alde egin zuten.
Gaua igarotzeko gelditu zirenean, batek, astoari pentsua
emateko zakua ireki zuelarik, dirua zaku-muturrean aurkitu zuen.
Anaiei esan zien:
Dirua itzuli egin didate. Begira nire gari-zakua.
Asaldaturik eta zur eta lur eginik, honela ziotsoten elkarri:
Zergatik egin ote digu hau Jainkoak?
Anaiak etxera itzuli
Kanaan lurraldera iristean, beren aita Jakobi kontatu zioten
gertatutako guztia, esanez: Lurralde hartako jaun den gizonak
zakar hitz egin digu, eta zelataritzat hartu gaitu. Guk, gizon
zintzoak garela eta ez zelatariak esan diogu. Hamabi anaia ginela,
aita bat beraren seme; anaia bat ez zegoela jadanik gurekin eta
gazteena aitarekin zela Kanaanen. Orduan, lurralde hartako jaun
den gizonak esan digu: Honela jakingo dut gizon zintzoak zaretela:
zuetako bat nirekin geldituko da; besteok hartu etxekoen gosea
asetzeko garia eta joan. Ekardazue gero zeuen anaia gazteena,
eta orduan jakingo dut zelatariak ez, baizik gizon zintzoak zaretela.
Ondoren itzuliko dizuet anaia, eta lurralde honetan ibili ahal izango
zarete.
Zakuak husterakoan, nork bere diru-zorroa zaku-muturrean
zeukan. Diru-zorroak ikustean, beldurtu egin ziren aita-semeak.
Orduan, Jakobek esan zien:
Semerik gabe utzi behar nauzue: Jose falta dut, Simeon ere bai
eta, orain, Benjamin kendu nahi didazue. Zoritxarra zoritxarraren gain
niretzat!
Rubenek esan zion aitari:
Utzi Benjamin nire kontu, eta neuk itzuliko dizut. Itzuliko ez
banizu, hil nire bi semeak!
Jakobek, orduan:
Ez da jaitsiko nire semea zuekin, hila baitu bere anaia eta bera
bakarrik gelditzen zait Rakelengandik. Bidean zoritxarren bat
gertatuko balitzaio, agure hau Hildakoen Egoitzara jaitsaraziko
zenukete atsekabez.
Jakobek joaten utzi Benjamini
Gosetea latza zen Kanaan lurraldean. Egiptotik ekarritako garia
ahitu zenean, Jakobek bere semeei esan zien:
Zoazte berriro garia erostera.
Judak erantzun zion:
Gizon hark argi eta garbi esan zigun bere aurrera ez agertzeko,
anaia gurekin eraman gabe. Beraz, anaia bidali nahi baduzu,
jaitsiko gara garia erostera. Baina nahi ez baduzu, ez gara jaitsiko,
gizon hark bere aurrera ez agertzeko esan baitzigun, anaia gurekin
eraman ezean.
Israelek esan zuen:
Eta zergatik esan behar zenioten gizon hari beste anaia bat
zenutela? Jota utzi nauzue.
Haiek erantzun:
Gizon hura galde eta galde ari izan zitzaigun gutaz eta gure
etxekoez: Bizi al duzue oraindik aita? Beste anaiarik ba al duzue?
Eta galderei erantzun besterik ez genuen egin. Burutik pasako al
zitzaigun, bada, anaia eramateko esango zigunik?
Judak bere aita Israeli esan zion:
Bidali mutikoa nirekin. Abia gaitezen. Bestela denok hilko gara:
zu, gu eta gure umeak. Neure gain hartzen dut zure semearen
erantzukizuna; neuri eskatu kontuak. Itzultzen ez badizut eta aurrera
ekartzen ez, errudun izango nauzu betiko! Hainbeste luzatu ez
bagina, honezkero egina genukeen birritan ere joan-etorria.
Aita Israelek esan zien:
Beharrezkoa baldin bada, joan, hartu zorroetan lurreko fruiturik
hoberenak eta eskaini oparia gizon hari: ukendu, ezti, usaingarri,
mirra, intxaur eta almendrak, denetik pixka bat. Hartu dirua ere
eta itzuli zeuen zaku-muturrean ekarritakoa, okerren bat izan da eta.
Eraman zeuen anaia eta itzuli gizon harengana. Jainko
ahaltsua lagun, aurki dezazuela gupida gizon haren aurrean, eta
Benjaminekin eta beste anaiarekin, Simeonekin, itzuli etxera. Niri
dagokidanez, semerik gabe gelditu behar badut, geldi nadila.
Josek bere senideak onartu
Oparia, dirua eta Benjamin berekin harturik, Egiptora jaitsi ziren
Jakoben semeak eta Joseren aurrera aurkeztu.
Ikusi zuen Josek Benjamin ere haiekin zela, eta jauregiko
arduradunari esan zion: Eramatzazu gizon hauek etxera; hil abere
bat eta atondu, nirekin bazkalduko baitute gaur.
Bete zuen etxeko arduradunak Josek agindua, eta etxera
eraman zituen. Beldurtu ziren Joseren senideak haren etxera
eraman zituztenean. Pentsatu zuten: Gari-zakuetan aurreko txandan
itzulitako diruarengatik eramaten gaituzte. Orain, gainera oldartuko
zaizkigu, esklabotzat hartzeko, geure asto eta guzti
Beraz, etxean sartzean, Joseren etxeko arduradunari hurbildu
eta esan zioten: Entzun, jauna. Aurreko txandan jaitsi ginen
hona garia erostera. Gaua igarotzeko geldialdia egitean, gari-
zakuak ireki genituen eta nork bere dirua aurkitu zuen zaku-
muturrean. Hemen itzultzen dizugu orain, eta beste horrenbeste
dakargu janaria erosteko. Ez dakigu nork ezarri zuen dirua gari-
zakuetan
Etxeko arduradunak honela esan zien: Zaudete lasai! Ez
kezkatu! Zeuen Jainkoak, zeuen aitaren Jainkoak, ezarriko zizuen
altxor hori gari-zakuetan, nik jasoa baitut zuen dirua.
Simeon aske utzi eta denak Joseren etxean sarrarazi zituen.
Gero, ura ekarri zien oinak garbitzeko eta belarra astoei jaten
emateko.
Jose bere senideekin bazkaltzen
Otordua han egingo zutela jakitean, senideek opariak prestatu
zituzten, Jose eguerdirako etorri zain zeuden bitartean.
Jose etxera iristean, opariak eskaini zizkioten eta lurreraino
ahuspeztu zitzaizkion. Agurtu ondoren, Josek galdetu zien:
Eta ongi al da aipatu zenidaten aita zaharra? Bizi al da oraindik?
Zure zerbitzari den gure aita bizi da, bai, oraindik, eta ongi
dago erantzun zioten, berriro makurtuz eta ahuspeztuz.
Gero, Josek, ama berarengandiko senide zuen Benjaminengan
begiak jarririk, esan zuen:
Hori al da zuek aipatu zenidaten anaia gazteena? Bejondaiala,
seme!
Anaiaz bihotz-hunkiturik, negargurak eman zion eta, presaka
bere gelara joanez, negar egin zuen. Gero, aurpegia garbituz,
gelatik atera eta, adore harturik, bazkaria zerbitzatzeko agindu zuen.
Aparte eman zioten jaten Joseri, aparte bere anaiei eta aparte
Joseren gonbidatu egiptoarrei. Izan ere, egiptoarrei ez zaie zilegi
hebrearrekin batera jatea; beren erlijio-ohiturek galarazten diete.
Anaiak Joseren aurrez aurre zeuden eseriak, zaharrenetik
gazteenera, eta harriturik elkarri begira. Bere aurrean zituen
janarietatik zerbitzarazi zien Josek; Benjamini eman zion zatia
besteena baino bost aldiz handiagoa zen. Alai-alai jartzeraino edan
zuten elkarrekin.
Edalontziaren proba
Josek agindu hau eman zion etxeko arduradunari: Bete
leporaino janariz gizon hauen zakuak, ezarri bakoitzari bere dirua
zaku-muturrean, eta diruarekin batera nire edalontzia, zilarrezkoa,
gazteenaren zaku-muturrean.
Hark Joseren esana bete zuen.
Biharamun goizean bidali zituzten Joseren senideak beren
astoekin.
Oraindik hiritik urrutira gabe zeudela, Josek etxeko arduradunari
esan zion: Zoaz gizon horien atzetik eta, atzemandakoan, esaiezu:
Zergatik itzuli duzue gaizkia ongiaren truke? Zergatik ostu diozue
nire nagusiari, edateko eta etorkizuna iragartzeko erabiltzen duen
edalontzia? Benetan oso gaizki jokatu duzue!
Harrapatu zituen etxeko arduradunak, eta agindu bezala mintzatu
zitzaien. Haiek erantzun:
Ez zaitez horrela mintza, jauna! Zure zerbitzariok ez gara
horrelakorik egiteko gauza! Aurrekoan gure zaku-muturrean
aurkitutako dirua ere Kanaandik ekarri dizugu. Nola ostuko genuen,
bada, zilar edo urrerik zure nagusiaren etxean? Beraz, gutariko bati
edalontzia aurkitzen bazaio, hila bedi; eta gu geu, jauna, zure
esklabo bihurtuko gara.
Etxeko arduradunak, orduan:
Ongi da! Baina edalontzia aurkitzen zaion hura bakarrik bihurtuko
da nire esklabo; besteok errugabe izango zarete.
Berehala, nork bere zakua lurrera eraitsi eta ireki egin zuen.
Gizonak anaia guztien zakuak ikertu zituen. Benjaminen zakuan
aurkitu zuten edalontzia.
Orduan, anaiek beren jantziak urratu zituzten eta, nork bere
astoa kargaturik, hirira itzuli ziren. Juda eta beste anaiak Joseren
etxean sartu hantxe baitzegoen oraindik Jose eta lurreraino
ahuspeztu zitzaizkion.
Josek esan zien:
Baina, zer egin duzue? Ez al zenekiten ni bezalako batek den-
dena igar dezakeela?
Judak erantzun zion:
Zer esan diezazukegu, jauna? Zein aitzakia jarri? Nola zuritu
geure burua? Jainkoak berak nabarmen jarri du gure bekatua. Zeure
esklabo gaituzu, jauna, gu denok eta bai edalontzia aurkitu zaiona
ere.
Josek erantzun zuen:
Ez dut inola ere horrelakorik egingo! Edalontzia aurkitu zaion hura
bakarrik izango da nire esklabo; gainerako guztiok zoazte bakean
zeuen aitarengana.
Juda Benjaminen alde atera
Judak, Joserengana hurbilduz, esan zion:
Arren, jauna, utziozu zeure zerbitzari honi bi hitz esaten;
faraoiaren pareko zara zu eta ez zakizkit haserre! Aurreko txandan
zuk, jauna, aitarik nahiz beste anaiarik ba ote genuen galdetu
zenigun. Baietz erantzun genizun: bagenuela oraindik aita
zaharra, eta zahartzaroan jaio zitzaion seme bat ere bai. Gure aitak
oso maite zuela, berau zelako bere emazte kutunarengandik
gelditzen zitzaion bakarra, bestea hila zuenez. Anaia hura hona
ekartzeko esan zenigun zure zerbitzarioi, ikusi nahi zenuela eta.
Guk, aldiz, adierazi genizun, jauna, mutikoak ezin zuela aita utzi,
aita hilko ez bazen. Zuk, hala ere, gure anaia gurekin ez
bazetorren, ez azaltzeko berriro zure aurrera esan zenigun. Gure
aitarengana itzulirik, zuk esandakoa adierazi genion. Handik aldi
batera, garia erostera berriro itzultzeko agindu zigun, eta guk
erantzun genion ez gintezkeela etor geure anaia gazteena geurekin
ez bagenekarren, hura gabe ezin ginela zure aurrera agertu.
Orduan, zure zerbitzari den gure aita honela mintzatu zitzaigun:
Dakizuenez, neure emazte Rakelek bi seme sortu zizkidan. Batak
alde egin zidan eta ez dut berriro ikusi: piztiaren batek irentsi
duelakoan nago. Beste hau eraman eta zoritxarren bat gertatuko
balitzaio, ni, agure hau, atsekabez hilko nintzateke. Orain, bada,
ez naiteke joan zure zerbitzari den gure aitarengana hain berea duen
mutikoa gabe. Gurekin ez doala ohartu orduko, hilko litzateke;
geure aita zaharra atsekabez hilobiratuko genuke. Gainera, nik,
zure zerbitzari honek, neure gain hartua dut mutikoaren
erantzukizuna; hitza eman nion aitari; berekiko errudun izango
nintzateke betiko, itzuliko ez banio. Horregatik, bada, har nazazu
esklabotzat mutikoaren ordez, eta doala hau anaiekin. Ez naiteke
aitarengana itzul neure anaia Benjamin gabe. Ez nuke ikusi ere nahi
gure aitak hartuko lukeen atsekabea.
Josek bere burua ezagutzera eman anaiei
Josek, bere sentipenei gehiago eutsi ezinik, inguruan zituen
egiptoarrei agindu zien: Atera denok hemendik!
Hala, ez zen Joserekin inor gelditu, anaiei bere burua ezagutzera
eman zienean. Orduan, negarrari eman zion ozenki. Entzun zioten
egiptoarrek, eta faraoiaren jauregian ere honen berri izan zuten.
Josek bere senideei esan zien: Jose nauzue! Bizi al da oraindik
aita?
Anaiek, izuaren izuz, ez zuten erantzuten asmatzen.
Orduan, Josek: Tira, hurbildu niregana!
Hurbildu zitzaizkionean, honela jarraitu zuen: Bai, Jose nauzue,
zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu zenutena. Baina ez izan
orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako. Jainkoak
zuen aurretik etorrarazi nau, bizia izan dezazuen. Bi urte dirau
goseteak lurralde osoan eta datozen bost urteetan ere ez da hazirik
ereingo, ez uztarik bilduko. Jainkoak zuen aurretik bidali nau,
zuentzat behar adina janari gordetzeko eta zuek harrigarriro
salbatzeko. Beraz, ez nauzue zuek bidali, Jainkoak baizik. Berak
jarri nau faraoiaren ordezko, bere etxeko buru eta Egipto osoko
agintari.
Ea, bada, itzuli arin aitarengana eta esaiozue: Hau dio zure
seme Josek: Jainkoak Egipto osoko buru jarri nau. Zatoz niregana!
Ez luzatu! Goxen lurraldean biziko zarete, niregandik hurbil, zeu,
zure seme-alabak eta bilobak, zure artalde eta behi-taldeak eta
daukazuen guztia. Han hornituko zaituztet janariz zeu, zure
etxekoak eta zure abere-taldeak. Ez zaizu ezer faltako, beste bost
gose-urte gelditzen diren arren
Beste hau ere esan zien Josek: Bai zuek, bai Benjaminek,
zeuen begiz egiazta dezakezue ni neu naizela hitz egiten ari
natzaizuena. Kontaiozue aitari ikusitako guztia eta azaldu berari
zein aginpide handia dudan Egipton. Zoazte arin eta ekarri
lehenbailehen hona aita.
Josek Benjamini lepotik heldu, eta negar batean aritu ziren biak
besarkaturik. Eta, negarrez jarraiki, beste anaiak ere besarkatu
zituen.
Orduan, anaiak hitz egiten hasi zitzaizkion.
Faraoiak Jakob gonbidatu Egiptora
Honen guztiaren berri izan zuten faraoiaren jauregian; Joseren
anaiak etorri dira Egiptora, zioten.
Atseginez jaso zuten albistea faraoiak eta honen funtzionarioek.
Faraoiak esan zion Joseri: Esaiezu anaiei astoak prestatu eta
Kanaanera itzultzeko, aita eta etxekoak hartu eta nire ondora etor
daitezen. Egiptoko eskualderik joriena emango diet, eta lurraldeko
emaitzarik hoberenak izango dituzte janari. Agindu, orobat,
hartzeko zenbait gurdi Egipton beren emazte eta seme-alabentzat,
eta, aita harturik, etortzeko. Ez daitezela ardura han uzten
dutenaz, Egiptoko eskualderik emankorrena izango baitute.
Hala egin zuten Israelen semeek. Faraoiak agindu bezala,
gurdiak eman zizkien Josek bere anaiei, baita biderako jan-edariak
ere. Bakoitzari aldatzeko jantziak eman zizkion. Benjamini,
gainera, bost jantzi eta zilarrezko hirurehun txanpon. Aitari hamar
asto bidali zizkion, Egiptoko emaitzarik hoberenez kargaturik, eta
hamar asteme gari-alez, ogiz eta jakiz kargaturik. Anaiei, bidean
beren arteko liskarrik ez izateko erregutu ondoren, agur egin zien.
Irten ziren, bada, Egiptotik eta, Kanaanera, beren aita
Jakobengana, heldu zirenean, berria eman zioten: Bizi da Jose
oraindik eta bera da agintari Egipto lurralde osoan
Jakobek, halaz guztiz, ez zuen zirkinik ere egin, ezin sinetsirik.
Baina Josek esandako guztia kontatu ziotenean eta bera
eramateko bidali zizkion gurdiak ikusi, piztu zitzaion bihotza eta
esan zuen: Bizi da nire seme Jose! Ez dut besteren beharrik! Noan
ikustera, hil baino lehen!
.
Aug. 27th, 2017
Jakob Egiptora
Zeukan guztiarekin abiatu zen Jakob. Beer-Xebara heldurik,
sakrifizioa egin zion bere aita Isaaken Jainkoari. Gau-ikuskari
batean, Jainkoak dei egin zion Jakobi:
Jakob! Jakob!
Jakobek erantzun:
Hemen nauzu.
Jaunak esan zion:
Jainkoa naiz ni, zure aitaren Jainkoa. Ez beldur izan Egiptora
joateko, han herri handi bihurtuko baitzaitut. Egiptora bidean
zurekin izango nauzu eta neuk itzularaziko zaitut berriro. Eta
hiltzean, Josek itxiko dizkizu begiak.
Beer-Xebatik abiatzean, Jakoben semeek faraoiak bidalitako
gurdietara igoarazi zituzten aita, haurrak eta emazteak. Beren
abereak eta Kanaan lurraldean pilatutako ondasunak ere eraman
zituzten. Bere seme-alabak eta bilobak, bere ondare guztia, eraman
zituen Jakobek Egiptora.
Jakoben familia
Hona Egiptora joan ziren Jakoben ondorengoak: Ruben, Jakoben
lehen-semea, eta beronen semeok: Henok, Palu, Hetzron eta Karmi.
Simeon eta beronen semeok: Jemuel, Jamin, Ohad, Jakin,
Tzohar eta Xaul, emakume kanaandarraren semea.
Lebi eta beronen semeok: Gerxon, Kehat eta Merari.
Juda eta beronen semeok: Er, Onan, Xela, Peretz eta Zerah.
Baina Er eta Onan Kanaan lurraldean hil ziren. Peretzen semeak
Hetzron eta Hamul izan ziren.
Isakar eta beronen semeok: Tola, Puba, Job eta Ximron.
Zabulon eta beronen semeok: Sered, Elon eta Jahleel.
Horiek dira Leak Jakobi Mesopotamian sortu zizkion semeak,
Dina bere alabaz gainera; hogeita hamahiru guztira, seme-alaba eta
biloben artean.
Gad eta beronen semeok: Tzifion, Hagi, Xuni, Etzbon, Eri, Arodi
eta Areli.
Axer eta beronen semeok: Imna, Ixba, Ixbi, Beria eta hauen
arreba Serah. Beriaren semeak Heber eta Malkiel izan ziren.
Horiek dira, Labanek bere alaba Leari eman zion Zilpa
neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; hamasei guztira, seme eta
biloben artean.
Jakoben emazte Rakelen semeak: Jose eta Benjamin.
Joseri, Egipto lurraldean, On hiriko apaiz Poti-Feraren alaba
Asenatek bi seme sortu zizkion: Manases eta Efraim.
Benjaminen semeak Bela, Beker, Axbel, Gera, Naaman, Ehi,
Rox, Mupim, Hupim eta Ard izan ziren.
Horiek dira Rakelek Jakobi sortu zizkion semeak; hamalau
guztira, seme eta biloben artean.
Dan eta beronen semea: Huxim.
Neftali eta beronen semeok: Jahtzeel, Guni, Jetzer eta Xilem.
Horiek dira, Labanek Rakel bere alabari eman zion Bilha
neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; zazpi guztira, seme eta
biloben artean.
Beraz, Jakobekin Egiptora joandako guztiak, beraren
jatorrikoak, errainak kontuan hartu gabe, hirurogeita sei izan ziren.
Joseren bi semeak Egipton jaioak zirenez, Egiptora joandako
Jakoben ondorengoak hirurogeita hamar izan ziren guztira.
Jakoben familia Egipton
Jakobek Juda bere semea bidali zuen aurretik Joserengana,
Goxen eskualdean lekua prestatzeko. Hara iritsi zirenean, Jose,
bere zalgurdia prestarazi eta bere aita Jakobi bidera atera zitzaion.
Honen aurrean aurkitzean, lepotik heldu eta besarkaturik, negarrari
eman zion.
Jakobek esan zion Joseri: Orain bai hil naitekeela zure
aurpegia ikusi ondoren, oraindik bizirik zaude eta.
Josek esan zien bere senide eta etxekoei: Berri ematera noakio
faraoiari. Hau esango diot: Kanaanen bizi ziren nire senide eta
ahaideak etorri zaizkit. Gizon horiek, artzain eta abeltzain direnez,
beren ardi, behi eta zeukaten guztia ekarri dute Beraz, faraoiak
deitu eta zein lanbide duzuen galdetuko dizuenean, erantzun
honela: Abeltzain gaituzu zure zerbitzariok gaztetandik, bai gu eta
bai gure gurasoak. Horrela, Goxen eskualdean bizi izaten utziko
dizue. Izan ere, erlijio-ohiturek galarazi egiten diete egiptoarrei
artzainekin harremanak izatea
Faraoiak Jakobi abegi ona
Josek faraoiari berri ematera joan eta esan zion: Nire aita eta
senideak etorri dira Kanaandik ardi eta behiekin eta daukaten
guztiarekin. Orain Goxen eskualdean aurkitzen dira
Anaietariko bost berekin hartu eta faraoiari aurkeztu zizkion.
Honek esan zien:
Zein da zuen lanbidea?
Haiek erantzun:
Gu eta gure gurasoak artzain izan gara betidanik.
Eta jarraitu zuten:
Oso larria da gosetea Kanaan aldean, eta larrerik ere ez dago gure
artaldeentzat. Horregatik etorri gara lurralde honetara, atzerritar gisa
bizitzera. Utzi, beraz, Goxen eskualdean bizitzen.
Faraoiak Joseri esan zion:
Aita eta senideak etorri zaizkizu. Hor duzu Egipto osoa; jar
itzazu hoberen deritzozun eskualdean; Goxenen, esate baterako. Eta
zure anaia horien artean gizon treberik baduzu, jarri nire abereen
arduradun.
Ondoren, Josek bere aita eraman zuen faraoiari aurkezteko.
Jakobek faraoia bedeinkatu zuen. Honela galdetu zion faraoiak:
Zenbat urte dituzu?
Jakobek erantzun:
Ehun eta hogeita hamar urtez ibili naiz harat-honat. Urte latzak
izan ditut, baina nolanahi ere nire gurasoenak baino laburragoak.
Jakobek faraoia berriro bedeinkatu eta alde egin zuen.
Josek, faraoiak agindu bezala, aita eta senideak Egiptoko
eskualderik hoberenean jarri zituen, Ramses faraoiaren eskualdean,
ematen zien lurraren jabe eginez. Gainera, aitaren, senideen eta
familia guztiaren mantenuaz arduratu zen.
Joseren nekazaritza-politika
Ez zen janaririk lurralde osoan gosete larriarengatik. Goseak jota
utzi zituen Egipto eta Kanaan lurraldeak. Josek Egipto eta
Kanaaneko diru guztia bildu zuen gari truke, eta faraoiaren jauregiko
altxortegian sartu. Diru guztia gastatu zutenean, egiptoarrak
Joseri joan zitzaizkion, esanez:
Emaguzu jatekoa. Dirua amaitu zaigulako, hiltzen utzi behar ote
gaituzu?
Josek erantzun zien:
Diru gehiago ez baduzue, emazkidazue zeuen abereak jatekoaren
truke.
Ekarri zizkioten, bada, Joseri beren abereak: ardi, behi eta
astoak; hauen truke janariz hornitu zituen urte osoan.
Urte hura igarorik, ordea, han joan zitzaizkion berriro ere eta
esan: Ez dizugu ukatuko, jauna, gastatu dugula dirua eta zureak
direla gure abere-taldeak; ez zaizkigu, jauna, gure besoak eta lurra
besterik gelditzen. Zergatik utzi behar gaituzu hiltzen geure lur
eta guzti? Eros gaitzazu gu geu eta gure lurrak janari truke, eta
faraoiaren esklabo bihurtuko gara, geure lurrekin batera. Emaguzu
hazia bizirik iraun dezagun eta gure lurrak eremu bihur ez daitezen.
Honela erosi zituen Josek Egiptoko lur guztiak faraoiarentzat.
Egiptoarrek nork bere lurra saldu zuten, gainean zuten gosete
latzarengatik; hala, lurralde osoaren jabe bilakatu zen
faraoia. Jendea hiri handietara aldarazi zuen lurraldearen ertz
batetik bestera. Apaizen lurrak bakarrik utzi zituen erosi gabe,
haien alde lege bat baitzuen faraoiak emana; honek ematen zien
jateko behar zutena. Honengatik, ez zuten beren lurrak saldu
beharrik izan.
Josek esan zion herriari:
Hara, gaur erosi zaituztet zuek eta zuen lurrak faraoiarentzat.
Hemen duzue hazia; erein zeuen lurretan. Uztaroan, bostetik bat
faraoiari emango diozue eta beste laurak zuentzat izango dituzue,
ereiteko eta zeuek, zeuen haurrak eta etxekoak mantentzeko.
Herriak erantzun:
Bizia zor dizugu! Hau mesedea egin diguzuna! Faraoiak bere
esklabo izango gaitu!
Honela ezarri zuen Josek Egiptoko lurretan bildutako bostetik
bat faraoiari emateko legea. Lege honek gaurdaino dirau. Apaizen
lurrak bakarrik gelditu ziren faraoiarenak bihurtu gabe.
Jakoben azken nahia
Israeldarrak Egiptoko Goxen eskualdean bizi ziren. Han lurrak
erosi zituzten, seme-alabak sortu eta erruz ugaldu ziren. Egiptora
iritsi ondoren, beste hamazazpi urtez bizi izan zen Jakob, ehun eta
berrogeita zazpi urte betetzeraino.
Azken eguna zetorkiolarik, bere seme Joseri deitu eta esan
zion:
Maite banauzu, izan nirekin onbera eta leiala: ezarri eskua nire
izterpean eta hitzemadazu ez nauzula Egipton ehortziko. Hil eta
neure arbasoekin elkar nadinean, Egiptotik atera eta haien hilobian
ehortziko nauzu.
Josek erantzun zion:
Beteko dut zuk esana.
Eta Jakobek:
Egidazu zin!
Josek zin egin zion. Orduan, Jakob oheburura makurtu zen.
Jakobek Joseren semeak bedeinkatu
Handik aldi batera, esan zioten Joseri aita gaixo zuela. Jose bere
bi semeekin, Manases eta Efraimekin, joan zitzaion. Jakob, Jose
zetorkiola esan ziotenean, ahalegin handiz ohe gainean eseri zen.
Jakobek esan zion Joseri: Luz-en, Kanaan lurraldean, agertu
zitzaidan Jainko ahaltsua eta bedeinkatu egin ninduen, esanez:
Ondorengo ugari emango dizut eta herri askoren sortzaile bihurtuko
zaitut. Zure ondorengoei lurralde honen jabetza emango diet betiko
Orain semetzat hartzen ditut, ni Egiptora etorri aurretik, hemen
sortu zaizkizun Manases eta Efraim bi semeak, Ruben eta Simeon
nire seme diren bezala. Hauen ondoren izango dituzunak, berriz,
zureak izango dira, eta Efraimi eta Manasesi utziko diedan ondarean
izango dute parte. Mesopotamiatik nentorrela hil zitzaidan Rakel,
zure ama, Kanaan lurraldean, Efratara iritsi aurretik, eta han, Efratara,
hots, Belenera, bidean ehortzi nuen
Joseren semeak ikustean, Jakobek galdetu zuen:
Zein dira hauek?
Josek erantzun:
Jainkoak Egipton eman dizkidan semeak dituzu.
Jakobek esan zuen:
Ekarzkidazu, arren, bedeinkatzeko.
Jakobek, zahardadez begiak lausoturik, ezin zuen ikusi. Josek
bere semeak aurrera eraman zizkionean, laztandu eta besarkatu egin
zituen. Gero, Joseri esan zion:
Ez nuen espero zure aurpegia berriro ikustea, eta hara, zu ez
ezik, zure ondorengoak ere ikusarazi dizkit Jainkoak.
Orduan, Jose, bere semeak aitaren belaun artetik atera eta
lurreraino makurtu zitzaion. Gero, bere bi semeak harturik,
hurbildu egin zizkion: Efraim bere eskuinean, Jakoben ezkerraldetik,
eta Manases bere ezkerrean, Jakoben eskuinaldetik, jarri zituen.
Jakobek bere eskuak luzatu eta eskuina Efraim seme gazteenaren
buru gainean ezarri zuen eta ezkerra Manases lehen-semearen buru
gainean, eskuak gurutzatuz. Eta honela bedeinkatu zuen Jose:
Nire guraso Abrahamek eta Isaakek
zerbitzatu duten Jainkoak,
jaio nintzenetik gaurdaino
artzain gisa gidatu nauen Jainkoak,
gaitz guztietatik
libratu nauen aingeruak,
bedeinka ditzala mutiko hauek!
Hauen bitartez oroituak bitez
nire izena
eta Abraham eta Isaak
nire gurasoen izenak.
Izan bezate munduan
ondorengo ugari
Ohartu zen Jose aitak bere eskuineko eskua Efraimen buru
gainean ezarria zuela, eta ez zion ongi iritzi. Hartu zion, bada, eskua
Efraimen buru gainetik Manasesen gainera aldatzeko, esanez:
Hau ez, aita; bestea da lehen-semea; ezarri eskuina horren buru
gainean.
Baina aitak, ezezkoa emanez, esan zion:
Badakit, bai, seme. Manasesen ondorengoak ere herri handi
izanen dira; baina anaia gazteena handiagoa izanen da, eta honen
ondorengoek herri asko sortuko dituzte.
Egun hartan, hain zuzen, bedeinkatu zituen Jakobek, esanez:
Zuen izena aipatuko da
Israelen norbait bedeinkatzean.
Honela esango dute:
Egin dezala Jainkoak zurekin
Efraim eta Manasesekin egindakoa
Efraim jarri zuen, beraz, Manasesen aurretik.
Gero, Jakobek Joseri esan zion: Hara, laster hilko naiz ni.
Baina Jainkoa zeuekin izango duzue eta zeuen arbasoen lurraldera
itzularaziko zaituzte. Zure ondarea zure anaiena baino hobea
izango da: Sikem emango dizut, ezpataz eta uztaiaz amortarrei
kendu nien hiria
Jakobek hamabi semeak bedeinkatu
Jakobek bere semeei deitu eta esan zien: Bildu nire inguruan,
gerora gertatuko zaizuena iragar diezazuedan. Zatozte eta entzun,
ene semeok; entzun arretaz zeuen aita Israeli:
Ruben, nire lehen-seme,
nire indar,
nire gizatasunaren lehen emaitza;
zein ausart zaren eta indartsu!
Uholdea bezain oldarkoi,
aitaren ezkontza-gelara sartu zara,
zeure aitaren ohea lohituz.
Simeon eta Lebi anaiak
indarkeria erabiltzeko bat datoz.
Ez dut horien bilkuretan
parte hartuko,
ez naiz halakoekin elkartuko;
haserre egonik gizonak hil dituzte,
gogoak emanik zezenak txikitu.
Madarikatua hauen haserrea,
benetan garratza!
Madarikatua beren sumindura,
benetan ankerra!
Jakoben leinuen artean
ditut banatuko,
Israel osoan barreiatuko.
Juda , zeure senideek
goretsiko zaituzte,
etsaiei eskua erantsiko diezu lepoan,
zeure aitaren semeak
ahuspeztuko zaizkizu.
Lehoi gaztea zu, Juda!
Ehizatik heldu zara, seme!
Makurtu eta luze etzaten da
lehoiaren antzera,
lehoi-emearen antzera.
Nor ausartu aurre egitera?
Ez da Judarengandik aldenduko
errege-makila,
ezta haren belaun artetik
aginte-makila ere,
hauen jabe dena etorri arte:
herri guztiek diote honi obedituko.
Mahastian lotzen du bere astotxoa,
mahatsondoan bere astakumea;
ardotan garbitzen du soinekoa,
mahats-zukuan soingainekoa.
Ardoak iluntzen ditu haren begiak,
esneak zuritzen haren hortzak!
Zabulon itsas hegian biziko da,
itsasontzientzat portu;
Sidoneraino hedatuko da.
Isakar-ek
ukuiluan etzanik dagoen
asto zamaria dirudi.
Atsedena gozoa
eta lurraldea ederra zela ikustean,
bizkarra makurtu du,
zamak eramateko;
esklabo-lanetara jarri da.
Dan- ek bere herria
du gobernatuko,
Israelgo beste leinuek bezala.
Dan, sugea bidean,
sugegorria bidezidorrean;
zaldiari orpotik heldu,
eta zalduna hankaz gora doa.
Jauna, zuk salbatu zain nauzu!
Gad, lapurrek lapurtua,
eta bera haien lapur.
Axer, oparoa haren janaria,
errege-jakien emaile.
Neftali, orein-eme aske eta arina,
ume ederren sortzaile.
Jose, ubide ondoan
landare emankor,
honen adarrak harresian gora.
Arkulariek haserrarazten dute,
aurka jaikitzen, eraso egiten.
Baina uztaia tente,
beso-eskuak lasaituak uzten dizkie
Jakoben Jainko indartsuak,
Israelen artzain eta harkaitz denak.
Lagun izango duzu
zeure aitaren Jainkoa;
Jainko Ahaltsuak
bedeinkatuko zaitu,
zeru goreneko bedeinkapenez,
itsas barreneko bedeinkapenez,
bular-sabelen bedeinkapenez.
Zure aitaren bedeinkazioak
antzinako mendienak baino hobeak,
betidaniko muinoen irrika.
Betoz Joseren buru gainera,
senide artean aukeratuagana.
Benjamin, otso odolzale,
harrapakina du irensten goizean,
hondarrak banatzen arratsean
Jakoben azken nahia
Horiek dira Israelgo hamabi leinuak eta horixe aitak bere semeei
esan ziena, nori bere bedeinkazioa ematean.
Gero, agindu hau eman zien Jakobek: Laster hil eta neure
arbasoekin elkartuko naiz. Ehortz nazazue neure gurasoen ondoan
Kanaan lurraldean, Efron hititaren soroko harpean. Harpe hau
Makpela soroan dago, Mambre parean. Abrahamek hilobitarako
erosia zion, soro eta guzti, Efron hititari. Han ehortzi zituzten
Abraham eta honen emazte Sara; han Isaak eta honen emazte
Rebeka ere. Eta hantxe ehortzi nuen Lea. Soroa eta bertako
harpearen jabetza hititengandik lortu zuten.
Jakob, bere semeei agindu hauek emanik, berriro etzan zen
ohean. Eta, azken arnasa emanez, bere arbasoekin elkartu zen.
Jakobengatik dolua
Josek bere burua aitaren gainera bota zuen eta negarrez
musukatu. Gero, bere zerbitzuko sendagileei aitaren gorpua
baltsamatzeko agindu zien. Hala egin zuten haiek. Berrogei egun
eman zituzten zeregin horretan, horrenbeste egun behar baitira
gantzuketarako.
Egiptoarrek dolu egin zuten hirurogeita hamar egunez.
Dolu-egunak amaitu zirenean, honela mintzatu zitzaien Jose
faraoiaren jauregikoei: Gogoko banauzue, esaiozue, arren, faraoiari:
Aitak zin eragin dit, bera hiltzean, Kanaan lurraldean duen hilobian
ehortziko dudala. Emadazu orain aita ehorztera joateko baimena;
itzuliko naiz gero.
Faraoiak erantzun zion: Zoaz eta ehortzi aita, zin egin diozun
bezala.
Jakoben hiletak
Jose bere aita ehorztera joan zen. Harekin batera joan ziren
faraoiaren funtzionario guztiak, jauregiko eta Egipto osoko handiki
guztiak; baita Joseren etxeko guztiak ere, senideak eta aitaren
familiakoak. Haurrak eta abereak besterik ez zuten utzi Goxen
eskualdean. Gurdi eta zaldunak ere bazihoazen. Berealdiko multzoa
osatzen zuten!
Jordanez beste aldera dagoen Goren-Atadera iristean, hileta
handi eta ospetsuak egin zituzten. Josek zazpi eguneko dolua egin
zion aitari.
Goren-Atadeko dolua ikustean, bertakoek, kanaandarrek, esaten
zuten: Egiptoarren dolu hau bai dela ospetsua! Horregatik,
Jordanez beste aldeko leku hari Abel-Mitzraim hau da,
Egiptoarren dolu eman zioten izena.
Jakoben semeek aitak agindu bezala egin zuten. Kanaanera
eraman eta Makpela soroko harpean ehortzi zuten, Abrahamek Efron
hititari, soroarekin batera, hilobitarako erosi zion harpean, Mambre
parean.
Aita ehortzi ondoren, Egiptora itzuli zen Jose, bere anaiekin eta
aita ehorztera joan ziren guztiekin.
Josek bere anaiak lasaitu
Aita hil ondoren, honela ziotsoten elkarri Joseren anaiek:
Beharbada, Josek begitan hartuko gaitu eta egin genion kaltearen
ordaina itzuliko digu.
Beraz, mandatu hau helarazi zioten: Gure aitak hil aurretik
agindu digu, zuri hau esateko: Barkatu, mesedez, zure senideen
hobena eta bekatua; kalte egin dizute, bai, baina orain barkatu
beraien hobena zure aitaren Jainkoaren zerbitzari hauei
Hau entzutean, negar egin zuen Josek.
Gero, anaiek, berarengana joan eta lurreraino ahuspezturik,
esan zioten:
Zure esklabo gaituzu.
Josek erantzun zien:
Ez izan beldur! Jainkoa ote naiz, bada, ni? Egin nahi izan
zenidaten kaltea Jainkoak on bihurtu du, jende asko salbatuz, gaur
egun gertatzen den bezala. Beraz, ez izan beldur! Neuk emango
dizuet jaten zeuei eta zeuen seme-alabei.
Honela lasaitu zituen Josek, hunkigarriro mintzatuz.
Joseren zahartzaroa eta heriotza
Josek eta bere aitaren familiakoek Egipton bizitzen jarraitu
zuten. Ehun eta hamar urte bizi izan zen Jose, eta Efraimen
semeen semeak ezagutzera iritsi zen. Manasesen seme Makirren
semeak ere bere semetzat hartu ahal izan zituen.
Azkenik, honela mintzatu zitzaien Jose bere senideei: Laster
hilko naiz ni; baina Jainkoak zuen alde esku hartuko du eta lurralde
honetatik eramango zaituzte, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez
hitzemandako lurraldera.
Era berean, zin eragin zien, esanez: Jainkoak zuen alde esku
hartuko duenean, eraman hemendik nire hezurrak.
Ehun eta hamar urte zituela hil zen Jose. Baltsamatu eta
hilkutxan ezarri zuten Egipton.
.